1 minute read
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA
BIZKAIKO BERTSOLARI FINALA
Gaur beste ez genuen sufrituko sarri, kinielarik ezin zen hain errez igarri. Plazara irrintzi bat nahi neuke ekarri: Mundu ezinezko hau egin bizigarri. Plazara irrintzi bat nahi neuke ekarri: Kantuan gozatzeko negua alkarri.
Advertisement
Bertso horrekin eman zion amaiera Nerea Ibarzabalek abenduaren 4an Larrabetzuko pilotalekuan egindako bertso saioari. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren atarikoa jaso zuen herriak, azken finalaurrekoa jokatu baitzen bertan. Eta harrera beroa egin zioten larrabetzuarrek zitari, 700 lagun baino gehiago elkartu baitziren saioan; txapelketak izan duen saiorik jendetsuena izan da. Sei bertsolari izan ziren oholtzan: Ander Elortegi, Jone Uria Albiztur, Eneko Abasolo “Abarkas”, Julen Arzanegi, Txaber Altube eta saioan nagusitu zen Nerea Ibarzabal bera. Pilotalekuan gora eta behera, Itallen Bertso Eskolako kideak izan ziren, antolatzaile lanetan. Bederatzi kide daude gaur egun taldean, eta asteazkenero biltzen dira bertsotan aritzeko.
Bertsolari zein bertsozaleek urtebete eman dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zain. Berez, iaz egitekoa zen txapelketa, baina koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez, datarik zehaztu gabe atzeratu zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Esperoan izan dira denak ordutik, harik eta urriaren 3an berriz abiatu zen arte. Larrabetzuarren artean, dataren zain izan den norbait bada, Etxahun Lekue bertsolaria izan da. 2016an txapela lortutakoa da Etxahun, eta hirutan izan da buruz burukoan. Hirugarren egin du edizio honetan, eta agur ere esan dio lehiaketari, finala abiatzeko abestutako agurrean azaldu baitzuen ez dela berriz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izango.
Larrabetzuarrontzat izan du bestelako berezitasunik aurtengoak. Izan ere, Joseba Etxebarria larrabetzuarra omendu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurten, Moises Enbeitarekin batera. Biak ala biak izan zuten Nerea Ibarzabal Bizkaiko txapeldunari txapela jartzeko ardura. Egin duten ekarpen eta lana eskertu nahi izan die elkarteak; bereziki, bertsolaritza transmititzeko egin duten lana azpimarratuz. Elkarlanean eta talde lanean aritu dira luzaro, eta modu horretan igo dira oholtzara biak: talde lana irudikatuz. 2000. urtean hasi zen Joseba Etxebarria Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean lanean, eta bertan jarraitzen du gaur egun ere. Are, Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ere urte luzetan aritutakoa da.