Begoñaren itzalpean

Page 1

BegoĂąaren itzalpean Jose Inazio Basterretxea, Elkar, 2016

Iruzkina: Antxon Narbaiza


Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/Jose_Inazio_Basterretxea Literaturaren zubitegian http://zubitegia.armiarma.eus/?i=756 Bere artikuluak ARGIAn http://www.argia.eus/argia-astekaria/egileak/jose-inaziobasterretxea


Sinopsia 1942an gertaturiko jazoera batek ematen dio bide egileari garaitsu hartan kokaturiko eleberria idazteko. Hiru denboratan aritzen da nobela, baina batez ere bitan: hasteko, eta erreferentzia historiko zelanbait, gero etorriko diren gertakarien sortzaile, 1936a, Espainiako Gerra Zibilaren inguruan eta, ondoren, haren ondorio izango diren 1942 eta 1986. urteak. Igogailuan ibiliko bagina bezala, narratzaileak hara eta hona eramaten gaitu, etengabe, beti ere, zeintzuk izango ditugun protagonista nagusi adieraziz. Bestalde, anekdota bezala har liteke, baina esan daiteke berritasuna dela euskal nobelagintzan, alegia, eskuin muturreko ideologia pertsonaiak direla eleberriko protagonista nagusi.

Historia eta istorioa Frankismoaren haurgintzan gaude oraindik. 1939an Gerra irabazi duten eta altxorra banatzeko ordua iritsi dela eta, jantzaile asko agertuko dira mahaira: karlista, monarkiko soil, errekete, falangista, frankista eta...oportunista ugari. Maiz gertatu izan den bezala, eleberri honek gertakari historiko bat du abiapuntu, hain zuzen 1942an, falangista talde bateko kideak bonba bat jaurtikiko du Begoñako basilika aurrean eta edozenbat pertsona zauritu. Helburua erregimeneko goi mailako militar bat. Erasotzailea, Dominguez izeneko falangista bat izan zen, Espainiak Errusiara bidali zuen división azul-eko soldadua. Gauza da Gerra oste hurbil hartan falangistak baztertuak sentitzen zirela erregimenaren aldetik, –“Gerrarekin ez zen irabazi aurretik uste izan genuena”, dio euretariko batek–, eta, tour de force harekin euren protagonismoa berreskuratu nahi zutela. Arestian aipaturiko Dominguez eta Calleja deiturako “camisa vieja” bat dira zeintzuk atxilotu eta epaitu izan ondoren, heriotz zigorra jasoko duten. Calleja amnistiatua izango da, Dominguez ostera, fusilatu egingo dute. Pertsona hauetako zenbait islatuak datoz eleberrian beste izen batzuekin noski. Gertakaria, artean Munduko Bigarren Gerra puri-purian zegoela jazo zen. Nork irabaziko zuen gerra eta, batez ere, zeintzuk izango ziren munduan aginduko zutenak, alegia, zeinen esku geratuko zen hura ikusteke zegoen garaia. Sasoi nahikoa kritikoa Espainiarentzat, hots, diktadurarentzat. Francok baina eutsi egin zion barruko eta kanpoko etsaien eraginari. Historialarien iritziz, EEUUko presidente Eisenhower-en bisita inflexio puntu bat izango da diktaduraren bilakaeran.


Lanaren antolaketa 9 kapitulutan antolatu du egileak nobela, haietako bakoitzean datak eta, une bakoitzean, azpi kapitulu eran nortzuk diren protagonistak esaten zaigula, zertzelada horrek kontaeraren harian hobeto jarraitzen lagunduko digu, irakurketa bizia bultzatuz. Hasieran, protagonista izango den Eugenia emakumearen pasartea dator izenik ematen ez den bere maitea edo amorantearekin. Halaber, epilogoa gehitzen du nobela egileak non zineman egin ohi den bezala, ustez nobelan falta omen ziren xehetasunak ematen dituen. Bestalde, ez da narratzaile orojakilerik, pasarte bakoitzean nor den mintzo adieraziko baitzaigu. Arestian adierazi legez, jauzika dabil denbora 1936tik, 1942ra eta honetatik 1986ra. Irakurlea adi egon beharko du unean uneko protagonistak zer bilakatzen diren antzemateko.

