Istorio laburrak ariketa i go ¦i

Page 1

ISTORIO LABURRAK


Copyright eskubiderik ez


AURKIBIDEA Isaac Rosa: AZKEN DEIA Arthur C. Clark: IZARRA Roald Dahl: SORRERA ETA HONDAMENDIA


AZKEN DEIA Isaac Rosa

Ordu horretan, egunsentia apenas urratu berria denean, M-40a geldi-geldi dago jadanik. Esperientzia berri bat, pentsatu du: auto-ilarak. Motorzalerik gabe bidea zabaltzeko edo guardiarik gabe trafikoa mozteko, autoak emeki-emeki egiten du bat ilararekin. Gelditzen den bakoitzean, beste ibilgailu batekin geratzen da parekatuta, eta kristal tindatuen atzetik inoiz ikusi ez dituen begitarteak ikusten ditu: bera han dagoela oharkabe, sudurrean hazka egiten, aho zabalka edo makillajea jartzen, ikusminik edo mirespenik agertu gabe, ezta mespretxurik ere metro erdi batetik behatzen dituen harekiko, haiekin begirada trukatzen duen harekiko, burua biratzen dutenean kristal ilunduak eta atzean eta aurrean eskolta moduan beste bi auto beltz edukitzeagatik atentzioa ematen duen autora begiratzeko. –Irratia kentzen ahal dut traba egiten badizu –proposatu du gidariak, begiak atzerako ispiluan dituela. Ez du bolumenarengatik esan, apala baita, baizik eta irratian hartaz hasi direlako hitz egiten. Arreta hain galduta dauka aldameneko autoan mingaina leihatilako kristalaren kontra ateratzen duen umearekin non ez baita ohartu irratiko esatariak bere izena aipatu duela. Keinu bat egin dio eskuaz txoferrari; utz ezak bere horretan, berdin dik, eta kanpo aldera bueltatu da. Haratago, hiria iluntasunetik ari da ateratzen; zeruak oraindik kobaltoaren urdina dauka, baina dagoeneko koloregabetzen hasia da ekialdean. Zerbait sentitu beharko luke, nostalgia akaso, alde egiten duen batengandik espero daitekeena; atzerako ispiluko begirada errukiorrak adierazten du txoferrak ere hala uste duela; baina ez, ez da hala: hori ez da bere hiria; faltan botatzeko, beharrezkoa litzateke bertakoak bizi bezala bizi izana, eta horrek ez du zerikusirik puntu batetik bestera joatearekin segizioak lagunduta eta kaleak moztuta, espaloi eskobatu berrien gainetik pasatzearekin bidelagun losintxariak ondoan edukita eta ezezagunei eskua errezeloz ematearekin. Plaza bat inauguratzea ez da plaza batean bizitzea eta bera horrelaxe erlazionatu da orain autotik adio esaten dion hiri horrekin. Lau dorreak, adibidez, orain lehendabiziko eguzkiaren distira itzultzen dioten horiek: ez du oso ongi gogoratzen haietako zein inauguratu zuen. Ez, horrela ezin da hiri bat faltan bota, pentsatu du begiak atzerako ispiluan finkatzen dituelarik, gidariari begirada jaistera behartuz. Bart, bai, afariaren ondoren ("Azken afaria", esan zion begi-keinu batekin idazkariari, zeinek


irribarre egin baitzuen, beti bezala), etxeko langileak bildu zituen zer edo zer esateko. Muzin egin zion idazkariari horrek hitz batzuk idaztea eskaini zionean, inprobisatzea hobetsi zuen, baina hasi bezain agudo ohartu zen ez zuela gauza askorik esateko. Nekaturik zegoen, kostata mantentzen zen zutik eta azken bi asteetan tarteka-marteka hartzen zuen loak; hartaz, esker oneko hitz bakan batzuk zezelkatu zituen; bertaratutako guztien izenak aipatu nahi izan zituen, baina ez zen denekin gogoratu eta, doinu lagunkoia eman nahi bazion ere, handikeriaz bukatu zuen. Malkoak ikusi zituen emakume pare baten begietan eta bere buruari galdetu zion ea benetakoak ote ziren. Besteengan hotza nabaritu zuen, berria zabaldu zenez geroztik etxea biltzen zuen hotz bera. Hiru autoek ingurabidea utzi eta aireportuko autopista hartu dute. Berak hegazkin bat ikusi du haien gainetik aireratzen, eta imajinatu du haren barruan dagoela, leihatilatik hirira begira, behean gelditzen den herrialdera begira, baina pentsamendu horrek ere ez du hunkitu: sobera sentimentala da bere gusturako. Horren ordez, pentsatu du nolako tortura izanen den hegazkineko eserlekuan horrenbeste ordu pasatzea, kontuan izanik munduan ez dagoela behar adina analgesiko bere bizkarrerako. T-4a inguratu dute, noraezean bezala dabiltza eraikitzen ari diren nabeen eta lur zuriko piloen artean, lehendabiziko autoa Estatuko Pabilioiko kontrol hesiaren aurrean gelditu den arte, eta beste biak haren atzetik gelditu dira. Ikusi du haizetakoaz bestaldean guardia etxolatik atera dela eta lehen ibilgailuko leihatilan makurtu dela. Zenbait segundotan solasean egon ondoan, agentea urrundu da eta bere walki-talkiarekin hitz egin du. Bueltan, zerbait bota du, autoko atea irekiarazi eta idazkaria jaitsarazi duena; horrek eskuaz keinu bat egin dio berarenganantz, autoko kristal tindatuetarantz: esku ahurra erakutsi du, itxoiteko eskatzeko, bai eta bi eskuak elkarturik ere, desenkusatzeko jarreran. Idazkaria guardiaren atzetik atera da, eraikinaren barrenean desagertu arte. Minutuek aurrera egiten dute; gutxi dira erlojuaren arabera eta asko, berriz, bere bizkarraren arabera. Idazkaria itzuli egin da azkenean, telefonoa belarrian. Zenbait urrats eman ditu astiro, elkarrizketa bukatzeko, eta leihatilan jo du hatz-koskorrekin. –Badago arazoren bat, jauna. Ez dute hegazkin ofizialik aurreikusi. Ministroarekin hitz egin dut eta esan dit atzo erraza zena gaur zailagoa dela. Haren menpean egonen balitz, hark egin eginen luke, baina orain ez omen dago haren esku. –Orduan? Itzuliko gara? –galdetu du berak, xuxurla batean. –Ez, ez, ezinezkoa da. Ministroak azpimarratu du gaur goizean atera behar duzula, egunean zehar telefonoko elkarrizketa batzuk zabalduko direla eta dena zailagoa izanen dela; ezin omen du haiek plazaratzea gehiagotan geldiarazi –pausa bat egin du, aho-ertzak bi hatzez xukatu ditu eta erantsi du: "Leku bat hartu dut bi orduan Zurichera joanen den hegazkinean." –Hegazkin bat? Nolako hegazkina? –galdetu du berak autoaren barrenetik, eserleku etzangarriak burura etortzen zaizkiola. –Hegazkin... komertzial bat. Konfiantzazko pertsona batzuei ari natzaie deika, hegazkin pribatu bat utz diezaguten, baina ez dakit eguerdia baino lehenago lortuko dugunik. Badaezpada ere, saiatu beharko zenuke hegazkin hori hartzen. –Ez diat garbi ikusten. Nahiago diat itzuli eta itxaron. Oraindik baditiagu lagunak, nik neuk hitz eginen diat haiekin. Idazkariak berriro xukatu ditu aho-ertzak; tik bat. Telefonoa begiratu du, jo ez badu ere; beste tik bat. Pixka bat areago makurtu da, ahapeka hitz egiteko; gidariari begiratu dio begi ertzetik; horrek ulertu egin du, eta manpara igo. –Entzun, zure maiestateak. Ministroa serio-serio ari zitzaidan. Gauzak asko okerragotuko dira. Egoerak edozein unetan lehertzen ahal du. Zenbait kazetarik, epailek eta politikarik ez dute erantzukizunez jokatu nahi. Eta beste manifestazio bat deitu dute, eta atzokoak baino okerrago buka dezake. Uste dut Zuricheko hegazkin hori zure hegazkina dela. Goazen hara eta bidean hegazkin pribatuaren kontua konpontzen badugu, aldatuko dugu. Baina ez zenuke gehiago itxaron beharko,


beranduegi izan ez dadin. Atea bultzatu du jaisteko; ezin du gehiagorik aguantatu bizkarra tolestuta edukita. Makulurik gabe, kapotaren gainean bermatu da; begiak zimurtu ditu alanbre-hesiaren atzetik pista jadanik berotzen duen eguzkiaren aurrean. "Emaidak telefonoa," esan dio idazkariari. Pantailari begiratu dio, eta, teklaturik ezean, laztandu egin du. Telefonoak beti eman dizkiote solaskidea dagoeneko beste aldean zegoela. Agenda zabaldu du; izenak alfabetoaren arabera agertzen dira. Horiek ikusi ahala, dei amaigabeak imajinatu ditu, inork hartzen ez dituenak, edo une horretan telefonoan jarri ezin izateagatik deiaren hartzaileak desenkusatzen dituzten idazkariak, bai eta tipo urduriak ere, aitzakiak inprobisatzen dituztenak, azken bi asteetan, berri handia zabaldu zenetik, entzun dituen modukoak. Segundo batzuetan izen pare batekin gelditu da: bere emaztea, bere semea. Momentu horretan, telefonoa dardarka hasi da bere eskuan, eta idazkariari begiratu gabe deia hartzeko ikonoa sakatu eta belarrira hurbildu du. Ministroaren ahotsa, arrapaladan, ezagutu du: "Aizak, ni nauk berriz ere. Ez diagu astirik. Esaiok hegazkin horretan alde egiteko, birritan pentsatu gabe, eguna bero-bero etorriko duk eta. Ez zioagu eragotziko herrialdetik ateratzea, baina oraintxe bertan izan behar dik. Eguerdia pasa ondoren ezin diat deus bermatu. " Terminalean sartzean uko egin dio idazkariak luzatu dizkion eguzki-betaurrekoak eta kapela jartzeari: a zer zentzugabekeria, horrela ezagutuko ez balute bezala! Autoan itxaron du, posizio fetalean, ornoetako presioa arintzeko; bitartean, idazkariak ekipajea fakturatu du, eta hegazkineratzeko txartela eskuratu. Begiak itxita, orain bere burua ikusten du plano zenital batetik: atzeko eserlekuan uzkurturik, bigarren ilara batean, musu luze batekin elkarri agur esaten dioten bikoteen autoen artean; kamara pixka bat gehiago igota, aireportuko inguruneak ikusten ditu, hiriko kanpoalde zaindugabea, eta, pixka bat gehiago igota, erdialdeko kaleak ere bai, milaka herritar jauregira doazelarik, poliziak galarazi gabe; are gorago, zeruan jada, herrialde osoa behatzen du, inurritegi urduri baten antzera, bertan milioika lagun behin eta berriro berri handia errepikatzen duten telebistaren aurrean eserita daudela. Segurtasun kontrolean, lehendabiziko arazoa. Guardiek, beren nagusiei galdetu gabe, utzi diote eskanerraren ilara egin gabe albo batetik pasatzen, eta ez daki hondarreko obedientzia edo errukia den. Baina idazkariari bai eragotzi diote pasatzea, ez baitu hegazkineratzeko txartela. Hainbat minututan tirabiran aritu dira hitzez, eta telefonoz deika eta metalezko ahotsak aditu dira guardia baten emisoran. Bera so dago eta, bitartean, pasaiariek, oinutsik eta gerrikoa eskuan dutela kontrola pasatzeko, hatzez seinalatzen dute, argazkiak egiten dizkiote mobilekin; ikusmin zalapartatsu hori sortu dute, pasaiari gehiago dozenaka ekartzen duena, eta horiek gero eta ozenago hitz egiten dute, eta txistuka eta uhuka hasten dira, guardiak urduriaraziz. –Beste txartel baten bila joanen naiz eta lehenago bukatuko dugu, jauna. Ez dut onartuko zuk bakarrik pasatu behar izatea –iragarri du idazkariak, tikek jota. Berak esku bat altxatu du, halako eran non hotsandikoa irudiko bailioke haren nekea, haren bizkarrezurreko eztena, haren harridura eta haren amorrua ezagutuko ez lituzkeen bati; eta ohi baino doinu nasalagoan iragarri du: “Ez dik merezi. Utz ezak, nire kasa jarraituko diat�, eta eskua luzatzen dion bitartean, bestearen begi distiratsuak ikusita, damu da hain hitz arruntak ahoskatu izanaz esaldi historiko bat, tronua galdu duten erregeek karrozatik, tren nasatik edo itsasontziko barandatik adierazten duten horietakoa, espero zuenaren aurrean. Arraposturako astirik eman gabe, txartela gorde du, hegazkin-laguntzaile batek eskaini dion gurpil aulkiari muzin egin dio eta makuluak zoladuran iltzatu ditu, urrats irmo nahi batzuk emateko, baina ezin izan dute ezkutatu zabuka ari dela. Eta orain zer? Nora? Hegazkineratzeko ateak iragartzen dituen monitoreari begiratu dio, letra eta zenbaki zopa horretan bista enfokatu ezinean, nabaritzen duelarik atzean kuxkuxeroak metatzen ari direla eta murmurioa gorantz doala; ahots ozenagoren batek iraindu egiten du eta zimurtutako paper batek sorbaldan jo du. Erabaki du albo baterantz joatea, helburu bakarra izanik handik urruntzea, maletatxo gurpildunak arrastaka eramanez jarraitzen dion talde gero eta handiago horretatik. Prentsako saltokiaren ondoan pasatzean begiak egunkarietako azaletara joaten zaizkio,


