10 minute read

Felix Zubia, Elixabet Etxandi Oihane Perea, Estitxu Arozena, Oihana Iguaran, Joanes Illarregi, Enare Muniategi eta Arkaitz Estiballes

Next Article
LEHIAKETA (158

LEHIAKETA (158

Tatuajea

DOINUA: PELLOJOXEPE

Advertisement

Modan daudenez, une batean, Halaxe nuen pentsatu, Gorputz atal bat hautatu eta Zergatik ez tatuatu? Baina zer jarri, horra zalantza, Ezin burutik uxatu, Ez bainuke nahi modaren bila Pena ematen bukatu.

Tribal antzeko tatuajeak Ikusi ditut kalean, Marrak irudi bilakatuaz Gorputz atal zabalean. Utzi, ez baita asko komeni, Nire uste apalean, Geometria ariketa bat Norberaren azalean.

Arabiar hizkiz, txinatarrekin, A zer itxura polita, Seme-alaben izena jarri Besagainetik hasita, Ai, zer zalantza etorri zaidan Gaizki pentsatzen jarrita, “Inuxentea” idazten badit Eta ondo merezita.

Igual tigre bat egin nezake Nire sorbalda gainean, Izan nahi nukeen basapiztia Eramateko soinean, Ez zait gehiegi gustatu hori, Zergatik hasi lanean, Katakumea bakarrik banaiz Bizitzaren oihanean. Ipurgainean txori txiki bat Bere hegoak zabalik, Azal dadila pauso artean Sexy mugitzean soilik, Horretarako gorputzik ez dut Onar dezadan apalik, Ez da zahartu eta hobetu Litekeen gorputz atalik.

Aukera denak baztertu ditut, Denek dute zerbait txarra, Edo gorputza ez da onena, Daukat ajatu xamarra. Tatuajerik ez dut egingo, Daukat aitortu beharra, Txertoarena dugu jasoko Dudan orratza bakarra.

Deskonfi(N)atzea

Hitz joko basikoa, bai, baina egoeraren adierazle ona dela iruditzen zait, deskonfinamenduak dakarren lausotasunean. Neurriak egun batetik bestera aleariotoki aldatzen diren honetan, nahiz eta berez maiatzaren 19tik aurrera Ipar Euskal Herriko ekimen kulturalak berriz hasten ahalko diren protokoloak jarraituz, ez dakit zerk itxoiten gaituen hain aldakorra eta inestablea dirudien ortzimuga honetan. Berriro ere gurean izango ditugu gel hidroalkoliko eta maskarillek babesturiko bertso saioak, kontzertuak, zein bestelako kultur emanaldiak. Berriro ere, distantziaz beteriko publikoen aurrean edo publikoen parte aurkitu beharko gara, ezagutu gabe ongi bere muxu-zapiaren atzetik salaren fondoan agurtu gaituen hura. Ezer baino hobea dela esango didate batzuk, behintzat kulturak bizirik diharduela, eta ez diet ezekorik emango. Dena dela, ongi dakigu zergatik maiatzean deskonfinatzen gaituzten eta zergatik ez urtarrilean. Zergatik Xilaba eten behar izan dugun iazko larrazkenean eta zergatik orai berriro kantatzeko eskubidea oparitu diguten, txerto eta neurri arinen pack berean. Udaren jomugak kovidaren lasterraldia baldintzatu balu bezela, orai bapatean dena “normalera” bueltatu behar litzateke.

Hala ere, ongi dakigu normaltasun hori zeinentzako diseinatua izan den. Turismoak eta merkatua sustatu beharrak ematen diote erritmoa udari Euskal Herrian, eta ari naiz gu ere ez ari garen guretzat zizelkatu zuten kaiolan erortzen. Dagoeneko hasiak dira herriko etxeak zein kultur elkarteak bertsolarien, dantzarien, zein musikaren bila, herriko plazen alaitzeko udan, “animatzeko”. Jakin nahiko nuke zergatik bertsolari, dantzari eta musikari berdinen beharrik ez den negu betean, edo orohar, turismorik ez den sasoietan, “gureak” diren sasoi hoietan. Noski poztu behar garela ekimen kulturalen bermatzeaz, baina konfinamenduan baino kultura itxiago bat izan daiteke deskonfinamenduak guretzako nahi duen hori. Deskonfiatzea eta deskonfinatzea Lapurdi kostako hiri zentro bateko plazan, artista batean aurrealdean lurrean emandako txapel batean botatako txanponaren ber aldeak ez ote diren pentsatzen ari naiz.

Palestinaz, nadineren begietatik

DOINUA: REDEMPTIONSONG

10 urteko neska bat naiz Eta ez nabil olgetan 4 belaunaldi daude nire Zapi txuri beltz honetan Gerra aztarnak nonahi daude Gure herriko paretetan Hiltzeko zorian egon naiz Ez nago seguru bertan Sua bakarrik ikusten dut Ez naiz ari ametsetan Argi izpi bakarra hori da Nire bi begi beltzetan.

Apurtu zuten gure etxea Suntsitu zuten eskola Hospitalea bota zuten Sionistei bost axola Nun ote dago nire ama? Uste dut hilda dagola Hauts artetik neba irten da Ez dut oso argi nola Masailetan malko gazia Burutik behera odola Bazoazte baino gaurkoa Ez dut ahaztuko inola.

Alak ahaztu egin al gaitu? Zerua dago iluna Judutarren beste jainkoa Ez da izango erruduna Behin lurra kendu zigutela Txikitan daukat entzuna Duhintasuna izan zen gero Eta orain osasuna Iritsiko al da V forman Egizko askatasuna Gure lurraren jabe berriz Izango garen eguna?

Ez du merezi ibiltzeak Besteen atean joka Ez du inork ezer egin nahi Ez zaio inori inporta Anai arrebak heldu dira Bonba artean saltoka Itxaropenik gabe ia Baino odola borborka Odolik dugun bitartean Harriak tankera bota Ez dadila alperrik izan Gure gurasoen borroka.

Egokitzapenak

Begirale ikastaroa egiten ari nintzelarik, orain dela urte batzuk jada, taldeak egiteko orduan animalien izenak erabiltzen zituzten. Talde bakoitzari animali baten izena emanez. Ordutik bertsolarien izenak, garai, adin, sexu, herrialde desberdinetakoak, erabili izan ditut bertso eskolan taldeak egin behar zirelarik. Egokitzapenetan gogoratzen dudan lehen adibidea da

Agian zaharragoa da Bertso bingoa. Zenbakien ordez, 4 bertsolarien izena, herria, jaiotze urtea eta kantatutako puntu ezagun bana dituen txarteltxoa du kide bakoitzak. Azken bertsioan 36 bertsolariren datuak ditu Bertso bingoak. Gidariak, izen bat, herri bat, urte bat edo punttu bat kantatuko du eta ikasleek ateratakoa baldin badute markatxo bat eginen duten laukitxoan. Agian ulertzeko hobe ikasle bakoitzak duen papertxoa jartzea izanen da: Adibide hurbilagoetara etorrita. Konfinamenduan, online klaseak ematera egokitu behar izan genuenean, ETBk ere Lehen Hezkuntzako ikasleentzat saio batzuk eskainin zituen. Bertan adibidez ikusi nuen nola letra zehatz batez hasitako objetuak eskuratu behar zituzten etxetik begira zeuden haurrek. Egokitzapena, kasu honetan lehen letra izan ordez, errimarekin jolastea litzateke. Bideodeietan elkartu, Adibidez ELAz bukatutako objetuak eskatu eta han datoz ikasleak etxetik zehar lortutako objetuekin: pintzela, pastela, erregela, txapela, hidrogela, tela… bertze bukaera batzuk proposatu eta ondotik, ekarritako objetuak errima gisa erabili eta bertso bat bota, banaka edo punttuka, mailaren arabera. Aintzineko 3 adibideekin zera da adierazi nahi dudana: gure irakasle-ikerlari paper honetan, edozein disziplina, jolas eta materiale bertso eskolara egokitzen jakin behar dugu. Gure saioak atseginagoak egiteko baliabideak eskura ez badauzkagu, ingurura begiratu eta egokitu egin behar ditugu. Egokitzapenek, pozak emango dizkigute, ziur.

