2015eko apirila
[Esportazioak Euskal Herrian]
Portu berrien bila Esportazio jardueretan mendetako esperientzia dute euskal enpresek. Gure kokapen geografikoak eta aktibitateak (ez dugu natur baliabide apartekorik) urruneko lurraldeetara eraman izan gaituzte salgaiak hartuta. Industria eraldatzailearen alorrean, atzerrira jotzeko tradizioa luzea da gurean, baina azken bi hamarkadetan esportazioak oro har hazi dira nabarmen. Gainera, 2008an hasi zen atzeraldi ekonomikoarekin, lehendik ere atzerrira begira lan egiten zuten enpresa askoren sostengua bihurtu dira urruneko bezeroak, bai eta koiunturak bultzatuta behin betiko kanpora irtetea erabaki duten beste askoren irtenbidea ere.
Gaindegiaren estimazioen arabera, Euskal Herriko esportazioek 47.323 milioi euroko balioa izan zuten 2014an. Duela hogei urte halako bi baino gehiago da zifra hori, 1995etik hona izan duten bultzadaren erakusle. Aipaturiko datuak bolumen errealarekiko hurbilpen bat dira, ez baitituzte aintzat hartzen Ipar Euskal Herritik Frantziarako salmentak. Era berean, ezin dira bereizi Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko barne esportazioak. Hori horrela, gutxi gorabehera, Euskal Herriko BPGaren %52,8ko balioa dute esportazioek gurean. Zifra altua da inguruko erreferenteekin alderatuta: Europar Batasuneko batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa, eta Danimarka (%53,7) eta Alemaniakoaren (%45,7) artekoa. Azken hogei urteotako hazkunde nagusia nazioarteko esportazio deiturikoetatik (Hego EHk Espainiako Estatura eta Ipar EHk Frantziakora egindakoak ez dira sartzen hemen) etorri da: duela hogei urte halako hiru
baino gehiago hazi dira zifrak helmuga horietan. Batez ere Hego Euskal Herriko herrialdeetatik etorri da hazkunde hori, eta bereziki nabarmentzekoa da Bizkaiaren gorakada, bere esportazioen balioa 3,8 aldiz biderkatzeraino. Ipar Euskal Herrian ere ia bikoiztu egin dira nazioarteko esportazioak 1995etik 2014ra, baina kontuan izan behar da kasu honetan askoz ere zifra txikiagoez ari garela: Lapurdin eta batez ere Nafarroa Beherean eta Zuberoan, tokiko ekonomiak zein Frantziako estaturako esportazioek hartzen dute salerosketaren gehiengoa.
2
Espainiako merkatutik urruntzen Hogei urteotako bilakaera xehatuta, hazkundep handiena 2003a eta 2007a bitartean izan zela antzematen da, batez ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan. Hau da, krisia hasi aurretik ere, enpresa asko hasiak ziren ikusten haien biziraupenerako ezinbestekoa izango zela nazioartera begira jartzea. Hain zuzen, krisiaren hasieran beherakada nabarmena gertatu zen esportazioetan, baina aurrera egiteko ahaleginak kanpoan egin beharko zirela ikusita, 2009tik aurrera goranzko bilakaerari ekin zitzaion berriz, gaur arte. Hego Euskal Herriaren kasuan, 2009tik aurrerako joera aldaketa bereziki esanguratsua izan da. Norantza aldaketa ekarri du, zentzu guztietan: krisiaz geroztik Espainiako Estaturanzko esportazioak oso nabarmen jaitsi dira (ia erdira 2007tik 2012ra), estatutik kanporanzkoak hazi diren bitartean. Oraindik ere Ebrotik behera dago Hego Euskal Herriko enpresen plaza nagusia (esportazio guztien %35; BPGaren %20,2), baina krisiak han
gogor jo duela ikusirik, erosleak beste estatu batzuetan bilatu behar dituztela ikusi dute gure konpainiek ezinbestean.
Soluzioak esportatzen Euskal Herriko enpresek nazioartean izan duten erakarmena industria eraldatzaileari lotuta egon da historikoki, eta hala da gaur egun ere. Hau da, adimena eta ikerketa oinarri duten soluzioak esportatzen dira gurean nagusiki: bukatutako produktuak batzuetan (makineria), bitarteko ondasunak bestetan (tresna konplexuetarako osagaiak).
Geroan ere esportatzen jarraitzeko, ezagumenduan eta ikerketan jantzitako herri bat izaten segitu beharko dugu ezinbestean.
