1 minute read

OINHERRI HERRI HEZITZAILEA

Next Article
LARRABETZU 2030

LARRABETZU 2030

EKIN DIOGU LARRABETZU HERRI HEZITZAILEAGOA EGITEKO BIDEARI

Egunerokotasunaren hariak iruten du edonoren bizitza, eta hari horrek berak jarraipena du familia, etxebizitza, eskola, auzo, herri, hirietan; eta horrexek egiten du garenaren historia, norbanako zein kolektibo bezala.

Advertisement

Herri bat eraikitzerakoan ezinbesteko ardatza da hezkuntza. Herri hezitzaileen filosofiatik, hezkuntza, eskola eta familiaz haratago, herriko eragile ezberdinen arteko ardura moduan ulertzen dugu, eskolako hormatatik kanpo doan zerbait delako, hau da, herria bera eremu hezitzailea delako.

Hezkuntza estrategia honek konpromisoa dakar, eta komunitatearen lankidetzan oinarritua dago. Norabide horretan Udalak protagonismo handiagoa eta ekinbide gehiago hartu beharko luke, herriko hezkuntza formalean zein ez formalean aritzen diren eragileekin eta herrigintzan dihardutenenekin batera.

Bada, iraileko Osoko Bilkuran onartu ondoren, azaroaren 12an sinatu zen lankidetza-hitzarmena Larrabetzuko Udalaren eta Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko elkartearen artean. Hitzarmen horren helburua Larrabetzuko Udalaren eta Oinherri elkartearen arteko lankidetza-esparrua ezartzea, eta aholkularitza eta bidelaguntza eskaintzea da, Larrabetzu herri hezitzaileago eta hobe bat eraikitzeko asmoz, herritar zaurgarrienak erdigunean kokatuta, betiere.

Betebeharrei dagokionez, alde batetik, Larrabetzuko Udalak 1000 €-ko diru-laguntza emateaz gainera, erraztu egin beharko du, herriko hezkuntzaeragileekin eta herrigintzako elkarteekin elkarlanean, herri hezitzaileen ekimenari forma emateko talde eragilea osatzea. Beste aldetik, Oinherrik Euskal Herri mailako herri hezitzaileen jakintza kolektiboa eta esperientziak elkarbanatzeko konpromisoa hartuko du, herritarrei eta toki-administrazioari Euskal Herri mailako hainbat ekimenetan aktiboki parte hartzeko aukera emango zaio eta, LARRABETZU HERRI HEZITZAILEA ekimenarekin lotutako jarduerei dagokionez, Larrabetzuko Udalari gaiari buruz aholkularitza emateko konpromisoa hartzen du, baita ere hezkuntza formalean zein ez formalean aritzen direnekin eta herrigintzako eragileekin elkarlanean aritzeko konpromisoa.

Larrabetzu herri bizia dela, eta hezitzailetik asko duela, ez dugu zalantzarik. Maiatzean herrigintzako eragileekin egindako bileran esan zutena gogora ekarriz, ez dugu ezer asmatu beharrik, ibili bagabiltzalako. Baina bai badagokigu kontuan hartzea gaur egungo errealitatearen konplexutasuna, eta jasaten ditugun zapalkuntzen eta segregazioaren aurpegi desberdinak: sexua, maila soziala edota klasea, hizkuntza, jatorria, erlijioa, desberdintasun funtzionala... Eta horiei aurre egin, abian dauden edo asmatzeke dauden jardueretan gure balioak inplementatuz.

Pausoak ematen hasteko ordua da, beraz. 2022ko lehenengo hiruhilekoan herriko eragileekin batera egoeraren azterketa egingo dugu, eta talde eragilea osatuko dugu.

This article is from: