14 minute read
EVA RODRÍGUEZ
LIDERGO BERRIAK ETA ZENTROEN AHALDUNTZEA: “BEGI IREKIEN” LIDERGOAK GARATZEAREN BEHARRA
Advertisement
Hezkuntzak Euskadin orain eta etorkizunera begira dituen erronka nagusiei buruz hitz egitea eta zerbait berri esatea ez da enpresa erreza, “hezkuntza” bera eta azken urteetako erabaki politikoak eta pedagogikoak ohiko eztabaidagaia baitira gure inguruko plazetan, mota anitzetako topagune edo bileretan, tertulia, egunkari eta aldizkarietan, besteak beste.
Egia da, oraindik ere (etengabe, esango nuke) hezkuntzaren elkarbanatutako diagnostiko eta begirada sakon, zorrotz, optimista, eraikitzaileen beharrean gaudela. Nekatuezineko ahaleginak egiten jarraituko dugu, etsitu barik, inoiz ez baitugu filosofoen harria topatuko. Are zailagoa izango da zinez topatutako harri bitxi hori “filosofoen harria” dela adostea: hezkuntzaren boterea dela eta, ez dago “harri” hori topatzerik.
Hezkuntza-akordio edo lege berri bat kaleratzeak, berez, ez dio balio erantsirik gehitzen hezkuntza-sistemari ez badie heltzen gizarte- eta hezkuntza-eragileen artean izendatutako erronkei. Legeetatik haratago ere, hezkuntzaren inguruko idatzi, hausnarketa eta eztabaida guztiek balio erantsi bat gehitu behar die betiko diskurtsoei. “Balio erantsiaren” hari horrek beste zentzu bat eman diezaioke bururatzen zaizkigun galdera guztiei eta horietatik tiratuz sortu daitezken gogoeta eta eztabaida guztiei.
2022ko maiatzaren 20an Sabino Arana Fundazioan “Euskal Hezkuntza eraldatzailearen erronken” inguruko elkarrizketa zikloaren barruan antolatutako “Lidergo berriak eta ikastetxeen ahalduntzea” izenburupeko mahai-inguruak gogoetarako aukera paregabea eskaini zidan. Ohiko gaia, egia da, baina zerbait berri gehitzeko beharrarekin jarri nintzan ordenagailuaren aurrean. Honetaz hitz egiteak eta gai hauen inguruko hausnarketak elkarbanatzeak beti merezi du, nahiz eta errepikapenaren edo ohiko utopien zulo beltzetan jausi gaitezkeen. Nirea, beraz, beste ahalegin bat baino ez dela onartu behar dut. Hori bai: erronken gaiaren mamian zerbait gehitzeko beharraren zamarekin aritu naiz.
“Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioak” erronka argiak izendatzen eta jasotzen ditu gaurko gure hezkuntza testuingururako. Lantzen ari den Hezkuntza Legearen aurreproiekturako bidea argitu, berritu, eguneratu edo indartu nahi duen txosten honek (2022ko martxoaren 24an argitaratutakoa) baieztapen garrantzitsuak egiten ditu. “Balioak”, “helburuak”, “printzipioak”, “eskubideak”, “bermeak”, “palankak” moduko kontzeptu zabalen azpian, gure hezkuntzaren etorkizuneko apustu argiak zehaztasunez adierazita agertzen dira. Argitasun eta zehaztasun guztien azpian, hala ere, euskal hezkuntza-sistemaren mundu honetan partaide eta eragile sentitzen garen guztiok, badaukagu gure iritzi eta ikuspuntu propioa eta, askotan, sendoa, beti ere, norberaren esperientzia eta bizipenetan sustraituak, lege eta akordioetan oinarrituak baino gehiago.
“Lidergo berriak eta gobernantza-ereduen” atalean, zehatz-mehatz, ikastetxeetako
EVA RODRÍGUEZ SALCEDO
SAN JOSE JESUITAK IKASTETXEKO ZUZENDARIA
“EUSKAL HEZKUNTZAREN ERALDAKETARAKO OINARRIEN AKORDIOAK” ERRONKA ARGIAK IZENDATZEN ETA JASOTZEN DITU GAURKO GURE HEZKUNTZA TESTUINGURURAKO
zuzendaritzen ahalduntzea eta lidergo pedagogikoaren garrantzian arreta berezia jartzen du txostenak, beste gauza batzuen artean “zuzendaria eta zuzendaritza-talde profesionalei goi-mailako eskakizunak egokitzen zaizkiela” adieraziz. Zuzendari eta zuzendaritza-taldeei eskatzen zaizkigun gaitasunen hari honetatik tiratu nahi dut, etorkizun hurbileko erronketan begirada jarriz.
