San Joan
suaren kedar usainean San Joan bezpera oso gau kuttuna da bazter askotan oraindik ere. Hala ere, horren adibide gutxi batzuk bakarrik ekarri ditugu lerro hauetara. Olazarragako Karmenekin eta Justina Urrestillarekin izandako solasaldiek, San Joan suaren ikuspegi tradizionala eta famili girokoa erakusten digute. Zestoako eta auzoetakoek, berriz, suaren alderdi herritarra. Artikulu honetan ezin izan diegu lekurik egin, baina aipamena behintzat merezi dute: makina bat baserritako suak, hemen aipatu ez ditugun auzoetakoak, Lizarraitz auzuneko festatxoa, bainuetxean sua pizti gabe baina konjuru eta guzti egindako ekitaldia‌ OLAZARKO KARMENI
BISITA
Berandu iritsi gara hitzordura. Olazarko (Olazarraga) Karmen Salegik ez dauka denbora alferrik galtzeko eta bi ziento tipula atera ditu, bazkaldu eta gu joan bitartean. Laurogeita zazpi urterekin, ez dauka sasoi makala. Etxe atarian egin dugu solasaldia. Hantxe, pixka bat beheraxeago, bidearen beste aldean, egiten dute urtero sua, San Joan bezperan eta horretaz jarduteko gerturatu gara beragana. Karmen: Urte batean-edo ez genuen surik egin baina ni ona etorri nintzela hirurogei urte badira eta harrezkero gurean betitik egin da, eta lehenago ere bai. Hemengo Inixioren aita zenak esan ohi zuen San Joan bezperako gaua baino gau politagorik ez zela izaten. Hark Agiron ardiak txabola batean jezten zituen iluntzean joanda, eta hurrengo goizean esneak hartuta
etortzen zen etxera. Esaten zuen gauean desiratzen egoten zela hura, San Joan gauean. Hasi Zumai aldetik eta dena ikusten omen zela Agiroko puntatik. Denean sua, ikusgarria izaten omen zen. Orain ere, hemen baserri askotan egiten da sua: Baion ikaragarria egiten dute, Legoiagan ere gehienean bai eta Baltzolaberrin ere urtero eta‌ SAN JOAN
BEZPERAN, SUA
Karmen: Nik ez dakit sinismena zein den, ohitura da. San Joan sua sutzen denean kantatu egiten da eta gero salto egin behar suari gainetik. Ohitura zaharra da. Gu txiki-txikiak ginenean ere Hiruerreketan [Karmenen jaiotetxea] beti egiten genuen San Joan sua. Danbolin: Kantu bat ere ba omen daukazue bat San Joan surako‌ [Eta bitan pentsatu gabe bota digute bertsoa]: