7 minute read
ELKARRIZKETAK
KORONABIRUSARI AURRE EGITEN
Aldizkari honetako udako alean COVID-19ari eta konfinamenduari buruz aritzeko Larrabetzuko hainbat herritarrengana jo genuen: herriko dendari bat, tabernari bat, osasun-arloko langile bat eta abar.
Advertisement
Oraingoan ere Larrabetzuko herritarrengana jo dugu. Kasu honetan, baina, batetik, irakaskuntzaren alorrean bertatik bertara ari diren larrabetzuarrei egin gura izan diegu leku; eta bestetik, gure herriko kirol-talde zein kultur elkarteen ordezkarien iritzia ere jaso nahi izan dugu, konta diezaguten, batzuek zein besteek, nola bizi duten “normaltasun berria”, koronabirusak eragindako arazo eta oztopoei nola egiten dioten aurre, eta etorkizun hurbila zelan ikusten duten.
Halandaze, galdera bi hauei erantzuteko eskatu diegu elkarte eta taldeotako ordezkariei:
1. NORMALTASUN BERRIAN ZELAN JARRAITZEN DUZUE ZUEN
OHIKO JARDUERAN?
2. ZELAN IKUSTEN DUZUE ETORKIZUNA?
Itxaso San Roman LARRABETZUKO ESKOLAKO IRAKASLEA
1. “Normaltasun berria” ez da erraza, gogorra da bai irakasle baita ikasleentzat ere. Eusko Jaurlaritzatik laguntza gutxi dugu, ez ditugu irakasle gehiago, esan zituzten horrek 1.000 irakasleak, non daude? eta ikasle kopuru berdinak ditugu geletan, hau da gela askotan 23-25 ikasle daude. Nola bermatu segurtasun distantzia?
Gel hidroalkoholikoa, maskarillak etab, non daude? Larrabetzun Udalak erosi ditu. Irakasleoi asko eskatzen zaigu eta egoera guztietara moldatu behar gara baina inolako laguntza jaso gabe.
Jarduerarekin bai jarraitzen dugu, baina dena moldatu behar izan dugu eta moldatzen joan behar gara zeren egun batetik bestera egoera aldatu daiteke .Orain iazko birpasoa egin behar dugu eta horretan gabiz baina ez dauka zer ikusia beste ikasturteekin. Ikasleak banaka egon behar dira gelan, talde lana zelan egin?
Jolasorduan talde burbujatan egon behar dira eta euren mailako ikasleekin bakarrik jolastu dezakete eta eremu zehatz batean. Euria egiten badu gelan gelditu beharko gara denak ezin garelako egon aterpean.
2. Etorkizuna? Egunez, egun joan behar gara ikusten zelan doan dena eta moldatzen joan . Bihartik harago begiratzeak ez du pena merezi.
Lurdes Etxebarria TXORIERRIKO INSTITUTUKO LANGILEA
1. Egia esateko, nahikoa “estresatuta” hasi dugu ikasturtea. Berez, gure ikastetxea, Txorierri Institutua, oso masifikatuta dago, eguneroko egoera normalean ere izugarrizko leku falta dugu. Une honetan 800 ikasle ditugu, eta aspaldian egon behar zen eginda eraikin berri bat.
Bizi dugun egoera dela eta, batxilergoko 2. mailako ikasleak Derioko beste eraikin batean, “Kultur Birika”n, kokatzea lortu da, eta hori lagungarria izan da, baina ez nahikoa dugun arazoa konpontzeko.
Langile guztion aldetik izugarrizko ahalegina egiten ari da gauzak ahal denik eta ondoen egiteko. Beharginen gehiengoa irakasleak dira, baina gainontzeko langileon lana ere ezinbestekoa da ikastetxeak ondo funtziona dezan; atezainak, garbitzaileak, jantoki eta autobusetako zaintzaileak, hezitzaileak, administraziokoak, …. Denok gara garrantzitsuak eta beharrezkoak.
Nik egiten dudan administrazioko lanari dagokionez, pandemiaren aurretik ere lanez gainezka geunden. Bi pertsona gaude lan horretarako, baina aspalditik hiru egotea dagokigu dugun ikasle kopuruagatik. Ba, bizi dugun “normaltasun berriak” lanaren gainkarga areagotu egin digu, eta sarritan ezinezkoa dugu guztiari erantzutea.
Argi esan behar dut ezinezkoa dela “normaltasun berri”ra egokitzea beharrezko baliabide pertsonalak ez badituzte jartzen.
2. Egoera aldatu egin da, argi dago; eta egoera berrira ohitzen joan beharko dugu, baina horretarako beharrezkoa da, aurrerago esan dudan moduan, Jaurlaritzak behar diren errekurtsoak jartzea, pertsonalak zein bestelakoak. Egoera honek langileoi, irakasle zein ez irakasle, eragiten digu, baina benetako arriskua ikasleen gainean dago, ikastetxean dugun leku faltak ezinezko egiten baitu ikasleek izan beharko lituzketen gutxieneko segurtasun neurriak errespetatzea.
Ez da nahikoa langileon borondate hutsarekin. Eta ez du balio administrazioak hezkuntza komunitateak duen kezkarekin bat egiten duela esateak. Langileon ordezkariekin batu egin behar dira eta hezkuntza segurua lortzeko bitartekoak adostu.
Josune Gezuraga TXINPASMENDI GURASO ELKARTEA
1. Normaltasunetik gutxi izan du aurtengo ikasturte hasierak. Covid-aren aurkako protokoloak aldaketa ugari ekarri ditu eskolako antolaketan. Hezkuntza sailak protokolo hori sortzeko irizpide orokorrak bidali ditu, baina ez du baliabiderik bidali egoerak eskatzen dituen aldaketak gauzatu ahal izateko.
Ardura osoa eskolaren bizkar utzi du.
Gainera, irizpide horietako asko ez dira bateragarriak eskolako errealitatearekin eta oraingoan ere kaltetuenak ikasleak izaten ari dira. Guraso elkarteari laukoiztu egin zaio jantokiko kudeaketak ematen duen lana. Hezkuntzatik jantokirako datozen irizpideak ez dira oso argiak eta balaibide bardinekaz moldatu behar izan gara. Lan zaila izaten ari da, b danon partetik ipinita (langile, irakasle, guraso...) lortzen ari gara.
Momentuz bertan behera utzi behar zian ditugu eskolaz kanpoko ekintzak. Batetik, eskolari eskatzen zaizkion talde burbuilak egitea bermatu ezin delako, eta bestetik, eskolako guneak eskola jardueretarako bakarrik erabili daitezkeelako.
2. Oso zaila da momentu honetan ezer aurreikustea, egunetik egunera joan beharko gara momentuko egoera eta eskakizunei egokitzen.
Luis Mari Hormaetxe GAZTELUMENDI ABESBATZA
1. “Ikasturte” honen hasiera ez da arrunta izango, zeren ohiko entseguetarako tokia, eskolako liburutegia, ezin izango dogu erabili eta beste leku batean alkartu behar izango dogu. Lehenengo eta bigarren entseguak eleizan izango dira, eta gainontzekoak Udalak itxitako beste toki batean.
2. “Derrigorrezko oporraldi” luze honetan egin doguna zera izan da: bideoan abesti bat grabatu, kontuan izanik martxoan Andra Mari eleizan eskaini behar genduan emanaldia bertan behera geratu zala. Eguberri garaian urtero egiten diran ekitaldiak prestatzeko gogotsu gagoz.
Exahun Lekue ITALLEN BERTSO ESKOLA
genduzan klaseeri jagokenez, eta oraintxe hasiko gara barriro osasun neurriak jagonda. Bestetik bertsosaio pare bat antolatu ahal izan doguz eta pozik gagoz horregaitik.
2. Zalantzaz beteta. Bertso eskolako asteroko dinamikan ez dogu arazo handirik ikusten, baina saioeri jagokenez bai. Aurten bertso afaririk ezingo dogu egin eta gabonetako saioa be orain artean lez behintzat ez.
Baina bertsotan ohituta gagoz inprobisatzera eta asmatuko dogu zer edo zer!
Jone Jauregi BIZKARGI DANTZA ELKARTEA
1. Guretzako ez da heldu “normaltasun” hori ere. Ez dugu lokalik entsaiatzeko eta beraz oraindik ez gara gure jardunarekin hasi. Umeen taldeen kasuan, beste eskolaz kanpoko ekintzekin gertatzen den moduan zalantza asko ditugu baliabideei, irakasleei eta hartu beharreko neurriei dagokienez. Eta gainera herrian dauden beste eskaintzek duten indarrak indar gabe uzten du gure eskaintza.
Nagusien taldearekin, ordea, helduagoak izanda saskibaloi zelaian entsaiatzen hasteko asmoa dugu baina neguan beste aukeraren bat bilatu beharko dugu.
2. Baltz. Ez badugu laguntzarik jasotzen lokala bilatzeko...
Umeen dantzekin ezingo genuke jarraitu eta nagusiekin, txandak eta espazio desberdinak antolatu beharko genituzke.
Iban García URITARRA
1. Guk, jakindako neurriak kontuan hartuta, normaltasunez hartu dogu lana. Dagoeneko, lehenengo taldea lanean hasi da eta federatutako beste hiru taldeen zein futbol-eskolako taldeen inguruko barrien zain gagoz: bai Bizkaiko federazinoaren aldetik, bai
Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik jaso beharrekoen zain. 2. Esan behar dogu ez daukagula esperantza handirik denboraldia hasi eta amaitu ahal izango dogunik osorik.
Hobe liteke oker bageunde, baina ez dauka horren antzik.
Joseba Ortuzar HORI BAI
1. Ezin dugu esan “normaltasun berri” hau erreza denik guretzat.
Konfinamendu garaian gure jardunarekin aurrera egiteko hainbat oztopo izan genituen; dena den, zenbait ekintza antolatuz herritarrek beraien etxeetatik parte hartu eta gure berri izan zuten behintzat.
