1 minute read
ILUNE
Zenbat urte nire izena maitatu gabe...
Koadrilako mutilek “Josu” deitzen zidaten, eta niri mutil baten izena zetorkidan gogora, eta neskek berriz, izen hori gehiegi gustatzen ez zitzaidala jakinda, “Sune”. Politagoa da, baina ez guztiz nire gustokoa ere.
Advertisement
Bizitako hainbat esperientzia garrantzitsu eta gero, ezagututako hainbat eta hainbat pertsona berezi eta gero geratu zaidan ezizena ,”Su” da. Hori bai gustokoa dudala, arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik, nire izenari beste modu batean begiratzeko balio izan didalako, ikuspegi positiboago batekin, ez delako ezer guztiz berria; izenaren erdian dago, agerian, nik ikusten ez banuen ere. Josune. Hutsune.
Bestetik, bere esanahi guztiekin identifikatuta sentitzen naizelako.
“SU”: fuego, fogata, hoguera, incendio, fogón, hogar, cocina, familia, afán, entusiasmo, ardor, excitación, cólera, ira, enfado, grano, pupa.
Eduardo Galeanorekin ere gogoratzen naiz, eta lehen aldiz irakurri nuenetik hainbeste iradoki didan “un mar de fueguitos” kontaketa txiki eta bitxiarekin.
Artearekin ere lotu izan dut beti, suaren aurrean, bai gurasoen etxean, bai aiton-amonen etxean, gustora egoten nintzelako eta egoten naizelako suari, sugarrei, keari, egur erreari, su hautsari, kolore bizi eta intentsoei begira, eta beti uste izan dudalako telebistak baino istorio interesgarriagoak kontatzen dizkigula. Aldioro ezberdinak. Arte lan bizia da.
Su leize deitzen zaio infernuari euskaraz, sua eta kobazuloa, energia eta hutsunea, kontzeptu abstraktuak, ilunak, ikustezinak... Beharrezkoak. Benetazkoak. Antzinarekin eta naturarekin gure konexioak.
Suak eguzkia sinbolizatzen du: Uda, solstizioa, eguzkia, indarra, zikloak, argia, San Juan belarra, gaua, atea. Errituak, ingurua, ezagutza, akelarreak, sorgin gauak, zuhaitzak, ohitura, ospakizuna, kultura, arbasoak.
Ke sendagarria, babeslea, uztak, lanabesak, errautsak, gurtza.
Iturri, putzu eta errekako urak, goizeko ihintza, tximistak.
Adar eta traste zaharrak erretzea, Garbikuntza, berrikuntza sinismenak Jai giroan ospatzen den gau magikoa “Ona barnera, gaiztoa kanpora” “Sarna fuera” dio nire aitonak. Ikatzak arto eta gari soroetara eta etxeko teilatuetara botatzen ziren.
Su eta gar, jo ta su, su eta fu... Ibiltzen naiz egunerokotasunean, eta musika, artea, edo hitzak banatzen, entzuten eta egiten dudanean, beti argilun miresgarriak eman dizkidan bidelagunari esker, Aitor. Zuri eskeintzen dizut artikulu xume eta nahasi hau.
Ez nuke nahi, uzkeriagatik, mendeetan naturak egindakoa eta gure arbasoek landu eta zaindutakoa, azken 40 urteetatik gaur bitarte gertatzen ari den bezala, suntsiketa horren parte izan.
Zaindu dezagun ama lurra; mitologia sinismenak... Su zara zu, eta ni naiz su. Su eta zu. Su eta su. Musu