1. GELDIALDIA
Aurkezpena
2016ko maiatzaren 2an, Mariaren Bihotza plazako aztarnategia estaltzeko lanak inauguratu ziren.
Une horretatik aurrera, espazioaren kudeaketa Bilboko Berreginen Museoaren esku geratu zen, eta museoak bere espazioak egokitzeko prozesuari ekin dio, aztarnategia jendeari bisitatzeko.
2021az geroztik, erakundearen egoitzatik bertatik sartzen da aztarnategira, San Frantzisko komentu zaharreko klaustroarekin lotzen den sarbide baten bidez.
Sarbide nagusi horri jarraituz, ibilbide bat prestatu dugu, indusketa arkeologikoan agertutako eraikinen hondakinak ez ezik, aztarnategian ikusgai dauden Euskal Museoaren Bildumako pieza enblematikoenetako batzuk ere ezagutzeko.
2. GELDIALDIA
Indusketa
2006. urtean, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Plan
Berezian proiektatutako Mariaren Bihotza plaza birmoldatu aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak bertako
Ebaluazio Arkeologikoko proiektua eskatu zuen.. Euskal Herriko
Unibertsitateko Arkitekturaren Arkeologiako Ikerketa Taldeak eta Quark
S. Coop. enpresak egin zuten prospekzioa, urria eta abendua bitartean, Bilbao Ría 2000 erakundeak gainbegiratuta.
Gunearen historiari buruz kontserbatzen zen dokumentazioak, XV. eta XIX. mendeen artean zutik zegoen frantziskotar komentu bati buruz hitz egiten zuen, baita geroago kuartel militar bat eraikitzeari buruz ere.
Abiapuntu gisa, komentuaren antzinako irudiak Mariaren Bihotzaren
Plazaren planoan gainjarrita, multzoa eta, horrekin batera, induskatu beharreko eremua kokatzea erabaki zen.
| Hiru faseko esku-hartzea2006-2010
2006an egin ziren lehen zundaketak. Fase horretan, 320 m2 soilik aztertu zituzten, plazaren erdian. Emaitzak adoretzeko modukoak izan ziren arren, induskatutako gunea oso txikia zen, eta zaila zen interpretazio zehatzak egitea. Nolanahi ere, hala San Frantzisko Komentuaren nola Alfontso Printzearen Kuartelaren egituren aztarnak aurkitu zituzten. Emaitzek oso itxura ona zutenez, Foru Aldundiko eta Udaleko arduradunek azterketa arkeologikoko bigarren faseari ekitea erabaki zuten.
Fase hori 2007an hasi zen, eta askoz ere eremu handiagoa hartu zuen, ia plaza osoa, zuhaitz-lerrotik haur-eskolaren eraikinera. Esku-hartze horretan, kuartel zaharreko eta komentuko zenbait gune agertu ziren, bai eta komentua eraiki aurretiko zenbait egituren aztarnak ere.
Indusketaren bigarren fasearen arrakasta ikusita, hirugarren fase bati ekin zioten, esku-hartzeko gunea zabalduz. Oraingoan, azterketa haureskolako patiora mugitu zen, eta komentu zaharreko klaustroetako bat guztiz azaleratzeko aukera eman zuen; halaber, elizaren zati handiagoa agerrarazi zuten.
3. GELDIALDIA
Bilboko Ikuspegia
Hemen ikus dezakegun jatorrizko litografia Euskal Museoaren bildumakoa da, eta ezagutzen den Bilbo Hiribilduaren ikuspegi orokor irudi bakarra da.