Dudan

Ez dakit sekula duda gabeko iritzirik izan dudan, edo dudarik gabe adierazteko gaitasunik izan dudan. Dudan uste bakoitza dudan jartzea izan da agian, bertsolaritzak eragin didan onura handietako bat; ikuspegi desberdinetatik begiratzera behartu gaituelako, rol bakoitzaren neurrira. Oso gaztetatik barneratu genuen bertso eskolan, arrazoia desberdin banatzen zela, noren azalean jarri. Ordea, garai berean ikasi genituen buruz zutik geratzen ziren hainbat bertso bukaera, arrazoi absolutuen kutsua zutenak. Eta noski, ikasi ere ikasi genuen imitatzen. Arrazoi potologintzadeituko luke Labakak, atzetik “eta kito” esatea soilik falta baitzuten askotan. Hari beretik ikasi genuen paparra hazita eta kokotsa goian jarrita, ahalik ahots grabeenez kantatzen. Doinuak ere, horrexen baitan hautatzen genituen: izan zitezela maiorrekoak, eta ahal zela amaiera epiko errepikadunarekin

(errepikapenak esan zezala “hau horrela da”).

Oker egotean arrazoi dugun adinean hasi ginen bestelakoak entzuten miresten genituen bertsolarien ahotan: eta batbatean, buruz genekizkien galdera ikur batez amaitzen ziren bertsoak, epikotasun kutsurik gabeko doinu minorrak… Gure ahotsa bilatzeko aukera izan dugunean, bigarren joera horren garaia izan arren, duda absolututasunez kantatzen dugula ohartu gara. Desikasi beharrekoen zerrendan ere eraiki ditugula sententziak, alegia. Sortu ditugula zalantzatik jaiotako totem berriak, totemen aurka. Eta bat-batean, buruz ikasitako panfleto bilakatu zaizkigu hausnarketarako bide zirenak (inguru askotan premiazko direnak, noski). Baina kasu errealek gurutzatu izan gaituztenetan, ohartu gara ustezko dudak erraldoiak direla, eta ezin ditugula ikasitako hitzekin adierazi.

Ez dakit garai likido izendatu dutenagatik den, bertsolaritza multipolartzat jo zutenagatik, edo entzuleria ezpaldua deritzonagatik. Agian gazte kategoriak abandonatzen ari nauelako da. Baina batzuetan erantzunei galdetzea soilik geratzen zait. Eta ez daukagu, egiaz eta biluztasunez duda hori jendaurrean landu beste aukerarik. Duda garatu, eta zalantza zilegitu mikrofonoan. Duda dut bide interesgarriagoa aurkitzen ez ote dudan, dudan.

(Beste) injustizia bati jarriak

DOINUA: MUTILKOXKORBATITSU AURREKO

Gela barrutik sarri egon naiz ikusmiran, zelatari nire begiak irudiari, belarriak zaratari mendietatik herrira zatoz tanta lotuaz tantari leiho ertzetik nire kontura hasi natzaizu kantari etxe atzetik pasatzen zaren Erasote errekari.

Ez Bidasoak, Ez Urumeak ez dizu egiten itzalik gure herrian zugandik edan ohi du zenbait animalik inork sekula eskatzen badit loarazle naturalik zure izena esaten diot baduzu lasai-ahalik nik zuregatik uzten dut beti leihoa erdi-zabalik.

