1 minute read
LEITZA.Joanes Illarregi
from Bertsolari 122
by elkarmedia
6.GL / KIROLDEGIA
HERRIGUNETIK ATERA ETA ESKOLAKO PATIOTIK IGAROZ, PARKEA PASATU ETA KIROLDEGIRA HELTZEN GARA.
Advertisement
Hauxe da gure azken geltokia. Atetik sartu eta lur urdineko futbol eta saskibaloi kantxa bat aurki ditzakegu. Baina lona batekin lur urdina estaltzen denean, izaera aldatzen zaio kiroldegiko pistari. Amurizaren liburua zentzu literalenean ulertuta, Hitzaren kirol nazionala praktikatzen da kiroldegi honetan; txapelketa formatuan oro har. Hala ere, jaialdiak ere egin izan dira, herriko bertso eskolak antolatutakoak adibidez (pasa den abenduan izan zen azkena, festetan egin ez zen saioaren ordainetan antolatutakoa), edo 2009ko Txapelketaren ondoren AEK-k antolatu zuen 8 finalisten saioa.
2009ko eta 2017ko Txapelketa Nagusietan, final laurdenetako saioak jokatu izan dira bertan, 1.000 entzule ingururen aurrean. 2009koan Ainhoa Agirreazaldegi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Iñigo Olaetxea eta Xabier Sukia aritu ziren kantuan. 2017ko hartan, aldiz, Julio Soto, Oihana Iguaran, Oihana Bartra, Unai Agirre, Agin Laburu eta Iñaki Apalategi. Bi saioak izan ziren bere garaian garrantzitsuak, eta 2017koa bereziki maila altuko eta ale eder asko utzi zituen saioa izan zen.
2009ko egun hartako saioa gogoan, bakarkako lan bat dago hemen transkribatuta. “Diru asko eskaini dizute, baina ez zaude prest”. Horixe izan zen egun hartan Ainhoa Agirreazaldegiri jarri zioten gaia kartzelako lanerako, eta hiru aleok utzi zituen kiroldegi bete batentzat.•