Zer da irakasle ona izatea? “La educaciĂłn prohibidaâ€? filma ikusi ondoren, ezagutzen ez nituen hainbat iritzi eta hainbat pentsamendu ezberdin ezagutu ditut. Bidezkoa den bezala, pertsona bakoitzak bere iritzi pertsonala dauka gaur egungo hezkuntzari buruz, eta ongi dago pertsona ezberdinen iritzi pertsonal hori ezagutzea. Film honetan gaur egun daukagun hezkuntza metodoari kritika handia egiten diote. Hezkuntza hau, Platonen haitzuloaren mitoarekin konparatzen du, eta eskolan ikasten duguna, kanpoan daukagunaren ezberdina dela salatzen du. Irakasle on baten profila zein izango zitekeen deskribatu gabe, gabeziak dituzten irakasle ugariren profilak deskribatzen ditu. Hau da, gaur egun irakasle ugarik erabiltzen dituzten metodoen aurkako salaketa edo kritika moduko bat egiten du film honek. Baina zer da irakasle on bat izatea? Zer gauza eduki behar ditu irakasle batek, irakasle ona izateko? Azken batean, zein da irakasle on baten profila? Oso zaila da niretzat irakasle on bat zer den deskribatzea, edo irakasle on batek eduki behar dituen gauzak zeintzuk diren esatea. Baina nire ustez nire irakasle egokiena nolakoa litzatekeen deskribatzea ez da horren zaila, izan ere, guztioi datorkigu norbait burua irakasle on batean pentsatzen jartzen garenean. Ziurrenik guztiok pentsatuko dugu gure bizitzan zehar gustukoen izan dugun irakaslean. Nire ustez, irakasle ona, ez da haurren aurrean jarri eta berak hitz egiten duen bitartean haur guztiak isilik egotea lortzen duena. Irakasle on batek haurrekin hitz egin behako luke klasean dagoen bitartean, haurrekin elkarrizketak izatearen bidez erakutsi beharko lizkieke berak dituen ezagupenak. Azken batean, ez da berdina entzutea eta aditzea. Haurrek uneoro entzuten dituzte gauzak, baina ez dituzte aditzen entzundako gauza guztiak. Oso erraza da haurren aurrean jarri, esan beharrekoa esan eta klasea amaitzean bertatik joatea, baina hori egiten duen irakasleak ez du kontuan hartzen haurrek berak esandakoa ikasi duten ala ez. Bestalde, haurrekin elkarrizketa etengabean aritzen den irakasleak ikus dezake berak esandakoa txikiek ikasi duten edo ez, ulertu duten edo ez, eta haurren batek ulertu ez badu berriro beste modu batean azaltzen saiatu beharko litzateke irakasle on bat. Eskola gehienetan, haurrak zenbaki baten bidez ebaluatzen dira. Haurra zenbaki bat da, nota bat. Eta nota altuena duena izango da gela osoko jakintsuena. Zenbaki altuak saritu eta zenbaki baxuak berriz, zigortu. Horrela da gaur egungo ebaluaketa modua. Azken batean aspalditik daukagun metodoa da hau, eta etxean ere horrela izaten da. Filmean dioten bezala, nota ona atera ezkero etxean gurasoak poztu egingo dira, eta haurra zorionduko dira. Eta nota txarra ateratzen badu berriz, zigorra jasoko du gurasoengandik. Honen bitartez, haurrak behartuta ikastera bultzatzen ditugu. Hurrak ez du ikasiko berak nahi duelako, etxean liskarra saihesteko egingo du, zigor bat ez izateko, eta modu honetan haur horiek ikasketetatik aldentzen ditugu. Ez dut uste haurra saritu beharko genukeenik nota txar bat eduki duenean, baina zigortu beharrean hurrengoan hobe egingo duela esaten badiogu, edo hobeto egiteko animatzen badiogu, saiatzeko indarra emango diogu. Motibazio horren bidez lortu daiteke haurrak ikasteko gogoa eta gehiago saiatzeko gogoa izatea, eta horrela ez genuke haurra ikasketetatik aldenduko. Nire ustez, motibazio hau eskolan emateaz
gain, etxean ere eman beharko litzateke. Azken batean, etxean igarotzen du denbora gehiena haurrak eta bertan zigorra beharrean motibazioa lortuko balu aldaketa handia egongo litzateke haur horrengan.
