Lehenengo elkarrizketa: Lehenengo elkarrizketan irakaslearen papera egin dut. Ama eta irakaslearen paperen artean aukeratu beharko banuke, amaren paperarekin geratuko nintzateke elkarrizketak egin aurretik, baina grabazioak amaitu ditugunean, irakaslearen papera errazagoa iruditu zait. Irakasle paperean sartzen saiatu naiz, eta nire bizitzako une batean, nire burua horrelako egoera batean aurkituko banu, nola jokatuko nukeen pentsatzen jarri naiz. Amari, berria modu lasai eta atsegin batean azaldu behar diodala pentsatu dut, berak ondo hartu dezan, baina hori ez zait oso erraza egin. Izan ere, ez baita erraza ama bati bere semeak ikasturtea errepikatu behar duela esatea, eta are gutxiago erabaki hau haurraren jarrera txarragatik hartu dela azaldu behar bazaio. Hasieran modu lasai batean azaldu dut zein den bizitzen dugun egoera eta zerk eraman gaituen erabaki hori hartzera, baina “amak” hartu duen jarrera nik espero nuenaren kontrakoa eta oso deserosoa izan da. Ama eskolaren aurka jarri da, haurraren egoera eskolaren errua izango balitz bezala eta argi utzi du gure erabakiarekiko duen desadostasuna. Une horretan urduri sentitu naiz, eta nire bizitzako uneren batean horrelako zerbait gertatuko balitzait, ez dakit nola jokatuko nukeen baina, une honetan hartu dudan jarrera nire defentsarako egokiena izan da, nahiz eta agian ez den amarekiko hartu behar den jarrera egokiena. Errua alde batetik bestera pasatzen egon gara, “amak” eskolari leporatu dio errua, eta nik berriz familiari. Une horretan pentsatu dudana zera izan da, noizbait egoera horretan aurkitzen banaiz ez naizela zertan urduri jarri behar eta egoera bide onetik eramaten saiatu behar naizela. Izan ere, irakasleak eskolaren babesa baitu, eta hartutako erabakia ez baita soilik erabakia amari azaltzen ari zaion irakaslearena, haurraren irakasle guztiena baizik. Beraz, alde horretatik irakaslea lasai egon daiteke.
Bigarren elkarrizketa: Bigarren elkarrizketa honetan amaren papera jorratzea tokatu zait. Hau errazagoa egin zait, lehenago nire taldekideak nola egin duen ikusi baitut, eta gutxi gora behera bere jarrera antzekoa hartu dut, nahiz eta niri jarrera hori asko ez gustatu. “Irakasleak” egoera azaldu dit. Nire seme Xabierrek ikasturtea errepikatu behar du eta erabaki hau, gehienbat Xabierren jarreraren ondorioz hartu dute. Nik, ama bezala, ez dut erabaki hau lehenengo unean onartu eta “irakasleari” esan diot, nire semea ez dela berak azaldu didan modukoa eta ez dudala beraien erabakia ez ulertzen eta ezta onartzen ere. Honek beste ideia batera eraman nau. Noizbait ama izaten banaiz, nire seme edo alabak etxean izaten duen jarrera eta eskolan izaten duena agian ezberdina izango da eta baliteke, nik ama bezala, ez ezagutzea nire haurraren eskolako jarrera nolakoa den. Hori gertatuko balitzait, seguruenik bideo honetan hartu dudan jarrera berdina
hartuko nuke nire haurraren irakaslearen haurrean, ez bainuke sinetsiko nire seme edo alabak horrelako jarrera izaten duela eskolan dagoenean. Bideora itzuliz, erru guztia eskolari eta eskolako irakasleek erabiltzen duten irakaskuntza metodoari leporatzea izan da nire hasierako jarrera. Ez dut inondik inora onartu nire seme Xabierrek errepikatzea eta ez ditut irakasleak eman dizkidan argudioak sinetsi. Denbora pasa ahala, eta irakaslea azalpen gehiago ematen joan den heinean, nire ideia aldatzen joan da eta egoera horrek, agian nire semearen jarrera ez dela nik uste dudana pentsaraztera eraman nau. Azkenean, eta beste erremediorik gabe, onartu egin dut irakasleak azaldu didan erabakia eta nire esperantzak, agian Xabierrentzat egokiena den erabakia delaren ideian jarri ditut. Orokorrean, azaldu ditudan puntu horiek kenduta, ondo sentitu naiz bai irakaslearen paperean eta baita amaren paperean ere. Baina bi paperetako bat aukeratu beharko banuke, irakaslearen paperarekin geratuko nintzateke inongo zalantzarik gabe. Ariketa honek, etorkizunean horrelako mila egoera biziko ditudala pentsaraztea, eta zer modutan jokatu behar dudan ikustera eraman nau.