Gaur egun ere hor diraute ezarri dizkiguten oztopo horietako batzuk.
Lokalaren erabilera, adibidez, asko murriztu behar izan dugu, segurtasun neurriak bete ahal izateko, eta ondorioz, askatasun politikoak ukatu zaizkigu, biltzeko zailtasunak izan baititugu. Dena den, orokorrean, gazteok jasotzen ari garen kriminalizazioak ekarri dizkigu ondoriorik gogorrenak; izan ere, askotarikoak dira gazteek parte- hartzen duten espazioetan ezartzen ari diren neurri zentzugabe eta gogorrak (isunak edo espazioen ixtea, esaterako), eta horrek, gure jardunarekin aurrera jarraitzeko orduan ezjakintasuna eta beldurra sortzen digu. Oso handia da egoera honetan gazteok jasaten dugun presioa eta, ondorioz, lanean ari bagara ere, ziurgabetasun handiarekin dihardugu.
2. “Normaltasun berri” honek normaltasun itxura hartzeak beldur handia ematen digu. “Normaltasun berri” honen baitan etorkizuna nahiko beltz ikusten dugu, kanpora begira edo herrira begira behintzat. Gure orain arteko jarduna guztiz moldatu beharko genuke egoera berrira egokitzeko, eta zenbait ekintza bertan behera utzi beharko genituzke.
Dena den, egoera honek ekarri ditzakeen alde onez jakitun gara, eta kanpora begira ez bada ere, barruan, kasu honetan asanbladan bertan,beti daude hobetu beharreko aspektu batzuk. Tarte hau horretarako ere baliatu nahiko genuke: asanbladako harreman eta jarreren inguruan hausnartzeko, espazioaren erabileraren inguruan eztabaidatzeko, belaunaldi berriek Hori Bairekiko atxikimendua eskuratzeko hemendik aurrera, inoiz baino indartsuago jarduteko.
Gorka Saratxo OLARRETA PILOTA ELKARTEA/ESKOLA
1. “Normaltasun berria” zalantza askorekin bizi dugu. Orokorrean garai zaila da.
Bizkaiko pilota federazioarekin eta Larrabetzuko Udalarekin harreman estua daukagu, eta ahalegin handia egiten gabiltza danon artean entrenamendu eta txapelketak aurrera eramateko. adostuta, ume eta nagusien entrenamenduak egitea lortu genuen.
Orain, berriz, eskoletako ikastaroaren hasierarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak aginduta, umeen entrenamenduak eta txapelketak ezin dira egin. Bai, ordea, federatuenak.
Egoerari oso penagarria deritzogu, umeak eskolan eta kalean, arauak gordeta, elkarrekin egoten direlako, baina frontoira ezin dira joan.
Normaltasun berri hau kontraesanez beteta dago. Komenigarria izango litzateke esparru txikietan, gure kasuan kirol jarduerak egiten uztea (oraingoz Larrabetzuko umeen arteko entrenamenduak), beti ere Udalarekin adostuta, eta segurtasun neurri guztiak beteta.
2. Etorkizuna inkognita bat da, baina guzti honen ikasgaia ikasita aterako garela itxaropena daukagu. Besteak beste, garbitasuna eta higienea gure eguneroko bizitzaren zati garrantzitsua izan behar dela, ingurunea eta norberaren osasuna zainduko dugula, kirola egitea funtsezkoa bilakatuko delarik.
Ainara Berasaluze TXOKOAN PILOTA ELKARTEA
1. Nik ez nioke deituko normaltasun berria, errealitate berria deituko nioke. Hau ezin da bihurtu normaltasuna.
Egoera honetan moldatu egin behar ditugu entrenamenduak segurtasun neurriak errespetatzeko. Taldeak txikiagoak dira eta ez dago kontakto fisikorik. Lehen egiten genituen ariketa batzuk, eskutik helduta adibidez, orain ezin ditugu egin. Frontoian sartzerakoan temperatura hartzen dugu eta eskuak garbitzen ditugu.
Gure arteko harremana ere aldatu egin da. Guk beti egin ditugu planak elkarrekin, partiduak ikustera joan izan gara, afariak, urtero egiten dugu irteera bat...aurten ezin da ezer egin. Eta ekintza horiek indartzen gaituzte elkarte moduan. Gainera, ikasturte honetan ezin izango dugu urtero egiten dugun topaketa antolatu, ezin izango gara elkartu Bartzelonako lagunekin, faltan botako dugu.
2. Denborarekin dena lehengora bueltatzea espero dut. Elkarte moduan gauzak elkarrekin egin nahi ditugu, taldekideak gara baina lagunak ere bagara. Lagunen arteko harremanak mantendu egin behar dira, eta egoera honetan gauza pila bat ezin dira egin. Nire aldetik, urteroko topaketa berreskuratu nahiko nuke, txokoaneko irteerak...esperientza polita da elkarte honetan parte hartzea, eta hori ezin da galdu.