Zuzendaritza taldeen lidergo eta kudeaketa-esperientzietatik azpimarratu ditzakedan puntu sendoak eta ahulak zehazte aldera, nire lidergo esperientzietatik abiatu behar naiz. Zuzendari moduan aritu naizen azken 9 urte hauetan esperientzia anitzak eta aberatsak bizi izan ditut, baina esan beharra daukat nire lidergo esperientzia zabalagoa izan dela. Izan ere, zuzendari izan aurretik, koordinatzaile pedagogikoa izan nintzen hiru urtez; aurretik, batxilergoko koordinatzailea beste hiru urtez; aurretiaz, batxilergoko etapan zeuden gazteen tutore sei bat urtez; eta askoz arinago, aisialdiko monitorea eta udako ekintzen zuzendari bezala lanean aritu nintzen. Hau da: “lidergoaren” inguruan dauzkadan iritzi eta esperientziak bizipen desberdinen gainean eraiki ditut, guztiak hezkuntza formalean eta ez-formalerako testuinguru eta esparru desberdinetan bizi izandakoak.
Hezkuntza-lidergoaren esparruan dauden puntu sendoak eta ahulak beste ikuspegi batetik aurkezteko beharra sentitu izan dut, ziur aski nire esperientzia pertsonalak beste ikuspegi batera eraman nauelako. Hezkuntzaren eraldaketarako beharrezkoak diren lidergoen erronkak izendatzeko ariketa honen amaieran, erronka nagusiena honako hau dela ondorioztatu dut: “begi irekien lidergoak garatzea”. Zuzendari moduan izan dudan esperientziaren gaineko gogoeta egiterakoan, konturatu naiz zuzendariek, zuzendaritza taldeek eta, oro har, proiektuen arduradunen erantzukizunik garrantzitsuenetarikoa momentu oro arretaz “entzun” eta “begiratu” behar dugula baino ez dela: gure barrenean dauzkagunak (emozioak, ezagutzak, beldurrak, indarrak, ahuldadeak, mamuak,…) eta gure inguruko errealitate guztietaz jabetu behar gara, etengabeko garapen eta hobetze prozesuan konprometituta bagaude behintzat.
Beraz, hezkuntzan eraldaketa eragin behar duten begiradak eta, nire ikuspegitik, oso presente izan behar ditugunen artean hurrengo hauek azpimarratuko ditut:
EMAKUME-BEGIRADA ETA BEGIRADA FEMINISTA:
Ez zait erreza egiten begirada honen baitan dauden ezaugarriak eta beharrak adieraztea. Egia da artean, zinean, literaturan, kultura munduan, “emakume-begirada” kontzeptua erabiltzen denean, bere edukia argiago uler daitekeela, azalpen gutxi
ZUZENDARITZA TALDEEN LIDERGO ETA KUDEAKETAESPERIENTZIETATIK AZPIMARRATU DITZAKEDAN PUNTU SENDOAK ETA AHULAK ZEHAZTE ALDERA, NIRE LIDERGO ESPERIENTZIETATIK ABIATU BEHAR NAIZ
emanda ere. Are gehiago “begirada feminista” erabiltzen dugunean. Ez da nire asmoa “feminismoaren” inguruko gogoeta sakona gehitzea momentu honetan, nahiz eta badakidan lagungarri eta aberasgarri izan daitekeela.
Ezer baieztatu aurretik, gogoeta hauei forma ematen nengoela, nire buruari egin nion galdera bat gehitzeko beharra ikusten dut: Generoak badu eraginik lidergoa ulertzeko eta gauzatzeko moduetan? Nire buruari emandako erantzuna ere zuzena bezain argia izan zen: baietz esango nuke. Giza-harreman guztietan jarri behar den arretak eta zaintzak badauka generoa. Eta hezkuntzaren enborrean (zuhaitzaren metaforarekin jokatuz) zaintza dagoela argi ikusten badugu eta onartzen badugu, orduan, dudarik gabe, erronka bat daukagula adierazi behar dut.