Nola ez egin solas ederrak atzeko errekatxoaz? Jende guztia soilik zugatik kezkatzen bada auzoaz zuri begira konturatu naiz metafora delakoaz goiko aldetik behekaldera harri ta baztarrak joaz geldirik nago zuri begira zu beti aurrera zoaz! Uda garaian joaten ginen hamabi urteko jiran bainu bat hartu ta arrantzara kordelekin tira-biran gaitasun asko ez izan arren harrapatzeko desiran amuarrainak harripetatik agertzen ziren segidan baina amua bota orduko ezkutatzen zenizkidan!

Neguan zatoz indarrez ta hotz, bare eta epel udan amuarrainak ohitu dituzu berotan eta frexkuran behi ta ardiek edaten dute zure ura larre-mugan bizitza honen ispilu zara gorpuztu dena naturan batzuk zugatik bizi baitira eta beste batzuk zugan.

Zure bidean daramazuna: ura bultzadaz bultzada eta (h)ura da gure mundua estaltzen duen izara gizakiongan maiz erabiltzen da motelgarri gisara zure kasuan alderantziz da, kasualitate hutsa da zenbat eta ur gehiago hartu harrotu egiten zara. Baina ni ere ez naiz perfektu ta ez naiz beti formala burua galduz egin izan dut zugan pekatu mortala lau trago egin ta gaiztotzea nahiz izan gauza normala behin baino gehio egin dut eta aitortu nahi dizut hala: parrandatikan etxera bueltan pixa egin dizudala.

Deitu lasai

DOINUA: ZAZPIAKOHIALBATETIK

Komunikatzaileak omen gara, elkar behar omen dugu, bestea behar dugu, kontuak kontatu eta entzuteko, kantatu eta txalo jotzeko, puntua jarri eta erantzuteko, idatzi eta irakurtzeko, eman eta jasotzeko, batak bestea eta besteak bata.

Besteak batari eta batak besteari, askotan esaten dio, deitu lasai, behar duzunean deitu eta listo, edozer dela ere deitu lasai! Baina, azken urteetan, mezuak hain errez bidaltzen direnetik, aldatu egin da gure komunikatzeko modua. Mezuak, idatziz zein ahozko gra-

baketen bidez, emotikonokoak, gif-ak, argazkiak. Aurrekoan ume batek galdetu zidan telefono fijo bat eskuetan zuela, “zer egin behar dut lehenengo altxatu eta gero markatu?” eta noski, zelan jakingo du, etxeko telefonoa komuneko tiraderan, eskaileratan, sofa artean jausita topatu dezakeen umeak? Pentsa portaleko telefonilloa kamara bat da eta tekladun mugikorrik ere ez du ezagutu. Orokorrean gutxiago deitzen dugu elkar, beti mugikorrera itsatsita, baina hitz egiten, noiz? Lagunekin geratzen garenean, orain berandu iristea debalde da, ez bagoaz sasioz mezu bat bialdu eta listo. Bertso saio baterako bertsolariak lotzeko? Mezutxo bat eta ttak!

Eta zer diozue ahozko grabaketa horiei buruz? Hogei segundukoa izan daiteke, ezer ez esateko izan daiteke, edo izan daiteke bost minutukoa. Bost minutu? Bost minutuko audio bat bialtzeko denbora bai baina deitzeko eta ganorazko elkarrizketa bat izateko ez?

Demagun, plazako saio baten ari garela, ofizioa zortziko txikian eginda errez erantzun daiteke, elkarrizketarako aproposa da neurria. Ostera, pentsa habaneratan egingo bagenu ofizioa, erantzuten dugunerako aurrekoak esandakoa ahaztuta izango genuke jada. Beraz, zer edo zer kontatzeko zortzi puntu edo bost minutu behar izatekotan, deitu lasai.

