JUAN SAN MARTIN LIBURUTEGIA
Miren Agur Meabe Kristalezko begi bat Antxon Narbaiza, 2014/12/02
Mire n Agur Mea be
2
Kristalezko begi bat
Sarrera Miren Agur Meabek idatzi duen Kristalezko begi bat eleberriak emakume idazle baten bizitza kontatzen digu. Liburuan barrena gizakiaren kezkak eta ardurak islatuak daude beti ere emakume baten ikuspegitik: bizitzaren aseezintasuna eta higadura, bikote harremanen zailtasuna, zintzotasuna… Nobela 1. pertsonan idatzia dago, bere burua izendatzen ez duen protagonistanarratzaileak daramalarik kontakizuna. Geroago jakingo dugu bere bihotzekoek Meibi eta Mitxu deitzen dutela.
Atarikoa: Zuzenean harira Hasierako orrialde bateko sarrera autobiografia baten laburpena baino ez da, zeinetan
narratzaileak bere
bizitzaren
gorabeherak
kontatzen
dizkigun:
gorputzezkoak ez urri (garrantzizkoena begi bat galdu zuela umetan, eta helduaroan etorri zaizkionak, kiste bat giltzurrunean, eta bularretako “hurrak”…) zein arimazkoak (amaren heriotza, eta batez ere, kale egin dion maitasun harremana…). Azken finean, gero etorriko denaren aurrerapen honek pertsona gorputz eta arimaz osatua dagoela berresten digu. Eta horrela gertatuko da eleberrian barrena, batak ez dio besteari inoiz utziko. Bion baterako presentzia etengabea izango da nobelan.
Aitorpenak hasieratik Arestian aipaturiko atarikoan, ohartu gaitu protagonistak. “Nire bizitzan gertatutakoak kontatuko dizkizuet baina kontuan izan, ondokoa galera baten kronika bat izango da”. Etsikortasun mezua bada hasieratik. Horrelakoa ote da nobela? Ezetz esango genuke.
3
Mire n Agur Mea be
Aitorpenez eta galdekizunez, narratzaileak filma baten sekuentziak pasatzen joango balira legez, bere iragan hurbila du hizpide, oraina eta etorkizuna hurbila zeina aspaldiko iraganaz, haurtzaro-nerabezaroaz, nahasturik agertuko den. Aurreratu bezala, protagonista berezia dugu, emakumeak begi bakarra baitu, edo hobeto adierazteko bi ditu, eskuinekoa kristalezkoa bada ere; baina izan, bi begi ditu.
Topografia Nobelak hiru eszenario nagusi ditu: Lekeitio sorlekua (iragan goxoa, oraina denetarikoa), Bilbo lanlekua eta Landak, non idazleak eleberria egituratuko duen kokagunea baitago. Hain zuzen, maitasun hautsi-etsitu batek, halako batean, protagonista muga zeharkarazi eta Landetara eramango du, Vieux Boucau-ra zehazki, idazteko beharko duen bakardade –neurtu bat– eta lasaitasunaren bila.
Osasuna eta bizitza afektiboa: elkarrekin lehian Zalutasuna, bizitasuna eman nahi dio bere idazkerari egileak. Gauza asko dauka kontatzeko eta ezin du denborarik galdu. Horregatik agian, nobelak dituen 51 atalak. Badu horretan berezitasuntxo bat eleberriak. Izan ere, 51 atal horietatik 7k argibide moduko bat dakarte beraien amaieran zeinetan, eta letra etzanetan, narratzailearen zenbait gogoeta datorren: estrategia batzuk atalean esan berri duena beste era batera emateko, adibidez, edo autokritika, esan edo egin behar zuenaz. Eskatu gabeko aitorpenak dira. Beste berezitasun bat litzateke osasunaren (=protagonistaren) inguruan ari diren atalek osatzen duten espazioa eleberrian. Kapituluen zerrendatze azkar bat eginez, ohar gaitezke 51 horietatik 19k dutela osasuna ia gai monografikotzat. Gehiegitxo? Hori irakurleak esan beza. Pentsa liteke haietariko askok irakurlearen jakin-mina edo kultura orokorra aberasteaz landa ez dutela literatur ekarpen handiegirik.