Emakume bat bere gurasoen bila Kelen izen exotiko antzeko emakume erakargarri bat bere buruari Barandi deitzen dion detektibe ez oso lanpetu baten bulegoan agertuko da Bilbon. 1986. urtean gaude. Izenburuan aurreratu dugun bezala, Suitzatik datorren emakumeak Barandi delakoa kontratatu nahi du bere gurasoen aztarnen bila. Ez daki non diren ezta bizirik dauden ere. Kelen eta Barandi (=Barandiaranen laburdura) izango dira protagonista nagusi. Baina beste asko dago eleberrian barrena. Eta guztia bildurik, arestian aipatu ditugun bi pertsonaren arteko harremana dago: enpatia berezia sortuko da bion artean gizonarengan konfiantza osoa jarriko baitu Kelenek Barandik ekin behar dion ikerketan. Eta, harreman estu hartatik, maitasun printzak ere azalduko dira. Geroko gertakarien iturburua Francoren gerra osteko politikaren kontra asaldatu den taldetxo falangista dugu. Arestian aipaturiko Kelen emakume suitzarra Bilbora iristean ezagutuko dugu historiak jasotzen duen gertakaria, hori bai nobelatua. Harrezkero 1942. urtea ia guztiaren abiapuntu eta lotura izango dugu.

Ezkutuko protagonista garrantzizkoa Baina bada pertsonaia bat, misteriotsu samarra: Dismas izen bitxiaren jabe da bera; eta jarri dioten gaitzizena ere aski bitxia da: “kanpoztarra�. Eta berak prestaturiko gertakari bat giltza izango da narrazioaren ehunean. Eta, Dismas Schultz-i, militarra izaki, ate asko zabaltzen zaizkio. Bilbon agertuko da eta, ia aguretuta ikusten dugu, nonbait gaixotasun sendaezin baten jabe. Zabalduko zaion ateetako bat Bilboko Larrinaga espetxekoa izango da. Bertara abiatuko da aldean bere armadako domina


eta merezimenduzko ezaugarri guztiak daramatzala. Ezaugarri horiek eta, jakina, bere ideologia eskuindarrak ahalbidetuko dio kartzelan heriotza-zigorpean datzan Joaquin Anton izeneko atentatugilea bisitatzea. Dismasen ausardia Joaquinen bizitzan erabakigarria izango da eta, arestian aurreratu dugun bezala, nobelaren iparra markatuko du: Joaquin-Eugenia bikotea eta euren haur txikia, ezkutuan bizi eta ezkutuan Espainiatik alde egiteko komeriak...Suitzako bizitza, hori guztia eta gehiago ezagutuko dugu. Atzerriko hari horretatik tira, Jose Inazio Basterretxeak izugarrizko pertsonaia multzoa, ekintza, gertakari eta, batez ere, kointzidentzia bildu ditu eleberrian barrena.

Misterioen ebazpena Narrazioaren ebazpena, edo hobeto esanda, nobelan planteatzen den korapiloaren askapenak, 8. atalean hartzen du abiadura azkarra, batez ere, Moritz izeneko pertsonaiaren bidez, a priori igogailu zaintzaile soila, baina kontatzen duenaren haritik argia ekarriko diena Kelen eta Barandiri. Orduan jakingo dugu, hasteko, nor den agure xume hura, zer dakien...Kelenen patuaz eta abar. Egia esatera, emakumearena, eleberria guztian zehar susmatzen dugunaren arrastotik etorriko da. Ezusteko handirik ez alde horretatik. Besterik da Marlen eta Edmanen identitateez eta, Kelenekiko ahaidetasunaz, esaten dena. Lerro gutxitan askatuko dira hainbat korapilo. Edozein modutan, denboran atzera egiten duelarik narrazioak, Dismas eta Joaquinen arteko pasadizoa ezusteko polita da, eleberriari erakarpen gehitu bat eskaintzen diona.

