Bertsolari 122

Page 172

ZORTZIKO HANDIA

Tatuajea

DOINUA: PELLO JOXEPE

Modan daudenez, une batean, Halaxe nuen pentsatu, Gorputz atal bat hautatu eta Zergatik ez tatuatu? Baina zer jarri, horra zalantza, Ezin burutik uxatu, Ez bainuke nahi modaren bila Pena ematen bukatu.

Ipurgainean txori txiki bat Bere hegoak zabalik, Azal dadila pauso artean Sexy mugitzean soilik, Horretarako gorputzik ez dut Onar dezadan apalik, Ez da zahartu eta hobetu Litekeen gorputz atalik. Aukera denak baztertu ditut, Denek dute zerbait txarra, Edo gorputza ez da onena, Daukat ajatu xamarra. Tatuajerik ez dut egingo, Daukat aitortu beharra, Txertoarena dugu jasoko Dudan orratza bakarra. •

Deskonfi(N)atzea

Tribal antzeko tatuajeak Ikusi ditut kalean, Marrak irudi bilakatuaz Gorputz atal zabalean. Utzi, ez baita asko komeni, Nire uste apalean, Geometria ariketa bat Norberaren azalean. Arabiar hizkiz, txinatarrekin, A zer itxura polita, Seme-alaben izena jarri Besagainetik hasita, Ai, zer zalantza etorri zaidan Gaizki pentsatzen jarrita, “Inuxentea” idazten badit Eta ondo merezita. Igual tigre bat egin nezake Nire sorbalda gainean, Izan nahi nukeen basapiztia Eramateko soinean, Ez zait gehiegi gustatu hori, Zergatik hasi lanean, Katakumea bakarrik banaiz Bizitzaren oihanean.

Hitz joko basikoa, bai, baina egoeraren adierazle ona dela iruditzen zait, deskonfinamenduak dakarren lausotasunean. Neurriak egun batetik bestera aleariotoki aldatzen diren honetan, nahiz eta berez maiatzaren 19tik aurrera Ipar Euskal Herriko ekimen kulturalak berriz hasten ahalko diren protokoloak

170

jarraituz, ez dakit zerk itxoiten gaituen hain aldakorra eta inestablea dirudien ortzimuga honetan. Berriro ere gurean izango ditugu gel hidroalkoliko eta maskarillek babesturiko bertso saioak, kontzertuak, zein bestelako kultur emanaldiak. Berriro ere, distantziaz beteriko publikoen aurrean edo publikoen parte aurkitu beharko gara, ezagutu gabe ongi bere muxu-zapiaren atzetik salaren fondoan agurtu gaituen hura. Ezer baino hobea dela esango didate batzuk, behintzat kulturak bizirik diharduela, eta ez diet ezekorik emango. Dena dela, ongi dakigu zergatik maiatzean deskonfinatzen gaituzten eta zergatik ez urtarrilean. Zergatik Xilaba eten behar izan dugun iazko larrazkenean eta zergatik orai berriro kantatzeko eskubidea oparitu diguten, txerto eta neurri arinen pack berean. Udaren jomugak kovidaren lasterraldia baldintzatu balu bezela, orai bapatean dena “normalera” bueltatu behar litzateke. Hala ere, ongi dakigu normaltasun hori zeinentzako diseinatua izan den. Turismoak eta merkatua sustatu beharrak ematen diote erritmoa udari Euskal Herrian, eta ari naiz gu ere ez ari garen guretzat zizelkatu zuten kaiolan erortzen. Dagoeneko hasiak dira herriko etxeak zein kultur elkarteak bertsolarien, dantzarien, zein musikaren bila, herriko plazen alaitzeko udan, “animatzeko”. Jakin nahiko nuke zergatik bertsolari, dantzari eta musikari berdinen beharrik ez den negu betean, edo orohar, turismorik ez den sasoietan, “gureak” diren sasoi hoietan.

Noski poztu behar garela ekimen kulturalen bermatzeaz, baina konfinamenduan baino kultura itxiago bat izan daiteke deskonfinamenduak guretzako nahi duen hori. Deskonfiatzea eta deskonfinatzea Lapurdi kostako hiri zentro bateko plazan, artista batean aurrealdean lurrean emandako txapel batean botatako txanponaren ber aldeak ez ote diren pentsatzen ari naiz. •

Palestinaz, nadineren begietatik

DOINUA: REDEMPTION SONG

10 urteko neska bat naiz Eta ez nabil olgetan 4 belaunaldi daude nire Zapi txuri beltz honetan Gerra aztarnak nonahi daude Gure herriko paretetan Hiltzeko zorian egon naiz Ez nago seguru bertan Sua bakarrik ikusten dut Ez naiz ari ametsetan Argi izpi bakarra hori da Nire bi begi beltzetan. Apurtu zuten gure etxea Suntsitu zuten eskola Hospitalea bota zuten Sionistei bost axola Nun ote dago nire ama? Uste dut hilda dagola Hauts artetik neba irten da Ez dut oso argi nola Masailetan malko gazia Burutik behera odola Bazoazte baino gaurkoa Ez dut ahaztuko inola.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.