4
Kristalezko begi bat
Oro har, gertakari, gogoeta eta pasadizook, idazlearen narratze ugari ia barrokoa, lexiko aberats (ikus, dena den, haren hiztegiaz esaten dena) eta euskalki artekoa erakusten digute.
Nobela autobiografikoa? Literatura errealitatea ote da? Zenbaiten iritziz, ez, oro har, edonork ulertzen duen eran; izan ere, errealitatea eraikia datorkigu, harako margolan bat bailitzan, ostera, idazlearen lumatik ateratzen den lana? “Pintura bat errealitatearen kopia leiala izanik ere, ez da errealitatea”, nobelako protagonistak adierazten digun bezala, horretarako liburuaren amaieraren zain egon behar badugu ere. (158). Edota Annie Ernaux idazlearen hitzak jasoz honako hau dioenean: “Ni neu izanik, ez naiz neu erabat”. Zuzenago oraindik, ondoko hau irakurriko dugu: “Nire beste ni sortuz joan da hemen”, literaturaren indar berezia azpimarratu nahi duelarik.
Ahate itsusia Eleberri guztia protagonistaren begiko akatsaren inguruan dabil. Horretan ere baina, narratzaileak konplexurik gabe arituko da bere gaitzaz. Auzotarren aurrean: “Hain neska polita baina”…diotenean, esaterako. umetatik minarekin bizi beharrak ez du kokilduko, eta, ironiaz batzuetan, naturaltasun osoz bestetan, bere akatsa erabiliko du. Protagonistaren kristalezko begia erreferentzia ezin besteko bihurtuko da. Ez du kanpotik ezarritako objektu arrotz bezala hartuko, begi hura fidela baitzaio: “Kristalezko begiek bizi-itxaropen jakina daukate”. Eta amodioak? –diogu guk. Badirudi horrelako zerbait dagoela inplizituki baieztapen horretan.
Nitasunaren aitortza. biluzte sentimentala Irakurlearen arreta erakartzen du, batez ere, nola protagonistak, bere ni horiek ugari eta noiznahi erabiliz, bere burua biluzten duten: gorputzezko zein jarrerasentimendu-ariketak ñabardura eta irekitasun handiz ematen ditu.
5
Mire n Agur Mea be
Emakume haren bilakaeraren narrazioan, bikote bizitzaren gorabeherak, haurdunaldia eta amatasuna, familia harremanak, aldaketa hormonalak…igaroko dira gidoi trinko bati loturik.
Maitasuna: M. Maiz aipatzen ari garen biluzte sentimentalean M. bataiatzen duen pertsonak beteko du protagonistaren maite-ardatza. M. obsesio du protagonistak. Eleberriaren espazioan zein pentsamenduan. Adibidez, datu bitxi bezala, ikusten dugu paragrafo txiki batean zazpi aldiz aipatua duela hura emakume protagonistak (112). M. hark gainerako behin-behineko abentura, amodio, baita ezkon bizitzan izan duen bikoteak baino arrasto gehiago uzten du harengan. Narrazioan edozein une eta egoeratan agertuko da, haren inguruan eta harekin konparatuz baitoaz sentipen gehienak. M. hark “Maybi” ezizen esanguratsua ezarriko dio protagonistari, beraien arteko sintonia adieraziko duena. Gorabehera asko izango du harekiko harremanak. “Ofizialki” apurtu badute ere (33), behin eta berriro agertuko da gizaseme hura protagonistaren unibertsoan. Ez edozelan agertu ere: “M. ikusi eta bera irrikatzea, dena zen bat” (54). M.rentzat doaz protagonistaren goraipamen handienak: “Edozein gizoni begiratzen diodanean, pentsatzen dut ezeinek ezingo didala sekula eman M.k ematen zidan plazer betea” (60). Beraz, harekin hautsi arren, M. protagonistaren bitzitzan jarraitzen du. Hiru orrialdeko atal oso bat eskainiko dio berari “Musu bat sorbaldan” ataltxoan (54). Harreman hark dena daukala dirudi, gorputz eder baten jabe den hark, sexu harreman sutsuetatik hasita. Ez da faltako gainera, emakumearen mirespena bere gizonarentzako, hark gizon losintxaria, maratza, noblea maite izan du, baina…beti “bainak” harreman bat biribila izan dadin… Oraingoan protagonistak aitortuko du atalaren amaiera aldera, bere harreman haustearen arrazoia: “(hark) lar maite du askatasuna” (56).
6
Kristalezko begi bat
Intimitatea M. bada pasioa, sua, G. (narratzailearen hautua da, protagonistaren bizitzan garrantzizkoenak diren pertsonaiak, guztiz anonimoak bihurtzea), bere jaioterriko oso hurbileko G.k, bada, adiskidetasuna, hurbiltasuna adierazi nahi du. Baina konfiantza darion G. hori ez da gizonezkoa, nola ba! emakumea da, protagonistari Michi ezizenarekin deitzen dion pertsona bakarra, nonbait.
Aitorpenen nobela Ez gara noski obviedadetan hasiko. Edozein eleberri, haren egilearen aitorpenez josia dago: zuzen edo zeharka. Horixe baita nobela bat, egilearen baitan egosten den fikzio eta errealitate, bizi-pena, mamu eta nahi dugun guztiaren aitorpen. Gure honetan areagotua, Meabek, 1. pertsonan idazteaz aparte, propio egiten duela dirudi. Hainbat eta hainbat aldiz egiten du gauza bertsua non, metaforikoki bada ere, egiazki biluzte erabatekoa ikusten dugun. Emakume baten bizitza kontatzen da lehen pertsonan. Bi hazpegi dituen kontakizun honetan protagonistaren amodio-desamodio, gabeziak eta bertuteak, bere geografia: bere lekurik kutunenak, narratzen dira alde batetik. Bestetik, berriz, emakume berorren osasunarekin loturiko pasarteek hartzen dute. Inoiz baino gehiago, eta klasikoek zioten bezala, gizakia gorputz eta arimaz osaturik dagoela frogaturik geratzen da nobela honetan.
Aitorpenez blai Aitortza lekua bilakatu du protagonistak nobela. Xehetasunik barnekoena ere arazorik gabe papereratzen du. Biluztasuna aipatua dugu idazle batentzat bere pentsamenduaren ardatza izan litezkeen gauzetan. Horra hor biak: Maite-harremanak baino grina handiagoa dakarkio beste zerbaitek: “M. baino pasio handiagoa eta sakonagoa: idaztea� (93)
7
Mire n Agur Mea be
Idazkuntza eta baratza. Izan ere, idaztea baratzagintza bezala, mila zurkulu eta zirrikitu dituen lur saila dugu. Egunez egun ñabardura desberdinak eskain diezazkigukeena, beti aldakor, maiz inoiz ere ez berdin.