guztiek argazki bera eta izenburu berdintsuak baitakartzate. Ahaleginaren ahaleginez, behar adina pauso eman ditu uhal garraiatzailera ailegatzeko, horrek aurrera eraman dezan. Uzten du terminal kristalatuan barna eramaten; sabaia helezin eta distiratsuak inaugurazio eguna ekarri dio gogora. Baina bera ez zen orduko hura; hura beste bat zen, txaloak, gorespenak eta irribarreak jasotzen zituen bat, eta ez baranda irristariaren gainean erorita dagoen gizon hori, hainbat bidaiari suminduk eskoltatzen dutena, megafonian haren izena errepikatzen duten bitartean, salaketa baten moduan, nahiz eta, errealitatean, dei bat den, hegazkinean sartzeko azken deia.


IZARRA Arthur C. Clark

Hiru mila argi urte daude Vatikanoraino. Garai batean iruditzen zitzaidan espazioak ez zuela eraginik fedearen gainean, bai eta, zeruek Jainkoaren lan loriatsua islatzen zutela ere. Orain, lan hori ikusi ondoren, fedea asaldaturik daukat. Logelako horman, Mark VI konputagailuaren gainean dagoen gurutzefikari begiratzen diot eta, lehendabiziko aldiz bizitza osoan, duda dut ez ote den sinbolo huts bat. Oraindik ez diot inori esan, baina ezin da egia ezkutatu. Emaitzak hor daude, mundu guztiak irakurtzeko moduan, erregistratuak Lurrera eramaten ditugun zinta magnetikoen kilometro kontaezinetan eta milaka argazkietan. Beste zientzialari batzuek nik bezain erraz interpreta ditzakete eta ni ez naiz egiaren manipulazioa, antzina nire ordenaren izena lohitzen zuena, aise barkatzen duen horietakoa. Tripulazioa aski nahigabeturik dabil; ez dakit nola hartuko duten azken ironia hau. Haien artean, gutxik dute fede erlijiosorik, baina, halere, pozez ez dute baliatuko behin betiko tresna hori nire kontran darabilten kanpainan, Lurretik eraman dugun gerra pribatu, asmo oneko baina funtsean serio horretan. Bitxia iruditzen zitzaien jesuita bat izatea astrofisiko nagusia: Chandler doktoreak, esaterako, ez du hori inoiz gainditu (zergatik dira sendagile guztiak horren ateo nabariak?). Noiz edo noiz, nirekin elkartzen zen behatokian, non argiak baxu-baxu dauden beti, halako eran ezen izarren distirak loria betierekoa baitu. Niregana hurbiltzen zen argiantzean, eta, leihatila obaletik kanpora begiratzen zuen, zeruak astiro gure inguruan biraka zebiltzan bitartean, ontzia bere ardatzaren inguruan jiratzen baitzen alferkeriaz zuzendu ez genuen hondarreko indarraz. -Tira, aita -esanen zuen azkenean-. Honek betiko eta betiko jarraitzen du aurrera, eta akaso


