2 minute read

EUSKARA

KONPROMISOAK HARTZEKO ETA BETETZEKO GARAIA

Larrabetzuko Udalak, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, HAKOBAk, Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak, adostutako eta proposatutako adierazpena onartu zuen. HAKOBA erakunde hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, AFA, BFA, GFA, Gasteizko Udala, Bilboko Udala, Donostiako Udala, EUDEL eta UEMA.

Advertisement

Larrebetzuko Udalak, horretaz gainera, adierazpenari gehitu zizkion hiru konpromiso orokor eta hamabi konpromiso zehatz (hilabete bakoitzeko bana), orain arte hartutako konpromisoei eusteko eta beste batzuk hartzeko eta betetzeko garaia badela iritzita.

Honako hauek dira Larrabetzuko Udalak, Euskararen Nazioarteko Egunaren ingurumarian, hartutako konpromiso orokorrak:

1) Gure herrian euskararen ezagutzaren, erabileraren eta sustapenaren alde lan egiten duten elkarte eta erakundeak laguntzen segitzeko konpromisoa. 2) Larrabetzuarrei euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera zein laguntzak ematen jarraitzeko konpromisoa. 3) Larrabetzuko Udalean euskara zerbitzu hizkuntza, lan hizkuntza eta komunikazio hizkuntza izan dadin urraturiko bideari eusteko konpromisoa. Eta honako hauek hamabi konpromiso zehatzak:

1) Indarrean dagoen euskararen normalizaziorako plana berrikustea eta hala badagokio eguneratzea, urrats berriak emateko helburuarekin. 2) Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak —Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste— bateratu eta indartzeko neurriak hartzea. 3) Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea, hala nola software librea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako

IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera Interneten. 4) UEMA babestea, indartzea eta zabaltzea. 5) Urte anitzeko hitzarmenak sustatzea euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko. 6) Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan. 7) Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea, tokiko klubekin elkarlanean. 8) Gazteentzako euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatzea eta zabaltzea. 9) Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea. 10) Behar duten herritarrentzako laguntza-ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten. 11) Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea. 12) Kale erabilera sustatzeko helburuarekin, kanpaina berezituak abiatzea.

HITZALDIAK, BERTSOAK ETA BIDEOMAPPING-SAIOA

Euskararen Eguna dela-eta hainbat ekintza antolatu zituen DARABILGUk, Larrabetzun euskararen erabilera sustatzeko taldeak, eta Larrabetzuko Udalak.

Abenduaren 1ean egitekoa zen saioa, HAURREN AURREAN HELDUOK HELDU kanpainaren baitako solasaldia, atzeratu egin behar izan genuen, hizlariaren arazo familiar bat dela eta, eta abenduaren 13an egin zen.

Abenduaren 2an herriko hainbat elkartetako ordezkariak batu ziren UEMAko teknikari Goizane Aranarekin, elkarteen euskararen diagnostikoaren ondorioak azaltzeko, esperientziak partekatzeko eta hizkuntza irizpideak adosteko. Diagnostikoa egin eta datuak aztertu ondoren, Larrabetzuko Udalak, UEMAk eta Darabilguk irizpide zerrenda bat proposatu du herriko elkarteek kontuan har dezaten, kontuan hartuta honako lau arloak: irudi korporatiboa, barne harremanak, kanpo harremanak eta zerbitzuen eskaintza. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, eguraldi txarrari aurre egin eta bertso-saio erronda bat egin zen, Etxahun Lekue eta Gorka Pagonabarragarekin, eskolan hasi, pilotalekuan segi, eta plazaraino. Hiru leku horiek beren-beregi hautatu ziren bertso-sortak botatzeko, Haurren aurrean helduok heldu kanpainarekin bat eginda, umeak eta helduak partekatzen dituzten guneak izateagatik.

Euskararen Nazioarteko Eguna biribiltzeko, eskolako umeek egindako marrazkiekin osatutako Bideomapping-saioa egin zen plazan. Lerroon bidez eskerrak eman gura dizkiegu, beste behin, Larrabetzuko eskolako irakasle eta ikasle guztiei; baita proiekzioa egin zuten Logela Multimediako lagunei, eta, zelan ez, Ikaza jauregiko bizilagunei.

This article is from: