Juan San Martin Liburutegia “Idazlearekin harixa emoten”
JENISJOPLIN Uxue Alberdi, Susa, 2017
Iruzkina: Antxon Narbaiza, [2018-03-06]
Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/Uxue_Alberdi BDB Bertsolaritzaren datu-basean http://bdb.bertsozale.eus/es/web/haitzondo/view/130-uxuealberdi Literaturaren zubitegian http://zubitegia.armiarma.eus/?i=761
Lehen hitzak Uxue Alberdiren eleberriak ez du ohiko kapitulukako banaketa jarraitzen. Aitzitik, hiru atal handi ditu eta beraietan barrena zabaltzen da nobela 290 orrialdetan zehar. 1. pertsonan idatzia, kontakizunak zutanoa eta hitanoa nahastuz egiten du aurrera. Bestalde, protagonistak iraganeko gertakariak kontatzen ditu narrazioan zehar orduko orainaldiak bizituz.
Historia piskat: Janis Joplin eta Christine Maggiore Eleberriari ekin baino lehen gomendagarria da liburuan bertan agertzen diren bi izenon bizitzara hurbiltzea, hau da, idazleak zelanbait erreferentzia eta inspiraziogai izan dituen, hurrenez hurren, emakume biongana, lehenengoan hasierako berezko a (Janis) eleberri honetan egileak Jenis bihurtu badu ere. Edozein modutan liburuko erreferentzia nagusi biren gainean zerbait esan beharra dago. Bada, Janis Joplin abeslaria (1943-1970) eta Christine Maggiore (1956-2008) ekintzailearen inguruan zerbait jakitea komeni zaigu hasteko. Janis Joplinen biografia, askatasuna balastarik gabe, alegia, bizitzari zuku ateratze etengabea den bezala, Christine Maggioreren bizitza ezaguna bilakatuko da medikuntza ofizialaren kontra egingo duen borrokagatik Ihesa dela eta. Hain zuzen, haren kontrako botika anti-retrobiralen eraginkortasuna zalantzan jartzen duenean. Maggiorek bere tesien euskarri, 1995. urtean egingo duen bere azterketa klinikoa aipatuko du non positibo ematen baitu Ihesaren proban baina, ostera, urtebete beranduago beste neurketa baten, bi positiborekin batera, test negatibo bat ere agertuko zaio 1; orduan, ados ez eta, Maggiorek medikuntza alternatiboaren bidean jarriko du bere burua, ondorio ez oso onak izango dituela. Bere kasuan, hain zuzen, gaixotasunagatik hilko da, baina aurretik, bere hiru urteko alabaren kasuan izango da entzutetsua, hura ere gaixotasunak jota hilko baita, Maggiorek arestian adierazi dugun legez, ohiko medikuntzaren tratamenduari muzin egin eta besteren aholkuei jaramon egingo baitie. Neskatoaren patua ezin okerragoa izango da, adierazi dugun legez hil egingo baita 2005ean.
Historiatik istoriora 1
Maggioreren kasua zehazki aipatzen du narratzaileak 172. orrialdeko azken parrafoan.
Joplinengandik mimetismoa agian zurrunegia darabilelarik, haren bizitzari zuku ateratzea edo, klasikoek deituko luketen carpe diem erabatekoa praktikatuz, nobelagileak eleberriko protagonista nagusi den Nagore Vargas Alkorta neska euskaldunaren jarrera soziala, nolabait gidatuko duen adibidea izango da. Maggiorerengandik berriz, eta oraingoan esango genuke nobelaren protagonistak zuzen-zuzen jarraituko duela amerikarraren teoria, dioena, hots, ihesaren jatorria ez dela sinestarazi nahi digutena. Hau da, Nagore pertsonaia ukatu egingo da, seropositibo frogatua izan arren, medikatua izatera, zertzelada horrek ekarriko dizkion arazoak eta arriskuak bere egiten dituela, baina, dirudienez, oraingoan amaiera okerra izan gabe. Nagorek bada, Maggioreren tesiei jarraiki ez du uste, beste era batera esanda, medikuntza ofiziala bere txokeko tratamenduarekin asmatzen ari denik ihesaren aurka. Bada, Janis Joplin abeslari drogazale, luxuriosoa eta puskatzailetik asko jasoko du Nagorek, arestian aipatu dugun Maggiorerengandik, aldiz, medikuntza alopatikoarekiko mesfidantza eta beldurra.
Sinopsia Uxuek Ipar Ameriketako Janis Joplin abeslari ospetsuaren izena hartuz haren bizitzaren antzeko ehuna prestatu du Euskal Herrian kokatuz non Nagore Vargas Alkorta gaztearen patu malapartatua irudikatzen duen. Oso goiztiarra izango da Nagoreren bizitzarako jauzia, gazte-gazterik gaztetxe eta tabernaz taberna dabilela. Paralelismoak, egon badaude, jatorrizko Joplin eta Nagore honen artean. Hasteko, bizitza beldurrik gabe aurrez aurre hartzea, gazte batek izan ditzakeen apetak eta aukerak baliatuz, gurasoek damaioten askatasuna eta, batez ere, euren lanbidea aprobetxatuz, aurrenik bere herrian eta, batez ere, Bilbora ikastera jotzen duenean non herriko bizipenak osatuz, bertako jendartean murgilduko den, era guztietako esperientziak bizituko dituelarik. Harreman politiko-ludiko zabalak izango ditu, bada, hor dugu gazteriaren ETAren inguruko jarrerak, nazioartekotasuna..., klimax honetan giza inkonformismoa nagusitzen delarik, oro har, hedonismo dosi handiz, protagonistak sexuaren praktikan fokalizatzen duelarik, batez ere2. Laburbilduz, ideologikoki, Nagore Vargasek ezker
2
Txurdinagako ikastetxean esperientzia politikoak eta sexualak biziko ditu. Sexuaren kasuan lorez lore dabilela -homo eta hetereo- aitortzen du. Eta pozarren, harako moldez non sexua ia teraupeutikoa bihurtzen baitzaio! “Beraz, esan dezaket sexuari eskerrak iskin egin niola bakardadeari; hari esker berreskuratu nuela nerabezaro galdua; eta izarapekoak ireki zizkidala militantziaren, taldetasunaren, hiriaren eta autonomiaren ateak�. Eta amaitzen du bere gogoeta: “Zerbait zor diot larruari� (171).
abertzalearen munduaren dihardu –nahiz eta bere desadostasunak nabarmentzen dituen–; lanean berriz, gurasoen tabernan aritua da eta, gero, Bilbon dihardu, irrati alternatibo batean, kazetari lanak egiten.
Eleberriaren harian sartuz Bizitza trumoitsua dugu Jenisjoplineko pertsonaia gehienen apostua. Dinamika beldurgarrian ari dira beraien artean auto suntsiketa handia susmatzen delarik. Nobela erritmo azkarrean idatzia dago: egilearen prosa biziak eta malguak asko laguntzen du. Aurreratu dugun legez, bi zutabe nagusitan, bi pertsona, bi biografia daude, nahiz eta ez maila eta intentsitate berberaz, nobela honen oinarrian. Bata, ez dago esan beharrik Jenis Joplin kantariaren ispilatzea dela, bestea, berriz, kontakizunaren barruan eta, nobelaren protagonistaren tesiak inspiratzera datorrena eta, bide batez, berrindartzera, Christine Maggiore, aktibista estatubatuarra. Biak ala biak bizitza gorabeheratsuaren ondotik hilak.
Nagore: izaera ezegonkorra Aurrera jarraitu baino lehen Nagore protagonistaren izaeraz jardun behar genuke. Izaera ezegonkorra edo aldabera izango du txikitatik. Esaterako, autolesionatzea gustuko zuen umetan. Bere hitzetan adierazteko: “Zorigaitzari buruz pentsatzea eta minarekin jolastea erakarri zitzaidan neska kozkorretan. Azazkalak iltzatzen nituen izterretan edo besaurreetan, ahalik eta indartsuenn neure buruari kontzienteki eragiteko kapaz nintzen minaren neurria ezagutu nahian”. (66) Aita zuen nonbait pentsamendu horretan konplizea edo, eta gero, lagunen artean errepikatzen omen zuen harro: “Zorigaitza askoz interesgarriagoa izan liteke zoriontasuna baino” . (67). Adierazpide hau askoz errazago uler liteke, noski: literatur sormenen aldetik egia galanta, izan ere bizitza arruntak, zoriontsuak, ez du ia inoiz inolako erakarpenik izan. Kalitatezko literatura behintzat. Laburbilduz, nortasun, identitate bilatze etengabea dago protagonistaren aldetik. Hutsune afektiboan ere bai, agian. Nagoreren bilatze horretan sexua, drogak...lagungarri baino galgarri direla pentsa daiteke. Are gehiago seropositiboa dela jakinarazten diotenean. Orduan egunerokotasun gordinenean murgildu beharko du.
Gazteen borrokaren sintonian Baina oker genbiltzake pentsatuko bagenu kontaera honetan Nagore neskaren alderdi apurtzailea –nihilismo ukituarekin– gailentzen dela erabat. Aitzitik, gure protagonistaren baitan bere buruari eta, bidenabar, gizarteari galdezka ari zaion pertsona gaztea nabarmentzen dugu. Egia da Nagore muga-mugan dabilela, bere bizitza zaratatsu bezain ero samarrean, baina, era berean bere alderdi solidarioa erakusten du, Caracasko auzo pobre batera –Petare izenekoa– joaten da laguntzera. Prekarietateak, nola ez, kezkatzen du, baita zenbaiten erreformismoa ere, “post” guztiak. Bestalde, Nagorek Bilbo inguruko langile ustiatuekin bat egiten du. Eta injustizia ororen kontra dago, beste hainbat gazte bezala. Ahantzi gabe emakumearen duintasunaren alde darabilen borroka, feminismoaren ikuspegi laxo baten ikuspegitik egiten duela.
Paralelismoekin jarraituz Oker ez bagaude, Uxueren helburuetako bat, XX. mendeko azken hogeiko aldian Euskal Herriko gazteriaren argazki bat egitea izan da. Eta, esparru horretan, kolektibo hura nagusiki astindu zuen drogaren eta, bidenabar, ihesaren izurritea plazaratzea izan da seguruenik idazlearen jomugetako bat, era nobelatuan bada ere. Jakina, zehatzago esateko, izan du Alberdik non bere begia jo. Hain zuzen, bere jaioterriko Elgoibar dugu gogoan non sasoi baten drogak gogor inarrosi baitzuen hainbat gazte eramaten zituela.
Ideologia Nagore familia aitaren aldetik erdaldunak, amaren aldetik euskaldunak, ohiko gizartearen neurribide klasikoetatik urruntzen zen familia batean sortu zen; adibidez “ez zuten Gabonak eta Olentzero ospatzen” irakurtzen dugu. Aipaturiko jatorriaren izaera misto hori finkaturik geratuko da neska gaztearengan, kontaeran zehar behin eta berriz narratzaileak gogoratuko digun legez. Geroago itzuliko gara autu honetara. Jakina, etxeko giroak asko lagunduko du Nagoreren portaeran: izeba ihesak hilko du Nagore gaztetxo dela; gurasoak, berriz, aita aipatu beharra dago lehenik, gorabeherarekin3 baina Nagoreren itsasargi etengabea izango baita, bere ideia aurrerakoi eta askeen bitartez, nahiz eta koherentziarik gabekoak izan batzuetan; halere alabarengan itsatsiko
3
Aitarekin izango duen ika-mika handia izango da hark gaixotasunaren kontrako kontroletara joaten ez delako agiraka egiten dionean. Nagorek: “Disidente bat naiz” erantzungo dio. (...)“Zeren disidentea”?, hark. “Errespetatu nire espazioa” botako dio azkenik, alabak aitari. (182)
dira. Aitaren aldetik ere, arestian aipaturiko izeba hilaren itzala etengabe ari da giroan, batzuetan irudi miresgarri bezala, jasan behar izan zuen gaitzaren azken erasoaldi mingarria adibide; bestetan, aldiz, Damoklesen ezpata legez, nolabaiteko mehatxu baten oroimen, zer ez lukeen egin behar esaten ari zaiona Nagoreri. Amak, ostera, bere edertasunaz kanpo, bigarren mailan igaroko du nobelaren aro gehiena, azken aldian izan ezik, non aitarengandik banatu ostean alabarekin bizitzen egongo baita, eta, geroago Nagoreren ospitaleratzea gertatzen denean berragertuko da, azken uneko halako batasun moduko bat sortuko baita guraso eta alabaren artean.
Identitateaz eta ekidistantziaz Gurasoak tabernariak ditu Nagorek, eta txiki-txikitatik, beraien lokaletan bizitzera ohituz joango da neska gaztea. Zarata, zikin, mozkorraldi, borroka eta era guztietako gehiegikerien artean, eleberriaren baitan bada identitatearen inguruan ere zer azpimarra. Nagore, ezker abertzaletik hurbil dabilen emakumea da, nahiz eta kritikoa agertzen den beraien zenbait jarrera eta tiken aurrean. ETAren ekintza armatu eztabaidatuena gertatzean –Miguel Angel Blancoren erailketa– ondokoa dio Nagorek: (...) abertzale puruekiko mesfidantza eta espainolista ezkertiarrekiko errukia eta auzo-lotsa (178) Borroka armatuaren ondorengo aldarteez ere plazaratzen ditu hainbat gogoeta nahiz eta aipamen aski azalekoak gerta litezkeen. Identitatearen inguruan ostera, jorratua ikusten da gure ustez alor hau eleberrian barrena. Identitatea, Nagore Vargas Alkortarentzat ez da zertan jatorriarekin lotu behar. Ez horrekin bakarrik behintzat: non jaioa zaren, zure deituren nolakotasunak...eta abar. Eta horrelako zerbait da nonbait Nagore gazteak ezker abertzaleko kideei leporatzen diena (...) “Behin eta berriz gogorarazten zidaten –euren izen atabikoekin, euren senide presoekin– ez nintzela beren artekoa, ez behintzat erabat, ez behintzat osoki” (165). Identitatea, garbi asko norbere borondatearekin lotu beharko dugu. Identitate bilatze horretan, garbi dago ezker aldetiko ikuspegiak asko lagunduko lukeela. Ez da beraz egokia, zenbaitek egiten duena: irakaskuntzatik bertatik era batera edo bestera lerratzen bagara; adibidez, Urruzuno ikastetxeko haurrei beste ikastetxekoek barre eta trufa egiten omen zieten, jatorriagatik nonbait: Urruzuno, maquetos y morunos” deitzen
omen zitzaien (70)4. Jakina, zenbait gaitzizen oso kaltegarriak gerta litezke umetatik bertatik itsatsirik geratzen badira gaztetxoen munduan. Kezka horren lekuko dugu alabak aitari galdetzen dionean: “gu maketoak gara?” (72. orr.). Identitate finkatze-nahi honetan honako beste hau irakurtzen dugu. Nagorek Karra bere ohaide askotariko baten izaera aipatzean honela dio: “nire antzeko hibrido bat zen, emigranteen semea eta euskaldun berria, izaera alaia eta axolagabea” (170). Aurrerago esplizituago izango da Nagore bere buruan definitzerakoan: “Nire baitan zeuden erdi-maketoa izatearen lotsa eta ezkertiarra izatearen harrotasuna” (178).
Nagore batetik bestera: kanpo bidaiatik barne bidaiara Garbi ikusten da bi Nagore dabiltzala kontakizunean. Hots, kanpora begira barrura baino errazago susmatzen dena. Nagore apurtzailea, apur bat ninfomana, ikonoklasta, dena eztabaidatu eta zalantzan jartzen duena. Nagore lehenengoa sutsua da bere iritzietan, esplizitoegia gure ustez: “Desafioaren bulkada erraietatik datorkit, sexua datorkidan toki beretik”(75). Bigarren Nagore gogoetatsua da, errealistagoa bere gaixotasunaren grabedadeaz ohartu dena. Zenbait lagunek ere leporatzen diote bere xalotasuna. Irantzu lagunarekin, adibidez. Irantzuk, Nagoreren infrentzua dirudi, honen lainezarik gabea.
Behin
ospitalera bisitan datorkiola, elkarrizketa luzea izango du Nagorerekin; bisitariak suarekin jolasean ari dela esaten dio, eta ondokoa leporatzen: “Begira, Nagore, disidentziaren kontu horrekin urrunegi joan haizela uste dinat” (225). Irantzuk oinak lurrean jar ditzala eskatuko dio: “Benetan uste dun hiesa ez dela existitzen? (226). Etsi-etsian antirretrobiralak onartu dituela esana dio Irantzuri, nahiz eta bere zalantzakein jarritzen duen: “Nik ez dinat kaka horretan sinesten, are gehiago, izua zionat, AZT hartu zuten ia denak zuloan zauden” (219). Eta, ororen gainetik, Nagorek bere kontraesankortasuna agertzen du: drogak hartzea (botikak, azken finean haiek ere horixe dira) arbuiatzen du, besteak, beti kaltegarriak direnak, erruz hartu izan dituenean.
4
Eta beste epiteto asko. Aipaturiko 70. orrialdean irakurtzen dugunez. Ikastetxea irainez betetzen zutela: “Urruzuno no se salva ninguno”. “Urruzuno, del sida me vacuno”. Eta abar.
Idealista, beti ere Bada izaera bat Nagoreren baitan dabilena. Eta da, bere idealismoa, maiz fatalismo handi batekin nahasirik. Horretaz ohartua dago bera, oharturik daude bere lagunak. Irantzu lagun mina agertzen delarik, Nagorek ondokoa onartzen du: “gauzetan pentsatzea nigan pentsatzea baino askoz errazagoa zen” (90). Horixe gogoratzen dio Irantzuk: “Heure burua salbatu beharrean, mundua salbatzeko joera daukan” (Ibid.).
IRITZI KRITIKOA Barne bidaiaz amaitzen da nobela, zer ikusirik ez kontakizunean barrena ikusi dugunaz konparatuz. Egia esatera, gure ustea da, Jenisjoplin tituluak ez diola mesede handirik egin nobelaren ibilbideari. Izan ere, mimesi handia ageri da. Batez ere, narratzailea protagonistaren kanpo-bidaiaz ari denean. Badirudi ekintza, gertakariak eta abarrak estrategikoki kokatuak daudela han-hemenka, eta, haien mende pertsonaiak kokatu direla. Hiperbole eta nabarmenkeria dira nagusi pasarte askotan: nork mozkor handiagoa harrapatu, nork neska edo mutil gehiagorekin ligatu, nork...Guztia oso eskematikoa, gure iritziz. Egia da, “kale”-gertakariak amaitzen doazen neurrian protagonistaren alderdi gogoetatsua zabaltzen dela, batez ere, Nagoreren 2. ospitaleratzearen ondoren. Beraz, Uxue Alberdik nobela bizi, mugimenduz betea osatu du, baina, ostera, ikusten da pertsonaiak aski koadrikulatuak direla, aurretik oso jakineko gidoi bati lotuegiak. Datu, gertakari eta abarren pilaketa ondo dago baina agian nobelak beraien literatur interpretazio bat falta du. Bestalde, kazetari izateak, Alberdiren kasuan bezala, zelanbait idazle ofizioari mesede egiten dio eta, bidenabar, eleberriari, zertzelada horren frutu baita gertakariak osatzeko eta plazaratzeko erraztasuna, euskara aberats eta biziaz, kolore eta ñabardurez betea, ondorio zuzena delarik eleberrian egon badauden literatur gabeziak estaltzera datorrelarik.