Zerbaitek egina da. Baina nola sinesten ahal duzu Norbaitek egina dela? Nola sinesten ahal duzu Norbait horrek interes berezia duela gure mundutxo miserable honetan? Horrek zur eta lur uzten nau. -Orduan eztabaida hasten zen, izarrak eta nebulosak gure inguruan balantzaka ibiltzen ziren bitartean, arku isil eta amaigabeak eginez behatokiko plastiko argi akasgabetik haratago. Nire egoeraren ustezko inkongruentzia horrek ekartzen zion, antza, pozgarri handiena tripulazioari. Alferrik erakusten nituen Kazeta Astrofisikoan argitaratu nituen hiru artikuluak, edo Astronomiako Errege Elkartearen Hilabetekariko bostak. Gogorarazten nien nire ordena aspalditik dela ospetsua lan zientifikoengatik. Orain gutxi izanen gara, baina XVIII. mendetik aurrera ekarpen ugari egin ditugu, gure kide kopururako, astronomian eta geofisikan. Fenix nebulosaren inguruan eginen dudan txostena gure ordenaren mila urteko historiaren bukaera izanen da? Beldur naiz askoz gehiagoren bukaera izanen dela. Ez dakit nork eman zion izen hori nebulosari, baina oso izen txarra iruditzen zait. Profezia bat baldin bada, milioika urtetan ezin izan da egiaztatu. Nebulosa hitza bera da nahasgarria: honako hau dezente txikiagoa da Esne Bideko punta batetik bestera barreiaturik izar jaiogabeen materia diren hautsezko hodei erraldoiak baino. Kosmosaren eskalan, Fenix nebulosa benetan txikia da, gasezko uztai bat izar bakar baten inguruan. Edo izar batetik geratzen denaren inguruan... Irudi du Rubensek egindako Loiolaren grabatua nitaz iseka ari dela, espektrofotometroko marren gainean zintzilik. Zer eginen zenuke zuk, Aita, nire eskutara iritsi den ezagutza honekin, hain urruti unibertsotzat zeneukan mundu txiki horretatik? Zure fedeak gaindituko luke erronka, nireak ez bezala? Zuk urrun ikusten duzu, Aita, baina duela mila urte gure ordena sortzean irudikatzea zenuenetik kanpo gelditzen da bidaia hau. Ontzi bakar bat ere ez da Lurretik hain urrutira joan: unibertso esploratuaren zinezko mugetan gaude. Fenix nebulosara erdiestera abiatu ginen eta, arrakasta lortu ondoren, etxerako bidaian gaude, ezagutzaren karga gainean dugula. Gustatuko litzaidake karga hori altxatzea sorbaldetatik, baina deika ari natzaizu, alferrik, gure artean dauden mende eta argi-urteetatik. Esku artean duzun liburuan argi ageri dira hitzok: "Ad maiorem dei gloriam" dio, baina orain sinesgaitza suertatzen zait mezu hori. Zuk ere sinistuko zenuke aurkitu duguna ikusi ahal izatera? Bagenekien zer zen Fenix nebulosa, noski. Urtero, gure galaxian soilik, ehun izarretik gora lehertzen dira, ordu edo egun batzuetan distira arrunta baino mila aldiz handiagoa dutela, geroago heriotzara eta iluntasunera bueltatzeko. Horrelakoak dira noba arruntak, unibertsoko ohiko hondamendiak. Haietako ugariren espektrogramak eta argi-kurbak erregistratu ditut Ilargiko behatokian lanean hasi nintzenez geroztik. Baina mila urtetik hiru edo lau aldiz, halako eztanda gertatzen da ezen noba bat ere ezereza litzatekeen. Izar bat supernoba bihurtzen denean, haren distira denbora puska batean galaxiako izar guztiak adinakoa izan daiteke. Txinako astronomoek halako bat ikusi zuten 1054an, jakin gabe zer zen antzeman zutena. Bost mende geroago, 1572an, supernoba batek leher egin zuen Kasiopean, halako distirarekin non egun argitan ere ikusgai baitzegoen. Beste hiru egon dira handik pasatu diren hurrengo mila urtean. Gure misioa zen halako hondamendi baten gerakinetara joatea, horretara eraman zuten urratsak ezagutzeko, eta, ahal izanez gero, zerk eragin zuen jakiteko. Astiro, sei mila urte lehenago zartatuta ere artean zabaltzen ari ziren gasezko uztai kontzentrikoak zeharkatu genituen. Izugarri bero zeuden eta oraindik argi bortitz-bortitza zerien, baina sakabanatuegi egonda, ez ziguten kalterik egin. Izarrak leher egin zuenean, kanpoko geruzak hain azkar egotzi zituen non grabitazioeremutik kanpo gelditu baitziren. Orain, uztai huts bat eratzen zuten, mila eguzki sistemaren adinakoa, eta haren erdian Ipotx Zuria zetzan, izarrak egun hartu zuen forma txikia eta liluragarria,


