Juan San Martin Liburutegia “Harixa emoten”
Iruzkina: Antxon Narbaiza
Wikipedian https://es.wikipedia.org/wiki/Alaine_Agirre_Garmendia
Armiarman http://zubitegia.armiarma.eus/?i=917
Liburua Alaine Agirreren bigarren eleberria dugu honako hau. 78 orrialdeko liburu labur hau 41 ataletan banatua dator. Kapitulu oso laburrez bada, dator X hil da kontakizuna. Azala Liburuaren azala adierazgarria da: egilearen izenarekin batera, eleberriaren izenburua letra gorriz dator idatzia: X hil da. Halaber, emakume batenak diratekeen lau hatz ikusten ditugu, atzazal gorriz tindatuk gorri-gorri ageri den bihotz bat dirudien irudi bati eusten diote. Dena ez bada, gehiena da gorri, liburu-azal honetan. Sinopsia Mezuaren arrastoan Eleberriaren eskaintzan bertan: “X-ri, hilezkor nahi zaitudalako” esaldian, uste dugu egileak narrazioa nondik joango den arrastoa ematen digula. Edota hurrengo orrialdean, Annie Ernaux idazle frantsesaren pentsamendua plazaratzean, non haren amaieran ondokoa aitortzen den: (...) “testu hau idatzi ondoren, hiltzea ere berdin izango zitzaidan”.· Pertsonaiak eta protagonistak Kontaeraren norabidea aski gardena da. Galera batek ematen dio funtsa: protagonistak bere maitea galdu du. Hortik datorkio maite-mina. Horra bere lehen obsesioa. Nola galdu duen hori hurbil arazi. Protagonistak izenik agertzen ez duen X bezala izendatu duen pertsonari zuzentzen dizkio hainbat maite-erakutsi, gogoeta eta aitorpen, besteak beste. Beraiek osatzen dute liburuaren zatirik handiena. X-rekin harremanetan ez badago, izenik jartzen ez zaion narratzailea hari buruz arituko da, berarekin bizituriko bibentziak plazaratzen dituela. Monologoa X-rekin, monologoa, etengabe, hipokondrismoa erakusten duena maiz. Inoiz –X-ak erantzuten ez dionez, amarengana jotzen du, huraxe baitu betiko sostengu. Esango genuke hark osatzen duela eleberriaren zelanbaiteko triangelua, pertsonaiei dagokienez behintzat. Sosegurik gabeko prosa bizia, azkarra, atsedenik gabea eskaintzen digu kontakizun honetan Alaine Agirrek. Gai monografiko batek inarrosten du narrazioa. Pertsona izenik gabeko nobelatxo honetan –ez protagonista-narratzaileak, ezta haren maiteak ere, Xk, ez dute izenik ageri–, egiazki, hiru protagonista izango ditu errelatoak: bata narratzailea bera, bestea hitzik ahoratzen ez duen X, eta, azkenik, itzalean, ohi bezala, gertakizun oro, zaintzen ari den absolutoa: herioa edo heriotza.
Bestalde, nekez bereiz ditzakegu horrelako kontakizun baten atalak, edo, beste era batera adierazita, zaila izango zaigu crescendo berezirik aurkitzea. Dena baita tentsionamendu berezi batez gertatzen. Arestian aurreratu bezala, protagonistak X bere maitalea galdu du: X HIL DA, X HIL ZAIT esaten ekingo dio bereari. Baina berehalakoan, zertaz aritu nahi duen ahaztu balitzaio bezala, inspirazioa nola datorkion aitortzen igaroko du orrialde osoa simil musikal konplexuak erabiliz bere idazteko eraz. X hil dela konfirmatzen digu hurrengo atalean protagonistak, eta beretzat gabezia izugarri bat da: amesgaizto bat, zer galdu duen adierazteko “ez-ez� beteriko perpausak osatzen dituela (13 aldiz ageriko da bertan ez partikula!). Herio(tza) Denok jasan behar dugun baina geure baitan ezagutu, ezagutzen ez duguna ezin presenteago dabil kontakizunean. Nolakotasuna. Eta nola horren inguruan bere burutapenak luze-zabal jaurtiko ditu 11. kapituluan, adibidez: galderak eta galderak bere buruari baldintzetaz: nola hil, nola nahiko lukeen hiltzea...; tema horrek paroxismoa erakusten du, inoiz eromena, baldintza hipotetiko luzeak direla medio. Irudimena airean, protagonistak bere ametsak okerrerako bidean jartzen ditu, ukitu hipokondriakoa erakutsiz. 29. orrialdeko irudimen-lerroak babes bezala ikusiko genituzke, bere burua amets itsusietatik zelanbait babesteko. Heriotzaren aurpegi kontaezinak X-ren baitan heriotzak izango lituzkeen aurpegi desberdinak irudikatzen jarraituko du protagonistak. Erakutsi du X-ren azkentzea bere besoetan, ondoren bere hipotesiek hegazkin istripu bat jotzen dute maitearen herioaren zergatitzat. X paraplegiko bat ere irudikatuko du. Horra bada, herio-aurpegi guzti horiek, haren gauzatze posibleak erakutsiz, heriotzaren beraren ustekabetasuna saihestu nahi lukete. Horrelako zerbait ibiliko balitzaio bezala bere lokietan barrena: “Heriotza nola etorriko zaidan ez dakidanez, eta zertzelada dramatiko hori antzematea ezinezkoa zaidanez, irudika dezadan kontakizun bat haren presentzia gerta dadin baino lehen: ezusteko, sorpresarik gabe, ez baitigu heriotzak beldurrik sortuko�.
Hila bizirik dago Alaine Agirre eta idazlearen sortze-prozesua
X hil da nobelaren irakurketak zuzen garamatza, gure ustez, idazlearen sortzeprozesuaren bilakaeraz aritzera. Galdekizun dira: nola sortzen du idazleak, nondik datorkio inspirazioa? Zer eragin eta “zenbatekoa” dute ametsek sortze-prozesu horretan? Eta gure sortze-bilakaera horren kokapen fisikoa burua, burmuina dugularik, zer pasatzen da pertsona horren burutik? Kontakizun honetan narratzaile-protagonista batek bere bikotearen betiko galeraz dihardu; berdin dio galera bere ondoan gertatu izan den, edo hegazkin istripuan; baita harrigarriro bizirik badago ere. Izan ere, ametsak beti amets. Ametsak, Freuden garaitik frogatua, gizakiaren izaera guztia inarrosten du. Galdekizun ugariz beterik etorri ohi da. Zer dut lorgarri, zerk kezkatzen nau, zeri diot beldur? Batzuk esna, bestek lotan, batzuek pilula edo bizigarrien eraginez, bakoitzaren barne munduak era guztietako gertakariz ehuntzeko gai gara. Azken buruan, ez dakigu noraino eta nola iris daitekeen gutariko bakoitzaren ahalmena. Eguneroko errealitatea alboratuz, mundu paraleloak eraikitzeko gai gara. Eta ametsak piztu araziko du protagonista, izan ere, hilik uste zen X, 11. atalean, ostera, bizirik dagoen zantzua dugu. Horrela dio behintzat narratzaileak: (...) “zera gertatuko balitz, X hilgo balitz”. Harrezkero, X-ren heriotzaren nolakotasunaz arituko da etengabe, Bizitza, Destinua, Patua, jartzen ditu dantzan narratzaileak ziztu bizian. Eta egilearen beste aitorpen bat: “azkarregi mugitzen dira pentsamenduak nire buruan” Objektu maitatua Protagonistak X-rekingo harreman edo egoera posible guztiak aurreikusi nahi lituzke. Bego hilik edo bizirik, protagonistak X-ren ertz guztiak ezagutu nahi lituzke. Berarekin edo bera gabe haren jarrera guztiak aztertu. Objektu maitatuarekiko lotura neurosi neurri handitan amai liteke: maitasun-zalantzak, zeloak, dena nahasten da. Hori bai, protagonistak ez du erosotasunik nahi maite-bizitzan, pasioa baino. Eta pasio horrekin batera beste bederatzi maitegai biltzen ditu: amodioa, sexua, zoramena, desira, grina, irrika, sua, ezinegona eta poesia horiek guzti horiek behar omen dira. Gutxitan mintzo da protagonista bere buruaz. Gehienetan besteekiko edo besteei eskatzen dizkien bertute edo grinetatik jakin ahal izango dugu nolakoa den X-ren bikotea. Horrek bide ematen digu haren aitorpenak entzuteko. Esaterako, intelektuala ez dela diosku baina idaztea barren-barrenetik bizi du, erabat, hain zuzen, zaletasun hark: “inbaditu egiten nau” esan izango digu.
Formaren garrantziaz Iruzkin honen hasieran aipatu dugu etsikortasun edo behar bada, errealismo gordin baten erakusle liratekeen ez partikularen erabilera ugaria 2. atalean; beste horrenbeste ezin partikularen presentzia. Hain zuzen, nobelan barrena protagonista nagusiak bere ezintasuna deskribatzen pasatzen du, –horretarako prosa “oparoa”1, azkarra, bizia, sinonimoz blai datorrela–, non komak jartzea ia sistematikoki saihesten duen. Egia esatera, narrazio honetan barrena edukia (zer kontatu nahi digun egileak) azalaren (nola kontatzen digun) oso morroi gertatzen da. Badirudi bihozkadaka idazten ari dela, izan ere, perpaus luzeak eta laburrak txandakatu ez ezik, etenak ere egiten baititu, sententzia antzeko baieztapenak egiteko. Adierazi legez, narrazioaren formak, alegia, hizkuntz baliabideen erabilera oso harreman estuan ikusten dugu egileak helarazi nahi digun giroarekin. Adibidez, baldintzaren erabilera, zer nahi lukeen, zerk kezkatzen duen, edota bere ezintasunen kutxa erakutsiz adierazi nahiak (27. atala); beste horrenbeste ala partikula disjuntiboaren presentzia, protagonistak hautatu egin behar duela nahi eta ez agertzeko. Halaber, logikako proposizio erara aurkezten dizkigun perpausen paradigmak (ikus, 31. 33. atalak). Eta, paragrafo honen harian azpimarratuko dugun legez, komaren absentzia hainbat pasartetan, agian paperean egilearen pentsamendu gauzatze azkar bat erakusten digute. Azken hitza Alaine Agirrek burutu duen narrazioak, liburuaren kontrazalean esaten den legez: “Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu”. Heriok
–gertakari
ezusteko
eta
zelanbait
bortxazkoa
bailitzan
ulertua–,
oldarkorragoa da heriotza baino. Pentsa dezakegun baikor izanik, behin bakarrik harrapa gaitzakeela. Beraz, goza dezagun hura gabe garen aldiaz, hots, bizitzaz. Laburbilduz, A. Agirrek bere kezkak, arrangurak eta tasun-keria –guztiak ez bada gehienak– plazaratu dizkigu narrazio labur eta interesgarri honetan.
1
Danele Sarriugarteren prosa gogorarazten digu maiz A. Agirrerenak.
Idazlearekin harixa emoten http://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia http://liburutegiak.blog.euskadi.eus/eibar/