XIX. mendearen bigarren erdialdeko ekoizpena da. Bertan, XIX. mendeko lehen hereneko Bilbo bikain irudikatzen da. XVIII. mendeko panoramika klasikoak berrezkuratzeaz gain, garai hartako eraikinak ere erakusten ditu, hala nola Atxuriko Ospitalea (San Antonen eskuinaldean), 1818an erromesen ospitale zaharraren gainean eraikia, Mallonako hilerria (1828) edo Plaza Berria (1829). Aldi berean, elementu bitxiak erakusten dizkigu, adibidez, Zubi Esekia, komentuaren historiari oso lotuta zegoena. Beheko ezkerreko angeluan ikus daiteke, eliza atzealdean eta alboko bi klaustro lehen planoan dituela.
San Frantzisko Komentua (1476-1821)
Kuartelaren hondarren azpian, indusketa arkeologikoak San Frantzisko Komentu zaharraren aztarnak aurkitu zituen. Komentuak izena eman zion gaur egungo San Frantzisko kaleari, eta Bizkaiko eraikin erlijiosorik garrantzitsuenetako bat izan zen, nagusiena ez esatearren. Ondorioz, Hiribilduko izen handieneko familia askok aukeratu zuten toki hori beren ehorzketak egiteko, eta beren kaperak eraiki zituzten bertan. Horma horien artean latina, filosofia eta teologia irakatsi ziren. Jarduera ia frenetikoa izan zuen, XIX. mendearen hasieran gainbehera azkar eta osoa hasi, eta 1821ean behin betiko itxi zen arte.
Esku-hartze arkeologikoari esker, garai batean San Frantzisko
Komentua osatu zuten egituretako batzuk berreskuratu dira. Eliza zaharraren gehiengoa erabat ikusten da, baita komentuak itxuraz izan zituen bi klaustroetako bat ere. Gainera, XVII. mendean erantsitako
Hirugarrendarren Aretoa ere induskatu da, bai eta sarrera-gunea edo ataria eta gandola bat ere, azken hori euri-urak itsasadarrera drainatzeko erabilia.
Espazio guzti hauek Aztarnategiko bisitaren parte dira.
Bilvao. Hogenberg Franz, Muflin Johannes. 1575
© Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco
4. GELDIALDIA
Bilboko Hondarrak
Jarraian ikus ditzakezun objektuak Euskal Museoaren Bildumaren parte dira, eta aldi baterako daude ikusgai dira Mariaren Bihotza Plazako Aztarnategian, Museoaren Berritze Integralaren prozesuan.
Urrutien dagoen eremuan, ia izkinan, San Anton zubi zaharreko edo La Puente Vieja-ko arkuak errematatzen zituzten harrizko bolak ikus daitezke. Guztira, sei bikote zeuden bertan.
Mendeetan zehar, San Anton Zubia izan zen Bilbo Hiribildura sartzeko bide bakarra, eta San Frantzisko Komentuko fraideekin eztabaida askoren iturri, beren sarbidea kontrolatu nahi baitzuten. Horregatik, Komentua eraikitzen hasi ziren unetik, bere zubia eraikitzea ere eskatu zuten.
Bolen ondoan hiru armarriko sekuentzia bat ikus dezakezu, guztiak Bilbo Hiribildukoak. Lehena, boletatik gertuen dagoena, Santiago Basilikaren fatxadan egon zen, gaur egun Bilboko katedrala dena. Eraikinaren fatxada historikoa gaur egun alboko arkupearen azpian dagoena zen, hura baitzen hiribilduaren herrigunera begira zegoena.
Haren ondoan, Bilbo-Tutera trenbide geltoki zaharrean kokatu zen armarri hau, Bilbon izan zen lehenengoan. Abandoko egungo geltokitik gertu egon zen. Eraikitzeko, frantziskotarren mojen komentua lekuz aldatu behar izan zen, XIX. mendearen amaierara arte bertan kokatu zena.
Bilboko azken armarria Mallonako hilerrian kokatu zen, Bilboko parrokiaelizetatik kanpo eraikitako bigarrena. Lehena, hain zuzen ere, San Frantzisko komentukoa izan zen.