Lurra baino txikiagoa, baina milioi bat aldiz astunagoa. Gasezko uztai distiratsuek inguratzen gintuzten, izarrarteko espazioaren ohiko gaua desitxuratuz. Bonba kosmiko baten erdira gindoazen, zein milaka urte lehenago zartatu baitzen, haren puska goriak oraindik elkarretatik urruntzen baziren ere. Leherketaren eskala erraldoia zenez eta hondakinen arteko espazioan bilioi askotako kilometro zeudenez, eszenak ikusteko moduko mugimendurik faltan zuen. Hamarkadak pasatu beharko ziren aditua ez zen begiak edozein higidura mota hauteman zezan gasezko zurrunbilo eta kiribil haietan, baina, halere, ukaezina zen hedapen durduzatuaren sentipena. Norabide nagusia zenbait ordu lehenago egiaztatuta, orain astiro-astiro gindoazen gure parean zegoen izar beldurgarri txiki harenganantz. Garai batean eguzki bat izan zen, gurea bezalakoa, baina ordu bakan batzuetan gastatu zuen milioi urtean distiratzeko erabili beharreko energia. Orain miserian zegoen, uzkurturik, bereari eusten ziola gaztaro eskuzabalegi hari buelta eman nahian. Inork ez zuen espero planetarik aurkitzea. Leherketaren aurretik baten bat izatera, lurrun bihurturik egonen zen, eta haren substantziak galduko zen izarraren hondamendi handiagoaren barrenean. Baina, hala ere, bilaketa automatikoari ekin genion, eguzki ezezagun batera hurbiltzen garen aldiro egiten dugun bezala, eta mundu txiki bat aurkitu genuen, izarraren inguruan jiraka, baina zinez urrun hartatik. Eguzki sistema horretako Pluton izanen zen, orbita gauaren mugetan zuela. Urrutiegi eguzki zentraletik bizitzarik edukitzeko, distantzia horrek salbatu zuen gainerako kide galduen akabera bera izatetik. Leherketaren garrek arroka kiskali zuten eta planetak bere garaian izan beharko zuen gas izoztuaren geruza desagerrarazi. Lurreratu ginen eta ganga aurkitu genuen. Eraiki zutenak bermatu ziren aurki genezan. Urturik zetzan sarreraren gaineko seinale monolitikoa baina lehendabiziko argazki urrunetan ere antzematen zen hura inteligentziaren batek obratua zela. Geroxeago erradioaktibitateren arrasto zabalak aurkitu genituen, arroken barrenetan lurperaturik. Gangaren gaineko zutabea suntsiturik bazegoen ere, gangak berak zutik jarraitzen zuen, itsasargi betiereko eta higiezin baten gisara, izarrei deika. Gure espaziontzia itu horretaraino joan zen, gezi bat bezala. Zutabea milia bat altu izanen zen eraiki zutenean, baina orain argizari multzo bat ematen zuen, kandela bat urtu ondoan. Hilabete bat kostatu zitzaigun arroka urtua zulatzea, tresna aproposik ez baikenuen eramaten halako lan baterako. Astronomoak ginen, ez arkeologoak, baina inprobisatzeko gauza izan ginen. Albo batean utzi genuen hasierako helburua; izan ere, monumentu bakarti horrek, eskaporik gabeko eguzki hartatik ahalik eta urrunen eta nekearen nekez eginak, esanahi bakarra zeukan. Zibilizazio batek bazekien hiltzeko zorian zegoela eta azken ahalegina egin zuen hilezkortasun bila. Belaunaldiak pasatu beharko dira gangako altxor guztiak aztertzeko. Denbora asko izan zuten prestaketetarako, eguzkiak lehenengo abisuak emanen baitzituen azken eztanda baino askoz lehenago. Gorde nahi zuten guztia, haien jenialtasunaren fruitu oro, hara eraman zuten amaieraren aurreko egunetan, mundu urrun horretara, beste arraza batek aurkituko zuten esperantzan, hala guztiz desagertuko ez zirelakoan. Guk ere halaxe jokatuko genuen, edota miseriak hartuko gintuen, sekula ikusiko ez genuen etorkizunean pentsatu ezinik? Denbora pixka bat gehiago izan balute! Bazeukaten bere eguzkiko planeten artean behar bezala mugitzea, baina oraindik ez zuten ikasi nola gurutzatu izarrarteko tarteak, eta eguzki sistemarik hurbilena handik ehun argi-urtera zegoen. Eta Higitze Transfinitoaren sekretua edukita ere, milioi bakan batzuk baino ez zuten salbatzerik. Agian hobe zen hala gertatu izana. Gizakien antz durduzagarririk ez bazuten ere, beren eskulturetan ageri zenaren arabera, nahitaez miretsi behar genituen, penaturik haien patua zela eta. Milaka erregistro bisual utzi zituzten, bai eta haiek proiektatzeko makinak ere, irudizko jarraibide elaboratuekin batera. Haietan oinarrituta ez zen zaila izanen haien idatzizko hizkuntza ikastea. Erregistro horietako ugari aztertu


genituen, eta bizitzara ekarri genituen, lehendabiziko aldiz sei mila urtean, alderdi frankotan gurearen nagusi izanen zen zibilizazio haren berotasuna eta edertasuna. Akaso maitagarriena baino ez ziguten erakutsi, baina haien hiriak eraikitzeko grazia gizakiarenaren pare zegoen. Ikusi egin ditugu lanean eta olgetan, eta entzun egin dugu haien mintzaira musikala mendeetan zehar. Oraindik ere eszena bat dut gogoan: ume batzuk harea urdin arraroko hondartzan, olatuekin jolasean, Lurreko umean jolasten diren bezala. Itsasertzean, soken moduko zuhaitz bitxiak, eta animalia handi-handi bat uretan, inori atentziorik eman gabe. Eta itsasoan sartuta, artean epel, lagunkoi eta bizi-emale, handik gutxira traizioa eginen dien eguzkia, poz xalo hura xehatuko duena. Igual, etxetik hain urrun ez bageunde eta bakardadeak joak ez bagina, igual ez gintuzkeen horrenbeste hunkituko. Gutako askok ikusiak ditugu antzinako zibilizazioen hondarrak beste mundu batzuetan, baino ez gaituzte inoiz horrenbeste hunkitu. Tragedia honek ez du parekorik. Gauza bat da arraza bat erori eta hiltzea, Lurrean nazio eta kultura guztiek egin duten bezala, baina halako eran suntsiturik gelditzea noiz eta bere loraldi betean, inor bizirik atera gabe? Nola lotu horrelakorik Jainkoaren errukiarekin? Lankideek hala galdetu didate, eta nik ahal dudana erantzun diet. Akaso zuk hobeki eginen zenuen, aita Loiola, baina nik ez du ezer lagungarririk topatu Exercitia Spiritualia liburuan. Haiek ez ziren gaiztoak: ez dakit zer jainko zuten, halakorik baldin bazuten. Baina mendeak zeharkatuz haiengana bideratu dut begirada, eta ikusi dut nolako maitasuna baliatu zuten indarrak agortu arte beren burua iraunarazteko, uzkurtzen ari zen eguzkiaren argiaren azpian. Asko irakasten ahal ziguten: zergatik suntsitu ziren? Badakit zer erantzunen duten nire lankideek Lurrera itzultzen direnean. Esanen dute unibertsoak ez duela helbururik ez asmorik, eta, urtero ehunka eguzkik eztanda egiten dutenez gure galaxian, une honetan bertan arrazaren bat egonen dela hil zorian espazioan nonbait. Arraza horrek zuzen edo oker jokatu duen bere bizialdian ez du inolako eraginik azkenean: jainkoen justiziarik ez dago, ez baitago jainkorik. Baina, jakina, ikusi dugunak ez du hori frogatzen. Horrela argudiatzen duena emozioari lotzen zaio, ez logikari. Jainkoak ez dio gizakiari Bere jardunaren arrazoirik eman behar. Unibertsoa sortu zuen Horrek nahi duenean suntsi dezake unibertsoa. Burgoikeria da, blasfemia ez bada, guk esatea zer egin dezakeen edo zer ez. Hori onar nezakeen, gogorra bada ere ikustea nola errausten diren munduak eta jendeak. Baina puntu batean federik sakonena ere hasten da pitzatzen, eta, orain, parean ditudan kalkuluei begiratzen diedala, badakit puntu horretan nagoela. Nebulosara iritsi aurretik ezin genuen jakin duela zenbat urte gertatu zen leherketa. Orain, froga astronomikoei esker eta gureganaino iraun duen planeta bakar horretako arroketan dauden erregistroei esker, gauza izan naiz data hori zehatz-mehatz emateko. Badakit zein urtetan iritsi zen Lurrera eztanda izugarri horren argia. Badakit nolako distira izan zuen Lurreko zeruetan gure espaziontzia orain gero eta atzerago uzten ari den gorpu horren supernobak. Badakit ekialdean egin zuela dir-dir, altuera eskasean, sortaldeko itsasargi baten modura. Ez dago tokirik arrazoizko zalantzarako: antzinako misterioa argitu egin da azkenean. Baina, o Jainkoa, horrenbeste izar zenituen eskura erabiltzeko. Beharrezko izan zenuen jende hori sutara bidaltzea haien heriotzaren ikurrak distira zezan Belen gainean?