Irakasle on batek ikasleak ezagutu behar ditu. Eskola eta institutu askotan, irakasleek ez dituzte euren ikasleak ezagutzen. Egia da zaila dela irakaslearentzat bere ikasle guztiak ezagutzea agian asko dituelako, baina nire ustez denak ezagutzeko ahalegina egiten duena izango litzateke irakasle on bat. Bere ikasleen izenak ezagutzen dituena, haien arazoez arduratzen dena eta edozein momentutan ikaslea laguntzeko prest egongo litzatekeena. Irakasleak benetan bizitzarako beharrezkoak diren gauzak erakutsi beharko lituzke. Filmean dioten bezala, askotan beharrezkoak ez ditugun gauzak erakusten dizkigute eskolan, eta nire ustez horrek ez dauka zentzurik. Eskolan bizitzarako beharrezko gauzak ikastea izango litzateke egokiena. Adibidez beste pertsonekin harremanak izatea, erlazionatzea. Eskolatik irteten garenean mundu zabal bat daukagu pertsona ezberdin eta ezezagunez betea, eta horiekin erlazionatzeko tresnak beharrezkoak dira. Batzuek badituzte tresna horiek euren nortasunean, baina beste batzuentzat zailagoa da. Eskolan ez dute erakusten adibidez erraminta bat erabiltzen, eta hori beharrezkoa da jakitea edozein momentutan eduki dezakegun arazo bat konpontzeko. Ikasten dugun guztiaren zati bat izango da erabilgarri guretzat, baina ez guztia. Haurren imajinazioak hegan egin behar du gela barruan, haurrak modu libre batean espresatu behar dira. Tailer gelatan adibidez, haurrek nahi duten moduan egin behar dituzte euren eskulanak, modu horretan euren imajinazioa libre utziko dute eta euren pentsamenduak lan horren bitartez transmitituko dituzte. Haur horiek handiak egiten direnean, ikasketa batzuk hautatuko dituzte, eta egokiena litzateke bakoitzak benetan nahi duena hautatzea. Gazte askok, unibertsitatera joaten direnean, haien etorkizunerako hoberena izango dena ikasten dute, benetan haiek nahi dutena ikasi beharrean. Batzuei, etxean esaten diete zein ikasketa egin eta zein ez, eta nire ustez hori guztiz okerra da. Ez dugu ikasi behar amak edo aitak nahi duena, guk nahi duguna baizik. Guk benetan sentitzen badugu ikasketa batzuk egin nahi ditugula hori egin behar dugu, etorkizuna alde batera utzita. Azken batean, nire irakasle “perfektoa� haurrekin ulertzen dena izango litzateke. Haurrei garrasi egiten ez diena, eta beti haiek motibatzeko prest dagoena. Zerbait gaizki egiten dutenean, errieta egin beharrean, haiekin hitz egin eta hori gaizki dagoela azaltzen diena. Irakasle on batentzat ez da garrantzitsua izan behar egun batean klasean eman behar duen materia guztia eman duen edo ez, berarentzat garrantzitsuena, ikasleek ikasi duten edo ez izan beharko litzateke. Azken finean, irakaslea haurrari bere ezagupen guztiak erakusteko dago, eta hori izan beharko litzateke bere helbururik nagusiena. Haurrei modu batean maitasuna transmititu behar die irakasle on batek. Irakasle eta ikasleez gain, pertsonak gara, eta bien arteko harreman ona egon beharko litzateke eskola bateko gela baten barruan. Uxue Etxeberria Bosque