2 minute read
IBAI FLORES
Eskiloren oskola
Ibai Flores
Advertisement
Eskilo antzerkigilea sinetsita zegoen, Epikuro hedonistaren aurka, minaren bidea jakinduriaren bidea dela. Eleusis hiri misterikoan jaioa -misterioak argitaratzea leporatu zioten, naiz eta gero ez zuten errudun aurkitu- boterea herriarentzat ideiaren aitzindari izan zen Eskilo. Mende batzuk beranduago John Lennon eta Patti Smithek bere abestietan islatuko zuten ideologia berberaren lehen ideologoa dugu. Sorgin eta igarleek heriotza krudela aurreikusi zioten: etorkizunean etxe bat eroriko zitzaion burura! Nietzsche berak ere, unibertso klasikoko pertsonaiarik nahigabetuena zela esan zuen.
Ez da harritzekoa ondorioz, Eskilo tragedia klasikoaren sortzailea izatea, honelako aurreikuspenekin eta jarrera eta ohiturekin tragikoa izatea besterik ez zitzaion gelditzen. Giza sufrimendua da Eskiloren antzerkiaren gai nagusia eta sufrimedu oro ekintza maltzur batetatik dator. Dionisos jainkoaren omenean idatzitako lanak idatzi zituen eta hasiera batetan hiru zatiz osatuta zeuden, denak tragikoak. Baina zer erlazio du honek Dionisosekin? Dionisos, barrea, festa, dantza eta txantxa da! Garrasi egin zioten. Laugarren zati bat gehitu zion Eskilok bere lanei: drama satiriko bat, bukatzeko, erlaxatzeko, batzuetan bukaera zoriontsu batez ordezkatzen zena. Ez zegoen ongi ikusita ikuslea etxera atsekabetuta bueltatzea.
Drama satirikoa ongi pasatzeko drama bat da. Gorroto duzun norbaitek auto istripu batetan hanka bat galtzen duenean ongi pasatzen duzunean bezala, antzeko zerbait. Ohol gainean biluzik dagoen zakil-tentedun (itifaliko) satiro koroa aurkezten digu Eskilok drama satirikoaren partaide. Antzezlana bukatzen denean etxera zapore onarekin joateko aproposa. Denborarekin laugarren zati honek beste hiruekiko independentzia lortuko du, komediaren sorrera eta guzti hori, American Pie filme zakil-zentrikoan adieraziko dena gure egunetan. Zakilaren tumeszentziaren irudiak edozein tragediari oktanajea kentzeko gaitasuna zuela uste zuten greziar klasikoek, hau guztia abesten. Ez dezagun ahaztu satiroen koroa dela. Biluzik, bero eta abesten, hau bai dela dionisiakoa!
Eman dezagun gizakiaren adinak ere lau direla: haurtzaroa, nerabezaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Zahartzaroaren bukaeran heriotza dator. Eskilo bere zahartzaroan burusoila zen, eguzkiak egun argietan distira handia sortzen zuen bere kaskezurrean. Ez zuen zapela eramateko ohiturarik. Augureek etxe bat buru gainera erorita bizitza galduko zuela asmatu ziotenean, hiria, polisa, ziztu bizian utzi eta zelai zabalera joan zen bizitzera Eskilo. Hemen sartzen da eszenan gure heroi tragikomikoa: Ugatza.
Ugatzaren elikadura hezurrez osatuta dago batik bat. Ugatz partikular honek Eskiloren heriotzaren egunean, dortokaren oskola zeraman hegan bere atzaparretan harrapatura. Ugatzek hezurrak arroka eta haitz gainean erortzen uzten dituzte txiki-txiki egiteko. Gure ugatzak Eskiloren ilerik gabeko burua haitz edo arroka batekin nahastu zuen eta dortokaoskola antzerkilariaren buru gainean erortzen utzi zuen. Igarleek arrazoi zuten: Eskilori dortokaren etxea erori zitzaion buru gainean eta honek sortutako kopearen ondorioz hil zen. Nahiko komikoa, edo satirikoa esan dezagun. Drama satirikoa, hobe, bai, dramaturgoaren laugarren adinean.
Eskilo ondoren, Sofokles eta Euripides etorri ziren, Edipo Erregea eta abar. Baina Nietzscheren hitzetan greziar izpiritua eta izaera ez dira berdinak izango. Zer edo zer galduko dugu bidean guztiok Eskiloren lanik gabe. Heroiak ez dira horren tragikoak izango. Burujabetasuna galduko dugu eta siniskerien ahulezietan eroriko gara. Antzerkia herri jakin baten momentuaren psike kulturalaren espresioa omen da.
Bestalde, ezin dugu ukatu, Eskiloren heriotza nahiko absurdoa izan zela, ekibokoaren, distortsioaren eta punteriaren ondorio. Arteak bizitza imitatzen badu, agian Eskiloren heriotza absurdoaren antzerkiaren hasiera besterik ez da. Macbethek esaten digu: “Bizitza martxan dagoen itzal bat besterik ez da; aktore txar bat, agertokian ordubetez harrotu eta astintzen dena, eta gero berriro bere inguruan ezer jakiten ez dena: idiota batek kontatutako ipuin bat da, zarataz eta amorruz betea, ezer esan nahi ez duena.” Pixkat tragikoa, horixe ba.