SORRERA ETA HONDAMENDIA Roald Dahl

“Dena normala da,” zioen medikuak. “Orain etzan zaitez eta lasaitu.” Haren ahotsa urrun zegoen, milia askotara, eta irudi zuen emakumeari oihuka ari zitzaiola. “Seme bat daukazu.” “Zer?” “Seme eder bat daukazula. Ulertzen didazu, ezta? Seme eder bat. Entzuten duzu nola ari den negarrez?” “Ongi dago, mediku jauna?” “Jakina ongi dagoela.” “Mesedez, utzidazu ikusten.” “Segundo batean ikusiko duzu.” “Seguru zaude ongi dagoela?” “Oso seguru.” “Oraindik ari da negarrez?” “Atseden har ezazu. Ez duzu zertan kezkatu.” “Zergatik ez du negarrez jarraitzen, jauna? Zer gertatu zaio?” “Ez larritu, mesedez. Normala da dena.” “Ikusi nahi dut. Mesedez, utzi ikus dezadan.” “Ene andrea,” esan zuen medikuak, eskuan kolpetxoak ematen zizkiola. “Seme ederra daukazu, sendoa eta osasuntsua. Ez didazu sinesten hori esaten dizudanean?” “Zer egiten dio horko emakume horrek?” “Umea txukun eta polit utzi nahi dizu,” esan zion medikuak. “Pixka bat garbituko dugu,


besterik ez. Minutu bat eman beharko diguzu horretarako.” “Zin egiten duzu ongi dagoela?” “Zin egiten dizut. Orain etzan zaitez eta lasaitu. Itxi begiak. Tira, itxi itzazu. Horrelaxe. Oso ongi. Txintxo-txintxo ari zara...” “Otoitz eta otoitz egin dut bizi dadin, jauna.” “Jakina biziko dela. Zertaz ari zara?” “Besteak hil ziren.” “Zer?” “Beste guztiak hil ziren, jauna.” Medikua ohe ondoan geratu zen, emakume gaztearen aurpegi akituari begira. Lehenago ez zeukan ikusia. Emakumea eta haren senarra berriak ziren hiri hartan. Ostalariaren emazteak, erditzean laguntzera etorria baitzen, esan zion senarrak bertako muga-etxean lan egiten zuela, eta biak ustekabean iritsi zirela ostatura duela hiru hilabete, arropa-kutxa bat eta maleta bat zekartzatela. Senarra zurrutero bat zen, ostalariaren emaztearen esanetan, zurrutero burgoi, haserrekor, borrokazale eta kakanarru bat, baina emakumea, berriz, atsegina eta elizkoia. Eta triste zebilen beti. Ez zuen inoiz irri egiten. Hor eman zituen aste gutxi haietan, ostalariaren emazteak ez zuen behin ere ikusi irri egiten. Zurrumurru bat ere bazegoen, hori gizonaren hirugarren emaztea zela zioena, bata hila zela eta besteak dibortzioa eskatu zuela arrazoi zantarrak zirela medio. Baina zurrumurru bat baino ez zen hori. Medikua makurtu eta maindiretik tira egin zuen pixka bat pazientearen bularraren gainera igotzeko. “Ez duzu zertan kezkatu,” esan zuen leunkiro. “Ume hau guztiz normala da.” “Horixe bera esan ziguten besteekin. Baina guzti-guztiak galdu nituen, jauna. Neuzkan hiru umeak galdu ditut azken hemezortzi hilabetean; beraz, ezin didazu ezer leporatu pixka bat aztoratzen banaiz.” “Hiru?” “Daukadan laugarrena da hau... lau urtean lau.” Medikuak oinak higitu zituen, egonezin, zoru soilaren kontra. “Ez dut uste, jauna, zuk dakizunik zer den hirurak galtzea, denak, astiro, banan-banan, bata bestearen ondoren. Oraindik ere ikusten ditut. Gustav-en aurpegia ikusten ahal dut oraintxe bertan, ohean nire ondoan balego bezain garbi. Gustav ume maitagarria zen, jauna. Baina beti gaixorik zebilen. Latza baino latzagoa da beti gaixorik daudenean eta lagundu ezin diezunean.” “Badakit.” Emakumeak begiak zabaldu zituen, medikuari begiratu zion zenbait segundotan eta gero berriro itxi zituen. “Nire neska txikia Ida deitzen zen. Gabonak baino lehentxeago hil zen. Hau da, duela lau hilabete, besterik ez. Gustatuko litzaidake Ida ikusi izan bazenu, jauna.” “Orain beste bat daukazu.” “Baina Ida hain zen polita.” “Bai,” esan zuen medikuak. “Badakit.” “Nola jakin dezakezu?” galdetu zion emakumeak. “Seguru nago ume maitagarria zela hura ere. Baina oraingo hau ere horrelakoa da.” Medikua ohetik aldendu zen eta leihoraino iritsi, eta hor geratu zen, kanpora begira. Apirileko arratsalde goibela zen, eta kaleaz bestaldean etxeetako teilatu gorriak ikusten zituen, bai eta euri tanta erraldoi