3
Hego Euskal Herriko 2014ko datuak dira horren erakusle. Neurtzeko unitate gisa euroak hartuta, esportazio guztien %34 ekipo ondasunetatik etorri zen, eta batez ere makina erremintatik. Erdimanufakturek %24 ekarri zuten, nagusiki burdinaren eta altzairuaren alorretik. Automobilgintza (ibilgailuak zein haien osagaiak) izan zen hirugarren adar esportatzaile nagusia, %22 hartuta. Hiru alor horiek izan dira beti gure nazioarteko salmenten mamia, baina badira gero eta garrantzi handiagoa duten beste bi adar ere: produktu energetikoak (%9) eta elikagaiak (%6). Biek ala biek hazkunde nabarmena izan dute azken urteotan, eta produktu energetikoen kasuan, Hego Euskal Herriko esportazioak 2007an halako bi dira gaur egun. Ipar Euskal Herrirako, adarren araberako datu zehatzik ez dute ematen Frantziako estatistika erakundeek. Pirinio Atlantikoetako datuak badaude, ordea, eta horien arabera, esportazioen %15 oinarrizko kimika produktuetatik etorri zen 2014an, %13 siderurgiatik, %11 laborantzatik eta %9 aeronautikatik. Erreferentzia moduan, kontuan izan behar da Bokalen egoitza duen CELSA (siderurgia), Donibane Lohizuneko Na Pali-
Quicksilver (surfa) eta Bidarten ordezkaritza duen Turbomeca (aeronautika) direla Ipar Euskal Herriko enpresa esportatzaile nagusiak, Akitaniako Merkataritza Ganberak emandako 2012ko datuen arabera.
Plaza tradizionalak, motelago Produktu horiek guztiak nora esportatu, hori da gakoa orain. Euskal Herrian, eta Hego Euskal Herrian batez ere, plaza tradizionalek pisu handia dute oraindik ere: Frantzia, Alemania, AEB, Erresuma Batua eta Italiaren arteko baturatik dator bertatik esportatzen denaren balioaren erdia. Oro har, ohiko merkatu horietara bideratutako esportazioek hazten jarraitu dute 2007tik; Italiakoak salbu, %12,5 jaitsi baitira. Bilakaera datuetan antzematen da, baina, merkatu tradizionalen hegemonia apurtzen hasia dela. Europako estatu gehientsuenetara bideratutako esportazioak polikiago hazi dira 2007tik, beste helmuga berri eta ez hain berrietara zuzendutakoak baino. Funtsean, Hegoamerikatik eta Asiatik etorri dira igoera nagusiak. Esaterako, Asiako herrialde industrializatu berrietan egindako salmentak izugarri hazi dira
4
krisia hasi zenetik: Singapurren boskoiztu baino gehiago egin dira, eta Hego Korean bikoiztu baino gehiago. Singapurren, gainera, hazten ari den eta gurean hain tradizionala ez den produktu energetikoen alorretik etorri da igoera: sektore horri zegokion hara bideratutako esportazioen %70. Beste hainbeste gertatu da Herbeherekin, hazkunde nabarmena izan duen Europako helmuga bakanetako bat izaki: 2014an Hego Euskal Herriak bertara esportatutakoaren erdia baino gehiago izan ziren produktu energetikoak, 2013an halako bi.
Dibertsifikazioa da gakoa Txinarako esportazioek, bestalde, hazten jarraitu dute, batez ere ekipo ondasunei esker. Sektore hori da nagusi, era berean, Hego Amerika eta Ertamerikara bideratutako esportazioetan, bai eta Ekialde Hurbilean eta BRICs delakoetan ere. Automobilgintzaren sektoreko bezero nagusiak, aldiz, Europan daude. Hori horrela, Euskal Herrian tradizio eta balio erantsi handiena duten esportazioen helmugak aldatzen ari dira. Historikoki erosle izan diren
merkatuen egoera gorabeheratsuak bezero berrien bila jarri gaituzte. Ekonomia bera aldatzen ari da, halaber; lehengaiak agortzen, teknologia berriak sortzen. Dibertsifikazioa dator produktuetan eta bezeroetan. Euskal enpresek erosotasunari ihes egin behar diote, eta Frantziako eta Espainiako estatuetako zein, oro har, Europako merkatuekiko menpekotasuna saihestu. Aldaketa handiak dakartza hurrengo hamarkadetako munduak. Zer egin eta nola egin etengabe pentsatzeaz gain, atzerrian aliantza komertzialak eta urruneko merkatuetan sarbideak erraztuko dizkiguten bideak beharko ditugu. Euskal Herriak eta bere ekonomiak munduan lekua egin dezaten, enpresek zein instituzioek herri egitasmo bat beharko dute. Euskal Herria markak atzetik herri bat beharko du, bere buruarentzat eta munduarentzat proiektu propioa duena. Lehen geltokia Hego eta Ipar Euskal Herriko enpresen arteko saretzearekin balio kate berriak eta indartsuagoak sortzean dago.
5
Lotura interesgarriak Datu-sorta: Euskal Herriko enpresen nazioartekotzea. Txostena: Euskal Herriko enpresa demografia 2012. Iritzia: Neurri kontuak. Elkarrizketa: Jose Luis Gil, Bilboko Merkataritza Ganberako nazioartekotze zuzendaria
(gaztelaniaz).
Txostena: Akitaniako nazioarteko merkataritza 2014an (frantsesez). Prentsa-oharra: Gipuzkoako 2014ko esportazioak (gaztelaniaz). Txostena: Espainiako Ekonomia Ministerioa, 2015eko otsaileko esportazioei buruz (gaztelaniaz).
www.gaindegia.eus
6