ELKARRIZKETA / ENTREVISTA
Lamuzako Guraso Elkarteak Zinema Ikusezinaren saria jaso zuen urrian Bilbon, euskaraz egindako filme onena izateagatik. Eurekin mintzatu gara, ez baita jaso duten aitorpen bakarra.
Nola sentitzen zarete saria jaso ostean? Oso pozik, jakina, beti baita ohorea saria jasotzea. Are gehiago aintzat hartuta nazioarteko lehiaketa dela Giza Eskubideen esparruan. Zeintzuk izan ziren helburuak filma egitean? Uste duzue bete dituzuela? Nork, nori nork adiskidetasuna, partekatzea, kulturartekotasuna eta integrazioa lantzen dituen film laburra da. Euskara batuaren deklinabideek, bere baturako gaitasuna baliatuta, islatzen dituzte integrazio prozesuaren fase ezberdinak. Filmarekin, guraso elkartearen helburua zen, antolatzen ditugun ekintza guztiekin bezala, gure eskolako errealitatearen berri ematea, jatorri anitzeko ikasleen benetako elkarbizitza, laburbilduz, kulturartekotasuna. Lamuza eskola koloretsua da. Espero zenuten saria jasotzea? Hasieran ez genuen imajinatu gerora gertatu dena. Izan ere, ez da jaso duen aitorpen bakarra. Lehenik eta behin Cadizeko Festival de Alcanceserako hautatu zuten eta, aldi berean, Laudioko Basalarrina elkarteak Urrezko Makila eman zigun, euskara sustatzeagatik udalerrian. Gero, aipamen berezia izan zuen Babel International Filmen, hizkuntza gutxituen lehiaketan, Sardinian. Orozkoko film laburren saria ere jaso genuen, eta uste dugu ez dugula ezer ahaztu. Horrelako aitorpenak jasotzeak hunkitzen gaitu, eskertzekoak dira. Noren lanari esker uste duzue eskuratu duzuela saria? Esti Urresola zuzendariari esker. Lamuza Guraso Elkarteak lortu zuen Arabako Foru Aldundiko dirulaguntza, eta azaldu genion gure helburua. Berak jakin izan zuen hori bikain islatzen film labur dokumentalaren bitartez, eta euskara da guztia batzen duena.
“Kulturartekotasunaren prozesua islatzen du Nork, nori nork pelikulak”