haiek ere zapar-zapar teila gainean. “Idak bi urte zituen, jauna... eta ezin nion begirik kendu goizean janzten nuenetik gauean ohean onik uzten nuen arte, hain zen polita. Beldurraren beldurrez bizi nintzen, ume horri ezer txarrik ez pasatzeko. Gustav joana zen eta Otto txikia ere bai, eta Ida zen neukan bakarra. Batzuetan gauaren erdian altxatu eta oin puntetan joaten nintzen isilik sehaskaraino, eta belarria haren aho ondoan paratzen nuen, seguru izateko arnasa hartzen jarraitzen zuela.” “Har ezazu atseden,” esan zuen medikuak, berriz ohe ondora zihoala. “Har ezazu atseden, mesedez.” Emakumearen aurpegia zuri eta odolgabe zegoen, eta ukitu gris eta urdinxkaren arteko bat zeukan sudurzuloen eta ahoaren ondoan. Ile-xerlo blaitu batzuk kopetaren gainean zituen, azalera itsatsita. “Ida hil zenean... Berriz haurdun nengoen hori gertatu zenean, jauna. Beste honek lau hilabete zituen eginda hemen barruan Ida hil zenean. ‛Ez dut nahi!’ oihukatu nuen hileta-elizkizunak egin eta gero. ‘Ez dut gehiagorik izanen! Nahikoa ume lurperatu ditut!’ Eta senarra... gonbidatuen artean zebilen, eskuan garagardo handi bat zeukala... Azkar biratu eta esan zidan: 'Berri onak ditut zuretzat, Klara, berri on-onak.' Imajinatzen ahal duzu hori, jauna? Hirugarren umea ehortzi berria genuen eta han zegoen, garagardo bat eskuan, esanez berri onak zituela niretzat. 'Gaur esan didate Braunau-ra bidaliko nautela' esan zuen, 'beraz maleta egiten has zaitezke oraintxe bertan. Beste hasiera bat izan daiteke zuretzat, Klara,' esan zuen. 'Beste toki bat izanen da, eta beste mediku bat...'” “Mesedez, ez jarraitu hizketan.” “Zeu zara beste medikua, ezta, jauna?” “Bai.” “Eta Braunaun gaude.” “Bai horixe.” “Beldurra dut, jauna.” “Ez duzu zertan.” “Zein dira laugarren honen aukerak?” “Ez duzu horrela pentsatu behar.” “Ezin dut besterik egin. Seguru nago zerbait pasatu diedala umeei, honela hiltzen dituen zerbait. Nahitaez egonen da zerbait.” “Horrek ez dauka zentzurik.” “Badakizu zer egin zuen senarrak Otto jaio zenean, jauna? Gelan sartu, Ottoren sehaskaren barruan begiratu eta esan zuen: 'Zergatik dira hain txikiak eta ahulak nire ume guztiak?'” “Seguru nago ez zuela horrelakorik esan.” “Burua Ottoren sehaskan sartu, zomorro tiki bat aztertuko balu bezala, eta esan zuen: 'Zera diot nik, zergatik ezin dira gizakume hobeak izan? Beste ezer ez dut esaten.' Eta hiru egun pasa ondoren, Otto hil zen. Hirugarren egunean batailatu genuen, korrika, eta arratsalde horretan bertan hil zen. Eta gero Gustav hil zen, eta gero Ida hil zen. Guztiak hil ziren, jauna... Eta bat-batean hain hutsik geratu zen etxea...” “Orain ez pentsatu horretan.” “Oraingo hau txikia da?” “Ume normala da.” “Baina txikia?”