Villanoak eta basurdeak

DOINUA: IKUSTENDUZUGOIZEAN

Etxetik hurbil, Villano txakurrak hazten dituen auzokide bat dugu. Enkarterrietako txakurra da Villanoa, hango abeltzainek behiak gobernatzeko erabiliak, txakur ausartak eta arinak. Gure auzokide horrek mimo handiz zaintzen ditu eta inori txakurkume bat saldu edo oparitu aurretik bere neurrira egindako azterketa pasa beharra dago. Villano txakurren elkartea ere badute, galzorian zen euskal arraza hau zaindu, bultzatu eta aztertzeko. Duela sei bat urte hurreratu nintzen lehen aldiz auzokidearen etxera, bi alabak eskutik oratuta, bi hilabete lehenago jaiotako txakurkumeak ikustera. Umeekin txakurkumeak ikustera joatea ez da ideia ona inoiz, Saloura oporretara joan eta Port Aventura parean izatea bezalakoa da, tentaldia aurrean jarri, ez garela joango esan, negarrak, negoziazioa, bengabuenoba pare bat eta bi eguneko sarrera erosten bukatu. Sei txakurkume zeuden, zein baino zein politagoak, eta alabek laster aukeratu zuten bat etxerako. Auzokideak sei txakurretatik lau salduta zeuzkan, batekin gelditzeko gogoa adierazi zidan eta seigarrena Arkautera oparitzeko asmoa. Azken asmo horrek alaben erreguek baino gehiago ahuldu zuten etxera txakurrik ez eramateko neukan konbikzioa. “Jarriozu soka bat, etxera daramagu” esan nion alaben pozerako. Geroztik, gure etxean bizi da “Txula”. Txakur azkar eta fidelak dira Villanoak, etxekoeekin maitagarriak, kanpokoekin zorrotz eta zaintzaileak. Postontzia lekuz aldatu behar izan nuen hilabeteetara, ulertzaile onari azalpen gutxi. Guk etxea zaintzeko lana eman diogu txakurrari, baina badago ehizarako erabiltzen duenik ere. Villano txakurrek taldean egiten dute lan, talde lanean gobernatzen zituzten Enkarterrietako behi erdi basatiak, montxinoak. Abeltzantza gutxitu ahala, basurdeen ehizarako ere erabili izan dira taldean lan egiteko duten gaitasun horregatik. Gure eskualdean horrela ehizatzen duten pare bat lagun ezagutzen ditut. Bost txakur askatzen dituzte basurdearen atzetik, horietako hiruk lepo ondotik helduko diote basurdeari eta ostetik bik. Behin basurdeari ondo oratu diotenean, ehiztariak basurdeari gainera salto egiten dio aiztoarekin azken errematea emateko. Unea iritsi aurretik, basurdeak bizi irauteko ahaleginak egiten ditu, tarteka txakurren bat zauritzen du, baina gutxitan lortzen du ihes egitea. Basurde horren antzera ikusten dut aspaldian euskal kultura ere, bertsolaritza barne, bizi irauten, eusten, ihesi. Pandemiak gogor eraso dio, ez da dudarik, baina esango nuke lehenagotik datorren gaitza dela. Euskal kulturaren prestigioaz ari naiz, ematen zaion tratuaz, bertoko zenbait hedabidetan duen oihartzunaz, beti eskean ibili beharraz, plangintza faltaz edo kultur teknikariak euria ari duelako bertso saioko aulkiak kentzeaz. Villano txakurrak ere euskaldunak direla esango didazue eta desagertzear zeudela, bai, baina basurdeak ere merezi du aukera bat libre bizitzeko. Libertatea bizikletaren gainean aurkitzen dute askok, hurrengo hilabetean horretaz hitz egingo dizuet, bizikletaren kateari buruz. Bitartean, segi kantari: “Libre nahi dut bihotzez, libre loturetik, basurdearen gisa, hortzak estuturik… ez, ez dut nahi…”

This article is from: