LABURPEN EXEKUTIBOA “Trebetasun linguistikoak enpresen arteko lehiako faktore bereizgarri” Ekonomiaren globalizazio prozesua dela eta esportazio dinamikak, kanpoko merkatuetan hornitzeko prozesuak eta beste merkatuetan sare, aliantza eta ezarpen prozesuak eratzea lehiakortasun faktore gero eta garrantzitsuagoak bihurtu dira. Beste herrialdeetatik datozen kontsumitzaileen mugikortasun geografiko gero eta handiagoak, era berean, merkataritza-enpresak kultura eta hizkuntza ikuspegitik askotarikoa den publiko baten zerbitzu hornitzaile izatea ekarri du. Hori dela eta atzerriko hizkuntzetan gaitasunak eskuratzeak berebiziko garrantzia hartu du enpresan, tresna natural eta ezinbesteko bilakatu arte. Eta gure enpresa sarearen portzentaje handi batek negozio aukerak galtzen ditu testuinguru horretara behar bezala egokitzen ez delako. Testuinguru honetan, Langunek -Hizkuntz industrien Elkartea Euskal Herrian- sustatu eta Lanbide-Hobetuzek finantzatu duen ikerketa honen bidez ondokoa lortu nahi izan da: a) Euskal enpresetan hizkuntzen erabilera, kudeaketa eta prestakuntzari buruzko argazki bat lortu hiru ikuspegi ezberdinetatik: globalizazio prozesuaren aurrean enpresako kudeatzaileek duten ikuspegia, egun beren hizkuntza maila lortu eta hobetzeko ahalegina egiten duten langileen bizipena; eta Euskal Herrian hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituzten Hizkuntzen Industriako profesionalen ikuspegia eta iritzia. b) Argazki hau oinarri harturik, testuinguru orokor honetan euskal enpresen lehiakortasuna areagotzen lagunduko duten eleaniztasun estrategiak sustatu eta hedatzeko lan-ildo ezberdinak ireki. Horretarako, industria zein zerbitzu sektoreko 437 enpresa inguruk; 9 zentroakademiatan hizkuntzak ikasten ari diren 300 langilek; eta Hizkuntzen sektoreak, 30 bat profesionalen iritziak jasoz, parte hartu dute proiektuan. Enpresatik lortutako egoeraren argazkiak euskal ETEak “trantsizio” egoera batean kokatzen ditu, erlatiboki duala den eta erronka garrantzitsuak dituen eskenatoki batean. Horrela: -
ETE talde ireki bat, kanpoan lan egiten ikasi duena, eta bere ibilbidean etapa ezberdinak osatuz doana eleaniztasun tresnak hornitzeari (material komertzialak, webak, langile natiboak barneratu) eta etengabeko sentsibilizazioari dagokionez (kontratazioetan hizkuntzak baldintza bezala barneratzen dituzte, hizkuntza prestakuntza inbertsio bezala hautematen dute gehienetan eta zuzendari, teknikari eta administrariei zuzendua izaten da bereziki). Horiek horrela izanagatik ordea, hauetan gehienetan oraindik ere “arazoak konpontzera bideraturiko kudeaketa” logika da nagusi, eleaniztasunaren kudeaketa logika integratu eta planifikatuen ordez. Azken hauek kuantitatiboki oso urriak dira oraindik.