“Txiki samarra da agian. Baina txikiak handiak baino sendoagoak dira oso maiz. Pentsa ezazu, Hitler andrea, datorren urtean garai honetarako ia hasiko da ikasten oinez ibiltzen. Ez al da zoragarria izanen?” Emakumeak ez zuen erantzun. “Eta hemendik bi urtera eten ezinik mintzatuko zaizu, burua zoratzeraino, horrenbeste hitz eginen baitu. Erabaki duzue izena dagoeneko?” “Izena?” “Bai.” “Ez dakit. Ez nago seguru. Uste dut senarrak esan zuela mutila bazen Adolfus deituko geniola.” “Beraz, Adolf izanen da.” “Bai. Senarrak Adolf maite du Aloisekin nolabaiteko antza duelako. Senarra Alois deitzen da.” “Bikain.” “O, ez!” esan zuen negarrez emakumeak, burua burkotik supituki altxatuta. “Galdera bera egin zidaten Otto jaio zenean! Horrek esan nahi du hilko dela! Segituan batailatu behar duzu!” “Lasai, lasai,” esan zion medikuak, leunkiro heltzen ziola sorbaldetatik. “Oker zaude. Hitza ematen dizut oker zaudela. Xahar kuxkuxero bat naiz, besterik ez. Hori da dena. Gogoko dut izenei buruz solas egitea. Eta uste dut Adolfus izena bereziki ona dela. Nire kutunetakoa da. Eta begira ezazu, oraintxe dator.” Ostalariaren emakumea etorri zen oheraino gela azkar eta isil gurutzatuz, umea bere altzo erraldoian zekarrela. “Hementxe dago etxeko polita!” esan zuen oihuka eta irrika. “Hartu nahiko zenuke, laztana? Ondoan utziko dizut?” “Ongi bilduta dago?” galdetu zuen medikuak. “Izugarrizko hotza egiten du hemen.” “Ongi baino hobeki bildu dut.” Umeak artilezko burusi zuri bat zeukan estu bere inguruan, eta buru txiki eta arrosa hura besterik ez zegoen agerian. Ostalariaren emazteak ohean utzi zuen leun-leun, amaren ondoan. “Hortxe duzu,” esan zuen. “Orain hor egon zaitezke lasai eta nahi adina denboran begiratzen ahal diozu.” “Uste dut gustatuko zaizula,” esan zuen medikuak irribarrez. “Umetxo ederra da.” “Eskuak maitagarriak dira!” esan zuen ostalariaren emazteak, oihu batez. “Horiek hatz luzeak eta finak!” Ama ez zen mugitu. Burua ere ez zuen biratu begiratu bat emateko. “Tira!” oihukatu zuen ostalariaren emazteak. “Ez dizu hozka eginen!” “Beldurra ematen dit begiratzeak. Ez naiz ausartzen sinestera beste ume bat daukadala eta ongi dagoela.” “Ez izan hain memeloa.” Astiro, amak burua biratu zuen eta burkoan, bere ondoan, zegoen aurpegi txiki ezin lasaiago horri begiratu zion. “Nirea da ume hau?” “Bai, horixe.” “O... o..., baina ederra da.” Medikua biratu eta mahaira hurbildu zen, eta bere gauzak poltsan sartzeari ekin zion. Ama ohean zetzan, umeari so, irribarrez; ukitu eta plazerezko hots txikiak egiten zituen. “Kaixo,


Adolfus,” xuxurlatu zuen. “Kaixo, Adolf txiki hori...”. “Sss!” esan zuen ostalariaren emazteak. “Entzun! Uste dut senarra datorkizula.” Medikua ateraino joan zen, zabaldu eta korridorera begiratu zuen. “Hitler jauna!” “Bai.” “Sar zaitez, mesedez.” Uniforme berde ilunaz jantzitako gizon txiki bat sartu zen emeki gelan eta bere ingurura begiratu zuen. “Zorionak,” esan zion medikuak. “Seme bat daukazu.” Gizonak bibote erraldoiak zeuzkan, arretaz orraztuak Franz Joseph enperadorearen modura, eta garagardo usaina zerion. “Seme bat?” “Bai.” “Nola dago?” “Ederki. Emaztea bezala.” “Ongi.” Aita biratu eta hankak era xelebrean altxatuz ohera hurbildu zen, emaztearengana. “Ongi, Klara,” esan zuen, biboteen artetik irribarrez. “Zer moduz joan da?” Makurtu zen umeari begiratu bat botatzeko. Gero beherago makurtu zen. Bat-bateko mugimendu azkarrak eginez, beherago eta beherago makurtu zen, aurpegia umearen 20 zentimetrora paratu arte. Emazteak albo batetik begiratzen zion, burkotik, begiekin erreguka nonbait. “Birika zoragarriak ditu,” iragarri zuen ostalariaren emazteak. “Entzun beharko zenuen zer nolako garrasiak botatzen zituen mundu honetara etorritakoan.” “Baina, oi ene; Klara...” “Zer pasatzen da, maitea?” “Oraingo hau Otto baino txikiagoa da!” Medikuak bi pauso azkar eman zituen aurrera. “Umeak ez du ezer txarrik,” esan zuen. Emeki, senarra altxatu eta ohetik aldendu zen. Medikuari begiratu zion. Bazirudien nahasita eta atsekabetuta zegoela. “Alferrik da gezurretan aritzea, jauna,” esan zuen. “Badakit zer esan nahi duen horrek. Gauza bera gertatuko da berdin-berdin.” “Kasu egidazu, orain,” esan zuen medikuak. “Baina badakizu besteei zer gertatu zitzaien, jauna?” “Ahaztu itzazu besteak, Hitler jauna. Emaiozu aukera bat honako honi.” “Baina hain da txikia eta ahula!” “Jainko maitea, jaio berria da.” “Hala ere...” “Zertan zabiltza?” oihukatu zuen ostalariaren emazteak. “Hilobira eraman nahi duzu dagoeneko?” “Aski da!” esan zuen medikuak haserre. Ama negarrez zegoen. Zotin handi haiekin gorputza astintzen zitzaion. Medikua senarrarengana hurbildu eta esku bat sorbaldaren gainean jarri zion. “Zintzo portatu emaztearekin,” xuxurlatu zion. “Mesedez. Oso garrantzitsua da.” Gero senarrari sorbaldatik sendo


heldu zion, eta isil-gordeka bultzatu zuen aurrerantz, ohearen ertzeraino. Duda-muda egin zuen senarrak. Medikuak sendoago heldu zion, ekiteko adieraziz hatzekin. Azkenean, ezbaika, senarra makurtu zen eta musu arin bat eman zion emazteari masail batean. “Oso ongi, Klara,” esan zion. “Ez egin negar gehiagorik.” “Horrenbeste otoitz egin dut bizi dadin, Alois.” “Bai.” “Hilabeteetan egunero-egunero joan naiz elizara eta belauniko erregutu dut hau bizi dadin.” “Bai, Klara, badakit.” “Hiru ume baino gehiago hiltzea ezin dut jasan, ez zara ohartzen?” “Jakina.” “Bizi behar du, Alois. Bizi behar du, bizi behar du... O, Jainkoa, errukitu zaitez honetaz...”


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.