Azkenik, bere ondoan, Barco, Urrutia, Montiano eta Arbolantxa familiaren armarria ikus daiteke. Familiak XV. eta XVI. mendeen artean Erriberan eraiki zuen etxean egon zen. Enkarterrietatik Bilbora etorri ziren, oihal atlantikoen merkataritzan aritzeko.
5. GELDIALDIA
Historia apur bat
Zenbait iturri dokumentaletik ondorioztatzen denez, XV. mende amaieran frantziskotar fraideen komunitate bat zegoen Bilbon, eta San Mames inguruan komentu bat zuten. Mende horren amaieran, monasterioa Bilboko Hiritik hurbilagoko lurretara mugitzeko eskatu zuen kongregazioak. Dagoeneko 1475ean, Sixto IV.ak Abandora lekualdatzeko baimena eman zien San Mameseko frantziskotarrei, Sacrae Religionis buldaren bidez. Ez dakigu berehala hasi ote ziren eraikin berria eraikitzen, baina, indusketetan aurkitutako hainbat hondakinak ikusita, litekeena da fraideak aldi baterako egituraren bat egiten hasi izana, lurraren jabetza lortzeko modu gisa, ez baitzieten ofizialki eman zenbait urte geroago arte.
Errege-erregina Katolikoek 1498an eman zuten eraikitzeko baimena. Juan de Arbolancha jaunak eta Elvira Fernández de Basabe andreak eman zuten horretarako lursaila, Infantzonatuaren Mahastia izenekoa. Orduan hasi zen San Frantzisko Komentuko obra gotikoa. Lehenengo konplexu hori elizak, klaustroak eta erantsitako beste areto batzuk osatzen zuten. Batzuen lekukotza arkeologikoak gordetzen ditugu oraindik ere; beste batzuetatik, ez daukagu ezer.
Ikuspegi historikotik, XVI. mendeko gertakaririk nabarmenena Carlos
V.ak komentuari armak erabiltzeko baimena eman zionekoa izan zen. Hala, monasterioak Inperial titulua lortu zuen.
XVI. mendetik aurrera, komentua asko hazten hasi zen, eta 1614an heldu zen bere une gorenera, Hirugarrendarren Ordena ofizialki finkatu zenean Bilbon. Orduan erantsi zuten multzora aztarnategiko gunerik garrantzitsuenetako bat: Hirugarrendarren Aretoa.
XIX. mendearen hasierarekin, San Frantzisko Komentuaren amaiera hasi zen. 1820an, Gorteek bere itxiera dekretatu zuten. Independentzia Gerratik erabiltzen zen toki hori, kuarteleratzeko gune modura. Alabaina, ez zen behin betiko gotortu 1833 arte. Hortik aurrera, komentu zaharra kuartel modura erabiltzen hasi zen eta, ondorioz, guneak moldatu behar izan zituzten.
Hala ere, 1848an, eraitsi eta oin berriko kuartel bat eraikitzea erabaki zen. Proiektua Juan Salcesek aurkeztu zuen. Obrak oraindik urte batzuk atzeratu ziren, komentua apurka-apurka eraisten ari zen bitartean. 1861ean desagertu zen behin betiko, nahiz eta kuartel berriko lanak 1865era arte ez ziren hasi.
Alfontso Printzearen Kuartela jardunean egon zen 1929 arte. Eraiztea urte horretan hasi zen eta 1931n amaitu zen; ondoren, plaza urbanizatu eta Tomas Meabe ikastetxe multzoa eraiki zuten.
Sondikako San Juan Bataiatzailearen
Parrokiako atea
San Joan Bataiatzailearen eliza 1939an eraitsi zen, Bilboko aireportuko lanak hasi zirenean. Eraikuntzan parte hartu zuen arkitektoetako batek, Manuel Ignacio Galíndez Zabalak, atea berreskuratu eta Euskal Museoari eman zion.
Ate horrek elizarako sarbidea ematen zuen. Badirudi eraikina XII. mendean eraiki zela, nahiz eta gerora birmoldaketa eta berreraikuntza ugari egin zitzaizkion. Sarrerako ateaz gain, Euskal Museoak eraikin zaharreko kapitel erromaniko bat ere badu.
6. GELDIALDIA
Komentuko eliza
San Frantzisko Komentuan kontserbatu diren aztarna guztietatik, elizarenak dira zaharrenak. Gaur ikus ditzakegun hormetako asko komentuaren obrarekin batera hasi ziren eraikitzen, XV. mende amaieran. Hala ere, jakina, gainerako guneek bezala, aldaketa asko izan zituen, eta garai berrietara egokitzen joan zen.
Eliza nabe bakarrekoa zen, 13 metroko zabalera zuen, eta erdigunearen alde bakoitzean bost kaperako bateria zeukan. Indusketak agerian utzi du egituraren zati handi bat. Erdiko nabearen bi alboetan hegoaldeko kapera guztiak eta iparraldeko batzuk bereiz daitezke. Alabaina, ezin izan da berreskuratu gaur egungo Gizarte Etxearen azpian egongo zen aldare nagusiaren gunea.
Hala kaperak nola erdiko nabea hilobi moduan erabili ziren, ohiturari jarraikiz. Elizako nabean espazioa ahalik eta hoberen aprobetxatzeko eremu osoa sailetan zatitu zen. Bestalde, Hiribilduko familia gorenek ordaindutako alboetako kaperetan hilobi gutxiago jarri ziren, baina kalitate artistiko handiagokoak. Ebanjelioaren aldean, Aldare Nagusitik hurbilen zegoen kaperan, Arbolancha familia ehortzi zuten, frantziskotarren ongile nagusiak baitziren; haien aurrean, berriz, Epistolaren nabean, Arbietotarrak.
Eliza zein jatorrizko klaustroa eraikuntza gotikoak ziren. Elizaren kasuan, ezaugarri hori nabe nagusiaren bi aldeetan dauden pilareen abiaburuetan argi eta garbi ikus daiteke. Jatorrizko klaustroa, ordea, XVII. mendean desegin zen, komentuaren behar berrietara egokitzeko.
7. PUNTUA
Epistolaren aldeko lehen kapera
Une honetan Epistolaren nabearen lehen kaperan zaude, Arbietotarrek familiaren ehorzketarako erabiltzen zuten hartan. Lehen kapera zen Aldare Nagusiaren ondoren, eta, beraz, eliza osoko bigarren kapera garrantzitsuena, aurrez aurre zegoenak bakarrik gainditzen zuena, Arbolantxatarrena izan zen Ebanjelioaren nabean. Zoritxarrez, kapera hori ezin izan zen induskatu, plazaren iparraldeko eraikinen azpian geratu baitzen.
Oraindik ikus daiteke, nahiz eta oso kaltetuta egon, alboko kaperatik bereizten zuen zutabearen abioa. XVII. mende amaierako lurzoruaren zati bat ere kontserbatzen du, 1680 ingurukoa.
Zurbarandarren dorrearen ateburua
Hurrengo kaperan, hormaren kontra, Zurbarandarren dorretxeari dagokion ateburu bat ikus daiteke.
Zurbarandarrak, aipatutako Arbolantxatarrekin edo Arbietotarrekin batera, XV. mendeko Bilboko beste familia garrantzitsu bat izan ziren. Euskal Museoaren Bildumako ateburu horrek familiaren dorrerako sarbidea ematen zuen Dorrea kalean.
Eraikina 1878an eraitsia izan zen, baina oraindik ateburu horri eusten diogu, eta horren gainean honako hau irakur daiteke: «Esta casa fiso Lope Martines de Çurbaran basallo del rei en el año de mil e cccc e cincuenta e tres». Etxe hau Lope Martínez de Zurbaranek egin zuen, erregearen basailua 1453. urtean.
