4 minute read
IBAI FLORES
Odontologia Ontologia
Ibai Flores
Advertisement
Besteen artean, Osasun Zientzien ama den Ontologiaz hitz egitera nator. Dentistak, hortzak modu desberdinean diren bezala, badirelako. Ontologiak, Izatea den einean aztertzen du. “Izatea modu askotara esaten da” zioen Aristotelesek: Etxea urdina da edo Ana ederra da. Bi izate eta bi izate esateko bi modu ezberdin.
La pollak ongi ulertu zuen Aristoteles, baina hobe ulertu zuen Evaristo neokapitalistak Heraklito: “Antes era un hombre, ahora es policía” abesten zuen. Heraklito Efesoko Ilunak zioen: panta rei, hots, dena higitzen da, dena ez da estatikoa; eraldaketa, izatea da. Honela, inkluso, gizon bat beste zeozertan bilakatu liteke: madero adibidez. Aristotelesek gizakia zura bilakatzeko metamorfosiari (meta morphos = formatik haratago) aldaketa substantziala deituko dio. Nik deformazio deituko nioke.
Evaristo kenduta, aipatu ditudan filosofoak, klasikoak dira, 2400 urte dituzte eta haien helburua naturaren lehen printzipioen fundamentazioa izan zen. Mendebaldean dugun pentsamenduaren aitzindariak dira. Natura edo physisak ezkutatzen dituen legeak edo konstanteak argitarazea zuten lehen helburua. Natura, jasotakoa, physisa deitzen duguna eta bere aurkaria, gizakiak sortutakoa, konbentzioa edo kultura: nomosa. Gai hauen inguruko lan filosofiko klasikoak K.a I.mendean liburutegian ordenatuak eta etiketatuak izan ziren Rodaseko Androniko peripatetikoaren eskutik. Akademia aristotelikoaren hamaikagarren oinordeko honek, lehendabizi nomosaren inguruko lanak, gero, physisaren inguruko lanak eta azkenik “tá metá ta physiká” edo “fisikatik haratago dauden gauzak” etiketapean kontserbatuko zituen lan ontologikoak. Klasifikazio honetatik sortuko da Metafisika hitza eta honek Ontologiarekin duen erlazioa.
Naiz eta bere oinordeko akademikoak, Andronikok, ontologia azken lekuan kokatu; Lehen filosofia deitzen zion Aristoteles Estagiratarrak ontologiari, azken finean denaren azterketa egiten zuelako. Eta dena, guztia da. Edo ez?
Jende arruntak eta tristeak, izpiritu pobrekoak ez du inoiz Mariano Rajoy serio hartu bere dimentsio dialektikoa ulertu ezinik. Ez naiz ironikoa honekin. Rajoyk oso ondo adierazi zuen 2500 urte lehenago Eleako Parmenidesen poema metafisikoan agertzen den ideia berbera, egiaztatu zuenean: “Un plato es un plato y un vaso es un vaso” esan zuenean. Jende arruntak, zentzu komuna dutenak, bon sense eta zabor guzti hori, muzin egiten die honelako adierazpenei baina zuzenean konektatzen dute gure mendebaldeko kulturaren hastapenetan eman zen lehen filosofiarekin.
Eleakoak honela adierazten zuen auzia: “Badena, bada; ez dena ez da” eta gainera: “Ezerezetik ezin da zerbait eratorri, dena beti izan da eta ez dena ez da inoiz izango”.
Ludwig Wittgenstein filosofo eta logikari austriarrak gizakiaren hizkuntzaren erabileraren inguruan ontologiaren ikuspuntu hau bereganatuko du dioenean: “Hitz egin ezin litekeenaren inguruan hobe ixilik egotea”. Ez denaz ezin liteke hitz egin ez delako. Soilik existentzia jasotzen dugunean jasotzen dugu izen bat eta honela bagara. Izenik gabeak ez dira.