Nitasunaren zaparrada Adierazi berri dugun legez, nobela guztia behin eta berriro protagonistaren aitorpenez josia dator. Testu inguru honetan ez da harritzekoa, bada, izan aditz kopulatiboa eta edun/eduki aditz trantsitiboek nagusi dira nobelan. Aldeko zein kontrako dituen tasun/keriak zenbatu eta narratzen ditu. Autoerretratua atalean (38-42) nitasunaren zaparrada izugarria agertzen da. Hona lagin bat: (ba)
NAIZ:
ausarta
eta
koldarra,
egozentrikoa,
integratua,
janzalea,
klaustrofobikoa, sugartsua, integratua, irekia, jeloskorra, lagunkoia, pairamen gutxikoa…xaloa, zintzoa, praktikoa eta malgua…Eta nola ez, nobelaren hainbat pasartetan besterik ez baitu aitortzen: “begi-laburra naiz” (41) (Ez) NAIZ: harroputza, mizkina (Ba) DUT: xarma pertsonala… (Ez) DUT: ahulezia psikologikorik… Zintzotasunaren horren erakustaldi bikainaren ondoan baina, narratzaileari ez deritzo nahikoa, eta, zalantza izpirik balego ere, harrigarriro ondokoa aitortzen digu:
8
Kristalezko begi bat
“Nire aje nagusietako bat” dio protagonistak: “berbei gehiegizko garrantzia ematea” (…) “Gutxi batzuetan, halaber, mutiritu egiten zait mihia” (41).
9
Mire n Agur Mea be
Pasarte paraliterarioak: salaketa eta bestelakoak Emakume baten begitik eginiko nobela Zer esan honetaz? Eleberri feminista baten aurrean gaude emakume batek idatzi duelako? Ez genuke bat-batean horrelakorik baietsi behar. Egia da narrazioan barrena emakume diren pertsonaiak soslai hobea dutela. Amaren irudiarekin hasita. Eta gizonen aldean –etxeko gizona, bakarra ageri da, ñabardura garrantzizkoa (?)–, eta bera ez oso itxura onean. Oro har, emakumeak atezu egon behar du gizonarekin. Batez ere, emakume bihozberak. Haren ogena: haietaz fidatzea (80). Arestian aurreratu bezala, Meabek gorazarre dagio amari, bere amari. Baina gauza ebidenteak esateko: “Amak dira umezaroaren memoria” (103). Ama, emakume jasankorra, ama bere alabaren babesle osoa, gaixotasunean, batez ere. Eta amarekin batera, oro har, haren belaunaldiko emakume gogorrak. Denek zekarten bertute edo erakutsiren bat gure protagonistarentzat: Amak
Zuhurtzia; amumak
isiltasunaren boterea, tiak
arteztasuna,
amabitxiak: erritoak, konplimenduak …(Hildakoen begiak, 130-134) Baina harantzago doa narratzailea, emakumearen egoera zailak ez du iraganarekin bakarrik zerikusirik. Hurbilago ere, haietariko hainbaten egoera latza erakusten digu. Emakume xumeak: garbitzaileak, emakume bizimodu latza pairatzera behartuak…(Plusaren tentazioa, 88-92). Eta gero, marjinazioaren adibide, bere buruaz beste egindako hainbat emakumeren lekukotza. Luze-zabal zenbait suizidio mota aipatzen ditu: Alfonsina poeta, Virginia Wolf handia, Alejandra, Marina…
Osasunaren kezka: izukaitz eta hipokondriakoa Aurrerago esan dugun legez, begiak, bere begi faltaren arazoak barre ere eragiten dio (narrua jotzerakoan ere problema, 14), baina nago gabezia horrekin
10
Kristalezko begi bat
baino kezka handiago datorkiola adinean zehar agertu ohi zaizkigun itoginen aurrean. Begi kontuekin ez bezala, hipokondriako samar dabil protagonista, esaterako ”hur batzuk bezalako enorrak agertu zaizkiola bularretan”, dioenean (68), edo menopausia zantzuak direla eta. Bestalde, argi ageri da hainbatetan protagonistak bere egoera emozionalak eraginda orduko maskal aldiak somatizatu egiten dituela, hara nola bulimia itxura duen pasarteren baten nabaritu dezagun bezala. Begia (k) Horra eleberriaren kate-mailak lotzen dituen hitza. Bere bertsio gehienetan: begi