Nicolás Bustrín. © Real Chancillería de Valladolideko Artxiboa8. GELDIALDIA
Komentuaren irudiak
Elizaren pareko korridorean, XVII. mendearen amaieran tenpluak izan behar zuen itxura erakusten duten hainbat irudi ikus ditzakezu.
Jatorrizko marrazkiak Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxiboan gordetzen dira. Francisco Antonio de Salazarrek eskatuta egin ziren, komentuko hilobien libro becerro-tik kopiatuz. Bere egilea Nicolás Bustrín izan zen, margolari bilbotarra, baina jatorri flandestarrekoa.
Lehen irudian, Kapera Nagusia izan zenaren altxaera bat ikus daiteke, gurutze-ganga batez estalia eta estilo klasizistako erretaula batez apaindua.
Bigarrenak, ia ziurtasun osoz, Santa Klarari eskainitako Arbolantxatarren kapera galdua irudikatzen du. Marrazkian, hiru hormak irudikatzen dira, egun batean erakutsi zuten apaindura guztiarekin.
Azkenik, hirugarrenean burualdetik hurbilen dauden hilobien plano bat ikus daiteke. Alde batetik, habeartean sartutako ehorzketak eta, bestetik, aldaretik hurbilen dauden lau kaperak, bi nabearen alde banatan.
Cándido de Arechagaren hilarria
Pasilloaren beste aldean, elizaren kanpoko horman bermatuta, hilarri laukizuzen bat ikus dezakezu, bere perimetro osoan moldura bat duena, inskripzio bat markoztatzen duena. Bertan irakur daiteke:
«[ NAC] io en Bilbao el 4 de sep/[tie] mbre de 1802 y fue alevosa/[men] te asesinado el 3 de octu/[br] e de 1833 día en que fue/do en esta villa y en España/el primer grito de la rebeli/on carlista después de la mu/erte de Fernando VII»
Candido Arechaga I. Karlistaldiko lehen biktima izan zen Bilbon. Karlisten partida batek hil zuen, San Frantziskoko zubi esekiaren ondoan, liberalak bilatzera eta harrapatzera hiribilduan ibili ziren asko eta asko, «Viva Carlos V» oihukatuz.
Mallonako hilerritik datorren hilarria Euskal Museoari egindako dohaintza berri samarra da, El Sitio elkarteko kide Ramon Talasacen bitartekaritzari esker lortua.
9. GELDIALDIA
Gandola
Aztarnategiaren atzealdean, elizaren oinaren ondoan eta Tertziarioen Aretoaren atzean, multzoko eraikinik deigarrienetako bat dago. Mendihegalaren alde horretako urak bideratzeko erabiltzen zen gandola da.
San Frantzisko Komentua kokatu zen guneak malda handi bat zuen, urak ipar-ekialderantz drainatzen zituena, eta beherago zegoen itsasadarreraino eramaten zituena. Indusketak jariatze-ura kanalizatzeko hainbat esku-hartze aurkitu ditu. Komentua bera baino lehenagoko obrak antzeman dira. Baina handiena, zalantzarik gabe, gandola hau da.
Iparraldetik hegoaldera orientatzen da eta, iparraldeko muturrean, gertuen dagoen aldean, mendebalderantz okertzen da, gure eskuinerantz, ura estolda baten bidez drainatzeko. Zoladurak argi eta garbi bereizitako bi eremu ditu. Goialdean, hegoaldean, errekarria erabiltzen da, eta arrain-hezurraren forma hartzen du; iparraldean, berriz, kareharrizko lauzak ditu. Badirudi desberdintasun hori espazio bakoitzaren funtzioaren ondorio dela. Ura errekarri gainetan isurtzen zen, harlauza lauetarantz jaisten zen, eta harlauza horien gainean biltzen zen, ondoren alboko hustubidetik bideratzeko.