Greziarrek izatea betidanik izan dela pentsatzen dute, beintzat arrazionalki, ez beraien mitoetan. Kristauek bere jainko sortzailea, genesia eta eskatologia dute. Betidanik izan da izatea eta izango da, suntsiezina da, hori da arrazoi klasikoak dioena.
Baina benetan al da dena?
Gorgias sofistaren hiru tesiak etortzen zaizkit burura denaren inguruan: 1.-Ezer ez da. 2.-Zerbait bada, ezin dugu ezagutu. 3.-Zerbait ezagutzen badugu, ezin dugu komunikatu. Eszeptikoegia izan liteke gure sofista? Baliteke, baina ez dut uste. Benetan ezagutzea eta ezagututakoa komunikatzea heraila izan gabe, hau izango litzateke sekta Pitagorikoaren helburua. Lortu zuten, irudi geometrikoak eta zenbakiak metafisikoa den beste plano batetan bizi dira Izate Autoaskiak bezala. Bost zenbakia adibidez. 5. Ez da fisikoa, ez da naturan aurkitzen. Ez da kulturala ez du giza-talde jakin batek sortu. Izate independiente bat da beste mundu batetan bizi dena, betidanik han egongo da eta egon da, perfektua eta aldaezina da.
Nire zentzuen bitartez pertzibitzen dudan mundu hau bestearen kopia da. Beste egiazko mundu horrekiko partaidetzan (methexi) edo imitazioan (mimesia) eraiki den munduaz inguraturik nago. Orain egin dezagun ariketa bat: pentsatu triangelu bat. Orain marraztu triangelua orrialde txuri batetan. Marraztutakoa pentsatutakoaren kopia edo imitazio
irregularra da, giza mediokritatearen adierazlea. Honela, izateen perfekzioa plano metafisikoan gordetzen da eta izatearen inperfekzioa mundu fisikoan.
Irudi geometrikoen eta zenbakien munduarekin jartzen gara kontaktuan egunero. Beste mundu batekin jartzen gara kontaktuan egunero. Esoterikoa dirudi edo magikoa. Transzendentala. Eta horrela da. Pitagorikoak sekta hermetiko bat ziren. Pitagoras bera naturaz gaindiko izaki bat bezala deskribatua izan da askotan. Zenbait historialarik filosofo eta matematiko hau misterio Orfikoekin erlazionatzen dute.
Modu Orfikoan (bíos orphikós) bizitzera ausartzen den pertsona modu indibidualean bizi da lehendabizi eta gero baztertua den pertsona bat bezala biziko da. Marginala den pertsona bat bezala. Gizaki erratiko bat da, hiritik-hirira ibiltzen da Orfeo-telestesek egiten zuten antzera, antzineko demiurgoen antzera eta salbazio proposamenak egiten dizkio jendeari. Ez dute haragirik jaten, ez dituzte animaliak hiltzen, linoz egindako jantziak janzten dituzte, bizitza garbitze prozesu bat da eta bata bestearen atzetik datorren metempsikosis prozesuen bitartez egiten da. Nyx jatorrizko gauaren jainkosan sinisten dute, Denboran eta Fanes Protogonoa edo jaio zen lehenengoan sinisten dute. Denborak, Arraultz Kosmiko bat sortu zuen, eta bertatik Fanes dizdiratsua sortu zen, hegoak zituen sorbaldan, dragoiaren forma zuen eta hermafrodita zen eta ugalketa organoak atzekaldean zituen. Ugalketa organoak atzekaldean.
Izatea modu askotara esaten da eta izatearen hasiera baita ere. Izatearen hasiera esaten dugun moduak gure izatea baldintzatzen duela uste dut. Izateko modu berri bat aurkitzeko hasieraren izatea beste modu batetan esatea zilegi izan liteke. Ez dakit, Nietzschek ordea bai: “Beldur naiz gramatikan sinisten dugulako jainkoaz desegitea ez dugula lortuko”.