arrunta,
estrabikoak
eta…liburuari
izenburua
damaion
hitzarekin:
kristalezkoa. Eta paradoxa bada ere, begiaren inguruan ehuntzen dira mutur biak. Alegia, literarioa eta literatur esparrutik at diren lerroak, begiari eskaintzen zaizkio. Begia milaka metaforaz eta sinonimoz blaitua. Begia ikusteko, ispilua bezala: ikusteko eta ikusiak izateko. Eta zerbait ments dugunean, zerbait falta zaigunean bezala, beste organoak sentiberatasun eta zorroztasunez hazi egiten dira. M. bere maiteari begira ohartzen da protagonista haren begiez: “(…) “berde arreak ditu, eta batzuetan begi-ninien eraztuna biziagotu egiten zaio, urre-kutsua hartuz”. Azalpen bikaina begi bakar batekin egiteko! Eta jarraitu egingo du. Berdin dio haien goratzeak hiperbolera, exageraziora eramaten badu ere: “Begi horien balio handienak bi dira: gezurrik esaten ez jakitea bat, eta izadiari aditzen jakitea bestea” (55). Eta begi-goraipamen hura biribilduko du hitz joko polita erabiliz: (…) “itsu maite duten begiei, ederrak min” (Ibid.)
Eleberri feminista?
11
Mire n Agur Mea be
Galdera inozo samarra gerta liteke. Batez ere, gizonezko batek emakume baten aurrean luzatzen badu. Eta arrazoia ere badute emakumeek. Alderantzikoa, hots, lan honek artasuna erakusten duela nekez esango baitu inork. Demagun baina nolabaiteko abiapuntu formal bezala hartzen dugula. Esana dugu narratzaileak zeinen goian jartzen duen bere ama –arrazoi osoz– eta zeinen txepel aita –arrazoi ez gutxiz hau ere–. Baina horretaz kanpo, zer? Bere sexuaren bazterketa historikoaz kanpo, emakumearen bizitza urrun dago XXI. mende honetan ere, gizonaren mailan egotetik, eskubidez eta aukera berdintasunen aldetik. Honi loturik, garbi dago protagonistak emakume izaera zehatz bat aldezten duela. Inoiz zalantza agertzen badu ere, bere burua gobernatzen dakiena da. Sentimentalki, alegia, eta, batez ere, tabu eta errutinen aurkakoa. Gazta kaxaren teoria atalean (73-76) aditzen ematen du hori berori. Ironia handiz dio: “beren zorionaren alfak eta omegak zehatz mugatuta dituzten horiei, txalo bero bat” (74). Andrazko askok hezieraz eta konformismoz agian, pozik bizitzearen itxura egiten baitute. Protagonistak zer pentsatzen duen hartaz eta honetaz ederki laburbiltzen duen kapitulu honetan emakume mota desberdinei errepaso ematen diela, arestian aipaturiko “laissez faire, laissez passer” goiburua duten horien antipodetan dauden idazleak izendatuko ditu: emakumeak dira. Eta ez da kasualitatea kapitulu berean aipatuak izatea. Zein baino zein borrokalariago: Adrienne Rich amerikarra, Clinton presidenteari sariak arbuiatu zizkiona eta Irak-eko gerraren aurka zutitu zena, bere buruaz beste egin zuen Carolyn G: Heilbrun amerikarra, eta, azkenik, Alice Munro kanadiar nobelsari ipuingile handia. Gehi diezaiegun hauei, 66. orrialdean aitatzen den Karin Michaelis danimarkarra, “Adin arriskutsua” lanaren egilea, antinazi sutsua. Emakumeek beren eskubideen aldeko borroka sustrai luzeak dituztela frogatzeko, hor ditugu eleberriaren beste atal batzuetan aipatzen diren Mary Annette Duchamp von Arnin eta, batez ere, XIV. mendeko poeta frantziar hura, Christine de Pizan. Marguerite Duras-en hasierako aipamena ere ez da besterik gabe egina. Eta azken orduko Annie Ernaux-ena.
12
Kristalezko begi bat
Kontraesankortasuna Maite-jolasean baina kontraesankorrak izan gaitezke bizitzaren gainerako alorretan bezalaxe. Maite-subjektua idealizatzen dugu eta grina, pasioa izekita dagoen bitartean sutsuak gara oso; ostera, hura atxiki dugularik normaltasuna nahi genuke. Bizitzaren gainerako alorretan behintzat (71). Zerk honda lezakeen harreman bat? Bada, besteak beste urruntasunak (Ibid.). Urruntasuna desamodioaren bidea, bada.
Minaren inguruan Horren liburu zabal eta, era berean gorabeheratsuan, haren pasarte askok ikerketa soziologiko baten antza har dezakete. Nobelagile frantziar klasiko zenbait gogorarazten digute: Maurois, Mauriac.., pertsonaiaren izaera barrenekoenera murgil egiten zutelarik. Horrela bada, idazleak, tesina bat egiten bailebilen, bere min motak deskribatzen dizkigu, zeini bere adibidea eskaintzen diolarik. Hor ditugu nola minaren aldakiak aipatzen diren. Ba omen: solidoak, zorrotzak, ukabilkada direnak… (Mrekin topo egitean…), eta, azkena, txarrena, nonbait, “atzaparrena” zeina “oinazea baita, mina bainoago”. Oinaze bilakaturik jeloskortasuna datorkio, batez ere M.ren infidelitatea irudikatzen baitu era basatienean. Horregatik protagonistaren gogoeta: “nahiago gorputzik ez banu”. Halere bihotzekoa omen minik doilorrena: “amodio zapuztuaren lorra” (20). Gorputzik ezean baina, protagonista aingeru bilakatu beharko litzateke eta, orduan, agian, ez luke plazera dastatzeko aukerarik izango…
Letra larriz idatziriko nobela Eleberria kanpora eta barrura egina dago. Agian, kanpora baino barrura areago. Horrek adierazten du protagonistaren biluzte bat dagoela, sentimenduzko biluztea, alegia, bestea ere erakusteko, hots, gorputzezkoa, alegia, ez duelarik inolako nagirik agertzen. Deus gutxi utziko du bada, narratzaileak erakutsi gabe. Norekin, noiz, non eta nola izango duen harreman, bere maitaleen xehetasun txikienak ere, horretan M.
13
Mire n Agur Mea be
gailentzen bada ere askogatik. (Lau amorante kontatzen dizkiogu guk, dena den, 153). Eta horrekin loturik, protagonistaren bakarkako borroka bere gorputz gabezia eta itoginen aurrean. Protagonistaren umore aldaketa, burutazio, hausnarketa, erortze eta jaiki, irakurlearen baitan ere, antzeko sentimendua sor lezake, harrigarritasunetik errukira joan litekeen zirrara. Beraz, biluzte integral horren aurrean, protagonistaren iritzia garbia eta gardena da. Eleberriaren azken partean irakurle hipotetikoari aitortzen dion bezala: (…) “Berdin zait nitaz eta idazten ari naizen honetaz egiten ari zaren edozein juzku”. (142)
Adierazlearen garrantzia Horren prosa aberatsaren jabe den idazle batengan, harena maiz prosa poetikoa dirudielarik, aise aurki daiteke zer goraipa. Garbi dago idazlea gustura dabilela hizkuntzaren jantzi desberdinak plazaratzen, bere prosaz gozatzen. Eta edozer du aitzakia. Mamografia batek nola eragin zuen kalearen eragina atalean, barkatzea eta barka eskatzeaz ari dela, zazpi genitibo lerrokatzen dizkizu: “Barkatzea eta barka eskatzea tatarrez eroan beharreko katea izaten hasten bada, zeuretzat jokatzeari ekiten diozu, tristuraren, erdeinuaren, asperduraren, amore ematearen, beldurraren, erresuminaren eta deskontentuaren trokatik altxatuko zaituen zerbaiten bila (izan liteke gizon baten eskua)”. (72). Beste behin, adjetiboa, –izenak janzten duen arropa dela, esan ohi da–, osagai aberatsa bilakatzen du narratzaileak, Nitasunaren zaparrada paragrafoan ikusi dugun legez. Ostera, erabilitako lexikoa aski bihurria gerta liteke irakurlearentzat. Hasteko, bada hitz andana bat, haietako asko itsas terminologiarekin lotura dutenak, hara nola: enpatxu, erriatu, gurmatza, tiraina, tobi-tobian, tuntuxa, tretxu, txanbiur…; bestetan garbizale edo gure liburuetan maiztasun handirik ez duten hitz multzo handia ageri da nobelan, adibidez: ekortu, gorrindola, ingerada,
14
Kristalezko begi bat
karan…; horrelako ez ohiko berba ez dira gutxi nobelan barrena. Agian, lexiko horrek harriturik hartuko du irakurle arrunta. Inoiz pasarte zail oso batekin egin dezake topo irakurleak. Jakina, haren iluntasuna erlatiboa gerta liteke irakurlearen jakinduriaren arabera. Baina badirudi ondoko esaldiaren modukoek idazlearen behementzia edo suhartasunaz kanpo, ulermen arazoren bat sor lezaketela: “Hierofania-ehizan nabil (mezuei zokomiran txorien tobi-tobian, edo sorginorratzen txilinbueltetan, edo goroldioak berdaturiko istilean”). (44). Aurreko orrialdean sintaxi bihurri samarren bat ere aurki daiteke, erlatibo bikoitz honetan bezalaxe: (…) “Mareak ekarritako saskarrak apartatzeko sasoia” (43)
Azken hitz: memento mori Miren Agur Meabek gutariko bakoitzak irudika dezakegun arbolaren adarrak astindu ditu. Bertatik jausi diren fruituak osagai berdinak dituzte baina eite desberdina. Desberdintasun horiek gizakiok astintzen gaituzten galdekizunak dira. Eta, hasteko, handiena: bizitza, nola aurkitu zentzu bat berari? Pasarte bikainekin batera (Natura hila adibidez, non bizitzaren zentzuaz gogoeta sakonak egiten diren), badira beste zenbait Wikipediatik jasoak diruditenak, zeintzuek, esan nahi dugu, eta gure uste apalean, ez dioten narrazioari balio handirik eransten.
15
Mire n Agur Mea be Miren Agur Meabe Literaturaren zubitegian (Armiarma) POESIA Oi, hondarrezko emakaitz. Labayru, 1999
Azalaren kodea. Susa, 2000
Bitsa eskuetan. Susa, 2010
NARRAZIOA Uneka... Gaba. Labayru, 1988
Mila magnolia lore. Gero-Mensajero, 2010
Zazpi orduak. Elkar, 2010
NOBELA Itsaslabarreko etxea. Aizkorri, 2001
Urtebete itsasargian. Elkar, 2006
Zer da, ba, maitasuna?. Elkar, 2008
Kristalezko begi bat. Susa, 2013
KRITIKAK http://zubitegia.armiarma.com/?i=189
16
Kristalezko begi bat
IDAZLEAREKIN HARIXA EMOTEN
http://www.bibliotecaspublicas.es/eibar http://liburutegiak.blog.euskadi.net/eibar http://liburutegiak.blog.euskadi.net/eibarkoumeak
https://twitter.com/JSM_Liburutegia
https://www.facebook.com/ EibarkoJsmLiburutegia http://pinterest.com/jsmliburutegia/
Juan San Martin Liburutegia Bista Eder, 10—1 20600 Eibar Tel. 943 70 84 37
17