Indarkeria eta erotismoa Paradoxa bada ere, indarkeriaz beteriko mundua agertzen zaigu maiz liburuan, gerraren eta haren ondorio gaiztoak nabarmen azpimarratzen direla, halere ez dago zalantzarik, eleberria, oro har, alegatu antibelizista garbia dela, nahiz eta munduan gertatzen diren hainbat injustizia ez izan gerrak sortuak. Adibidez, Rosita haurraren patu malapartatua. Erotismo bera ere, bi eratara emana dagoela ikusten da, bata, Kelen-Barandiren artekoa, bestea, berriz, Edman-Marlenek darabilte, lehenengoak erakargarria dirudi berdinen arteko plazera erakusten baitu, bestea, berriz, matxoaren nagusikeriaz hornitua dator, nagusi-morroi (neskame) arteko harremana, alegia, harreman mota horretatik sortzen den klimaxa, gizonaren aldetiko jarrera, alegia, bortxatik oso hurbil ageri da.


Iritzi kritikoa Basterretxeak izugarrizko lana egin du. Hasteko, artxibo lana 1942ko jazoerak egoki kokatzeko. Gero, berak irudikaturiko gertakariak egiazko historian kokatzeko. Adibidez, 1986koak, Tchernovileko istripuaren garaian kokatuak. Azken buruan, horrenbeste gertakari, pertsonaia, enkontru eta desenkontru harremanetan jartzeko eta, batez ere, ulergarri ez ezik sinesgarri ere gertatu behar duen ehuna josteko. Deigarria da nola egileak bi ekintzaile falangistaren patua aldararazten duen Bilboko ziega hartan. Halaber, ustea dugu nobelak interesik ez duela galtzen idazleak tartekatzen dituen pasadizo eta gertakari ugarietan, izan ere, irakurlearen jakin-mina baitago eleberrian barrena plazaratzen diren galderei ematen zaien erantzuna jakiteko. Jakina, korapilo batzuek besteek baino egiantzakotasun handiago izan dezakete, baina istorioaren hezurduran ez badira oso deigarriak –negatiboki– onargarritzat jo ditzakegu, arestian aipatu dugun Edman-en pertsonaia, adibidez, bere biolentzia neurriz kanpokoa, edota bere makiavelismo-sadismoa, horiek jo litezke batez ere justifikagaitz nobelaren giroan baina, hori ere, norbere ikuspegia baino ezin da izan. Urre-altxorraren istorioak berak ere apur bat derrigortua dirudi. Sorgo irakasleak, berriz, narratzailearen alter egoa dirudi. Halaber, Arratiako txekorra deitzen duen ertzain haren balentriek komikotasun apur bat eskaini nahi diote kontakizunari. Agian, arestian esan dugunaren haritik, nobelaren mataza askatzeko azken edo azkenetako unean, kointzidentzia gehiegi plazaratzen dizkigu egileak folletin itxura hartzeko arriskua bertan dugula, hots, Kelen-Edman-Moritz-Marlen-en inguruan dabiltzan galdekizunei irteera emateko garaian. Baina zertzelada hau ere irakurlearen gustuak erabaki beharko du. Bestalde, kontuan izanik eskuin muturreko ideologiaz ari garela, liburuaren beste azierto bat izan liteke irakurleok beraien ideologia ahantzi eta pertsona izate soilak diren aldetik epaitzea, lehentasuna behar baitu bigarrenak, hots, beraien duintasuna aurretik jartzea, hemen gertatzen den legez. Joaquin Anton eta Eugenia Garciaren jarrera koherenteak –errudun neurri batean, Altxamendua ahalbidetu zutelako, askoz gehiago baina errugabe–, ahantzi arazten digu beraien ideologia.

Euskara eleberrian Euskara aberatsa darabil egileak, emari handiko hiztegia, prosa dotorearekin. Baditu halaber, lirismo bereziko lerroak ere, adibidez, Genevako Leman laku inguruko


parajeak deskribatzerakoan. Hunkigarria baita ere ama-alaben arteko elkartzea (202 or.). Xehekari, detallista, Leman eta bere ur emariak deskribatzerakoan, (...)”aintzira, Rodano ibaiaren bigarren haurgintza-minetan”. Bizkaierazko esapide ugari ageri dira liburuan batez ere hiztun bizkaitarrek dihardutenean: bizkaierako terminoak ez dira gutxi (arean, beren-beregi, erdu...). Halaber, bizkaierako hitanoa ere barneratzen du aipaturiko giroan. Zerbait leporatzekotan, harrigarria egiten zaigu egileak behin eta berriro plural hurbila ez erabiltzea, adibidez, honelako esaldietan: “Sakon hartuko dugu biek arnasa” (164. or.). Bestalde, neologismoen presentzia pitoreskoa nabarmenduko genuke, esaterako: akeita, txola eta txokorra klasikoak, baita txindi (dirua) edo izparringi (egunkaria) ere. Ikoroski hitza ostera, ez da, hala balirudike ere, aranismoa baizik eta Larramendik jasotzen duen hitza (hots, domina batek izan dezakeen ikurra, ikus, Mitxelena, OROT, VIII. liburukia)1.

1

Erratetan ezer gutxi, zorionez. Txatxarkeria batzuk baino ez. Aipa litezke 120. orrialdean Toulousse, Toulouse-ren ordez, eta, 193an menière, meunière behar zuen lekuan. 195ean berriz, gazta frantses ospetsuaren izenak Caprice des Dieux behar du. 184an ostera, orrialdeko azken aurreko lerroan, “Dekretuz legez” irakurtzen dugu, lehen –z soberan dagoela esango genuke.


EUSKARA ETA HIZTEGIA Abaroa: itzala, babesa Ahur eta ganbila: gazt. cóncavo-convexo Alamena: marmarra Albaindu: gazt. hilvanar Arakatz: Mahats mota bat (gazt. “uva crespa”) Arbindu: armindu. Norbait estutu, larritu, kezkatu. Arean: izan ere. (123). Babagaraua: babalea Baboa: inozoa (gizonezkoak bakarrik); emakumeetan: tuntun Beinke: “bai ba” gurean. Berdingilo: Sega (heriotza irudikatzeko) Beren-beregi: propioa (adberbioa) Eskusatua: komuna Estamia: Iztaia (gazt. ingle) Ezkai: espezia usainduna (gazt. tomillo). Fier: harro Firua: piru. Haria, zuntza... Gabirai: hegazti txiki samarra, harraparia Handizkatu: nabarmendu Iduna: lepokoa Inkakor: itsasten dena Iretargia: ilargia Itzalkina: sonbrillia Jagon: zaindu Janztura: jantzia Lantzar: aspaldi labratu gabeko lurra. Leotza: ziega Lika-lika: oso atxikia Limuria: luxuriosoa, labankor... Maitari, maitaritxoak: amorante Mea: minerala Pentsu: pentsamendu


Senperrenak egin: Kristorenak egin Sukoi: haserrekor, erretzeko erraza Txindi: dirua (neol.) Ugatz: animalia ugaztunen bularrak Uhaitza: erreka Uharka: presa, urtegi Zakil-moko: zakil muturra Zarrapoa: atzamarkada Zor nahiz lor: kosta ala kosta Zurda: Animalia zenbaiten ilea (basurde, zaldi), haria, baita izotza ere.



Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.