Bisitan zehar, hainbat tokitan, hormekiko paraleloan dauden kanalizazioguneak ikusiko dituzu. Frantziskotarrek urak itsasadarrera eramateko eraikitako drainatze-multzo horren zati ziren.
10. GELDIALDIA
Hirugarrendarren Aretoa
Frantziskotarren Hirugarren Ordena 1614ra arte ez zen Bilbora iritsi, nahiz eta XIII. mendean San Frantziskok sortu. Frantziskotarren bizimoduaren eredua besarkatzeko hirugarren bide bat zen, botoak hartu ezin edo nahi ez baina santuak ezarritako arauen arabera bizi nahi zuten pertsona guztiei zuzendua.
Dirudienez, Bilbon Ordenaren sortzeak markatu zuen gauden espazio honen eraikuntza. Hala ere, indusketa-prozesuan aurreko bi gelen aztarnak aurkitu ziren, leku berean egon zirenak, baina informazio gutxi atera daiteke horiei buruz. Litekeena da lehenengoa komentua bera eraiki baino lehenagokoa izatea. Bigarrena, agian, Hirugarren Ordenarako eraiki zen, komentuan ofizialki sartu aurretik ere.
Kontserbatzen den espazioari dagokionez, itxura klasizistako gela da, non oraindik hiru nabetan banatzen zuten zutabe toskanarren abiadurak ikus daitezkeen. Kontserbatzen ditugun dokumentu-erreferentzien arabera, badirudi erabilera bikoitza izan zuela, alde batetik liturgikoa eta bestetik akademikoa. Litekeena da espazioa aldare txiki bat izatea, bai eta liburutegia eta ikasmahaiak ere.
XIX. mendearen hasieratik komentua bertan behera uzten joan zen. Gorteek 1820an erabaki zuten ixtea, eta 1833an ofizial egin zen bere moldaketa, praktikan kuartel bat bihurtuz. Garai horretakoak dira eskuineko horman ikus daitezkeen zuloak, baita luzitua eta graffiti batzuk ere. Kuarteleko zaldiei eusteko erabiltzen ziren ziriak ainguratzeko puntu gisa egin ziren zuloak, espazioaren erabilera aldatu zenean.
Gainera, indusketek erakutsi dutenez, Hirugarrendarren Aretoa balak egiteko ere erabili zen Gerra Karlistaldietan, espazio horretan beruna eta jaurtigai ugari urtzeko arragoa aurkitu baitzuten.
11. GELDIALDIA
Atezaindegia
Gure ibilbideari jarraituz, Hirugarrendarren Aretoaren ondoren, San Frantzisko Komentuko atezaindegia aurkituko dugu. Gaur egun, sarrera haren hondar gutxi dago, baina oraindik ikusteko modukoa da multzoaren goiko solairuetara zeraman eskailera-kaxa.
XIX. mendearen erdialdean erabilerarik gabe geratu ondoren, komentua desegiten hasi zen, ondorengo kuartelaren eraikuntzan eraikuntzamaterialak berriro aprobetxatzeko asmoz. Horrela, desagertu egin ziren egun batean Bizkaiko komenturik garrantzitsuena izan zenaren goiko egitura guztiak.
Hala ere, indusketek eremu horretako eraikuntza-fase batzuen aztarnak aurkitzea lortu dute. Lehen aztarnak, gaur egun ikusi ezin direnak, komentua eraiki baino lehenagoko egituraren batekoak izan zitezkeen.
Komentuak XVII. eta XVIII. mendeetan bizi izandako goraldi ekonomikoak sarbide-espazioan aldaketak ekarri zituen, eta hainbat handitze-lan egin ziren. Horrela, sarbide bikoitz berri bat sortu zen, eta oraindik ere aztarna batzuk ikus daitezke. Kanpotik egindako lehen sarbideak atezaindegira eta Hirugarrendarren Aretora eramaten zuen. Oraindik ere, landutako kareharrian eraikitako atearen ate-zangoetako baten abioa ikus daiteke. Bigarrena, klaustroko perimetro-horma itxiz oraindik ikus daitezkeen adreiluekin itxi zen. Sarrera horrek, jakina, kanpoaldea komunikatzen zuen, zuzenean klaustroko korridorearekin.
Datu bitxi gisa, komentuaren eremu honetan ikus daiteke interbentzio desberdinetan etengabe berrerabiltzen joan ziren materialak.
Atezaindegia eta Hirugarrendarren Aretoa banatzen dituen adreiluzko horma osorik berraprobetxatutako adreilu zaharrez egina dago. Hori adreiluen forma apaingarritik ondorioztatzen da, bi alde lau baitituzte, beste biek moldura bat osatzen duten bitartean. Erraz berrerabiltzen ziren; molduraren aldearekin hormaren barrualderantz jarri behar ziren, kanpoaldera horma lau bat egiteko.
12. GELDIALDIA
Klaustroa
Gaur egun ikus dezakegun klaustroa kongregazioaren garai bikainenekoa da, hau da, XVII. mendearen erdialdekoa. Indusketek, gainera, aurreko klaustroaren aztarna batzuk atera dituzte, komentuarekin batera XV. mendearen amaieran eraikitakoa.
Ezer gutxi dakigu lehen klaustro hartaz, gotikoa zela izan ezik. Indusketek espazio hartako aztarna arkitektoniko ugari berreskuratu dituzte; batez ere, kapitelak, arku-giltzarriak, gangetako nerbioak eta baoen trazeriak eta gailurreriak. Horietako asko hormen gainean eta klaustroaren beraren erdian ikus daitezke. Guztiak dira inspirazio gotikoak.
Gainera, badirudi putzu bat ere izan zuela espazioaren erdian. Aurkitu diren eta jada ikusten ez diren hondakin urrien arabera, harrizko egitura baxu bat izango zen, egurrezko beste batez koroatua, zutoinen bidez eutsia.
Badirudi XVII. mendearen erdialdean klaustroa birmoldatu zela. Orduan sartu ziren garai hartako aire klasizistak eta espazioa berrantolatu zen. Patioa lau lorategitan banatuta geratu zen, erdiko gurutzean uraska txiki bat zuela. Esan beharra dago gaur egun klaustroan ikus daitekeen putzua ez dagokiola komentuko obrari, ordorengo kuartelekoari baizik.
Indusketek ere bi zuhaitz handiren arrastoak aurkitu zituzten iparekialdeko eta hego-mendebaldeko koadranteen erdian. Zulo horiek sustraien hondarrak ere gordetzen zituzten.
Bisitaren hasieran ikusi dugunez, iraganeko grabatu eta estanpa batzuetan komentua ikus daiteke, lerrokatutako bi klaustrorekin. Zoritxarrez, indusketek ez dute bigarrenaren arrastorik aurkitu.
San Frantziko Komentuko klaustroa
© Qark Arqueología13. GELDIALDIA
Don Alfonso Printzearen kuartela
Gaur egun Mariaren Bihotza plaza dena, XIX. eta XX. mendeen zati handi batean, Don Alfonso Printzearen Kuartel zaharrak okupatu zuen, fatxada gaur egungo San Frantzisko kalera begiratzen zuen eraikin handi samarra.
Ondoz ondoko indusketa-faseek agerian utzi dituzte kuartel zaharraren atzeko espazioak –batez ere maniobra-patioetako zoladurak–, bai eta erantsitako eraikinetako zenbait egitura ere, egungo Mirasol Kondearen kalera begira. Hala ere, prospekzioan sakondu beharrak ia hondakin guztiak desegin behar izatea eragin zuen, haien azpian geratzen zen San Frantzisko komentu zaharraren egituetara iritsi ahal izateko.
Kuartelaren hormak
Aztarnategiaren hego-mendebaldeko muturrean, gandolaren eta Hirugarrendarren Aretoaren atzean, Don Alfonso Printzearen Kuartel zaharraren erdiko blokearen atzeko horma erdizirkularra ikus dezakegu oraindik. Aipatu dugun bezala, kuartelaren fatxada gaur egungo San Frantzisko kalerantz zegoen.
Garai hartako argazkiei eta kontserbatutako dokumentazioari esker, badakigu eraikinaren 90 metroko fatxada zazpi bloketan banatzen zela, bertikalki. Erdikoan sarrerako ataria zegoen, goiko bi solairuetara iristen zen eskailerari bide ematen ziona. Hirugarrendarren gelaren atzean ikus daitekeen horma erdizirkularra kuarteleko eskailera babesten zuen erdiko modulu horren atzealdearekin bat dator.
14. GELDIALDIA
Putzua
Komentuko klaustroan, gaur egun, Don Alfonso Printzearen kuartelarena izan zen putzua ikus daiteke. Litekeena da kuartelaren lehen urteetan eraikitzea eta, ahal zen neurrian, fraideek erabilitako zulaketa aprobetxatzea.
Oso deigarria da bere itxura. Obra, adreiluz egina, zakuan egin zen. Hau da, zuzenean eraiki zen, lurpeko uren mailara iristeko egindako zuloaren ebaki bertikalaren kontra. Horregatik, obrak, gaur egun ikusgai dagoenak, amaitu gabearen sentsazioa ematen digu; izan ere, ez zen inoiz ikusiko, zuloko hormei atxikitzen zitzaien bezala. Hala ere, lurra ingurutik kenduta, adreilu horiek ematen diote itxurarik bereizgarriena.
Alboetako batean, putzuak karratu formako zenbait bao ditu, ziurrenik polea bat txertatzeko erabiliko direnak. Mekanismo horren bidez, kuboak maila freatikoraino jaitsiko lirateke, sei metroko sakoneran.
Putzua ez zen izan kuarteleko ur-hornidurako sistema bakarra. Kanalizazio-esku-hartze batzuen aztarnak ere aurkitu dira. Garai hartan, Udalak 1.500 gizonetan kalkulatzen zuen kuartelaren okupazioa, eta eguneko eta pertsonako 4 litro edateko ur eta 6 litro ur ematen zizkien.
15. GELDIALDIA
Kuartelaren irudiak
Ibilbide hau amaitzeko, Don Alfonso printzearen kuartela agertzen duten bi argazki ikusiko ditugu.
Lehenengoa, Roisin Bildumakoa, gaur egungo San Frantzisko kalean hartuta dago. Bertan, oso ondo ikus daitezke 90 metroko fatxada zuen eraikinaren neurri handiak, 7 gorputz bertikaletan banatuta, eta 20 metroko altuera hiru solairutan. Behealdean eta lehenengoan gela orokorrak zeudela dirudi, azkenekoan logelak zeuden bitartean.
Multzoa lotzen zuen eskailera erdiko gorputzean zegoen, argazkian lehen planoan ikus daiteken moduan. Atzealdean, egungo Berreginen Museoa den Mariaren Bihotzaren Elizako eta Bosgarren Parrokiako dorreak ikus daitezke.
Bigarren irudian kuartelaren atzeko patioak ikus daitezke, neguan. Erdian, oraindik aztarnategian ikusi dugun zirkuluerdi-formako horma ikus daiteke. Gainerako eraikinak eta, batez ere, indusketetan aurkitu ziren atzeko patio handiko zoladurak, komentuaren beheko mailara iritsi ahal izateko desegin egin behar izan zirenak.
Badakigu atzealdeko gune horietan artilleria-parke bat eraikitzeko lanetan, 1879 inguruan, komentu zaharreko hilerriko giza aztarnak aurkitu zirela, eta Mallonara eraman zirela.