Ikastetxeetan marraztutako eta zabaldutako hezkidetza planek bultzada argia eman diete gizarte osoak dituen beharrezko erronkei: edozein motatako injustizien aurrean izan beharreko pentsamendu kritikoa eta auto-kritikoa sustatzeari, gatazken kudeaketa eta eraldaketa baketsuari, emakumeen aurkako indarkeria, sexismoari eta edozein motatako diskriminazioari aurre egiteko mekanismo berriei, besteak beste.
Argi daukat hezkidetzak hezkuntza bera beste erpin batzuetatik begiratzen laguntzen digula, beste era bateko galderak egitera bultzatzen gaitu: zeintzuk efemeride aukeratzen ditugu hezkuntza elkarte osoarekin ospatzeko ikasturtean zehar? Zein da espazio formal eta ez-formaletan erabiltzen dugun hizkuntzaren tonua edo estiloa? Jolastokien eta gelen antolaketan erabaki ausartik hartu dugu benetako espazio parekidea izan dadin? Ziurtatzen gara kurrikulumean txertatzen ditugun edukietan, lehenesten ditugun konpetentzietan edo bideratzen ditugun proiektuetan berdintasuna eta benetako aniztasuna presente dagoela?
Egunero hartu behar ditugun hainbat erabakietan, txiki eta handi, arinak edo sakonak, begirada feminista erabili beharko genuke, hau da, parekidetasun eza antzemateko eta zuzentzeko begirada.
EGOETATIK ALDENTZEN DEN BEGIRADA AUTO-KRITIKOA:
Hezkuntza eraldatzaileaz asko hitz egiten ari da. Zuzendarien eta zuzendaritza taldeen jarrera eraldatzaileak berebiziko garrantzia dauka hezkuntza-markoaren aldaketa momentu honetan, inertzia eta dinamika erosoetan eragiteko beharra nabaria baitaukagu. Hezkuntzarekin lotutako erakunde guztietan soberan dauden inertziak izendatu behar ditugu eta beharrezko aldaketak bideratu. Norberaren lidergoan eta norberaren ardurapean dauden proiektuetan hobetu beharrekoak izendatzean, beharrezkoa da begirada auto-kritikoa, umila eta zorrotza izatea. Gurekiko eta gure erakundeekiko zorroztasun honek ego eta nartzisismoetatik aldentzea eskatzen digu. “Gu”-an zentratzeko ahalegina egiten duten begiradak behar ditugu. Benetako elkarlanaren oinarrian, talde oso baten aniztasuna jasotzeko ahalegina egiten duen begirada zabal bat egon behar da, besteen begiradekin batera zerbait eraikitzeko ahalegina eta ardura egon behar da. “Ni”-an etengabe jausten diren diskurtsoek, norberaren begiradetatik haratago begiratzeko zailtasunak dituzten ikuspegiek, proiektu bateratuetan egon daiteken aberastasuna mugatu eta oztopatu ditzakete. “Gu”-an kokatzen diren arduradunek etengabeko hausnarketa, ikasketa eta ebaluazioaren praktika zabaldu behar dituzte ikastetxeetan, auto-ebaluazio, hetero-ebaluazio eta ko-ebaluazio prozesuen sistematizazioa eta eraginkortasuna, oraindik ere, erronka izaten jarraitzen dute eta. Norberaren eta erakundearen auto-ebaluazio egokien ostean, ebaluazio prozesuetan beharrezkoak dira kanpoko erakundeen bidelaguntza eta kanpo-kontrastea (hau da, hezkuntza saila eta kalitatea ziurtatzen laguntzen duten erakundeak). Beste ikastetxeen eta hezkuntza-erakundeen praktika onak ezagutzea eta konpartitzeak askotan ispilu giza funtziona dezake: hobetu edo indartu beharreko esparruak izendatzeko, bereziki, baina baita be gure begiradak aberasteko, zabaltzeko. Hezkuntza sistema osoa ekosistema zabal eta bateratu bat moduan ikusi edo biziko bagenu, besteekin batera egin dezakegun elkarlanak denon emaitza onak biderkatu ditzake. Auto-kritika, prestutasuna, zintzotasuna eta umiltasuna oso jarrera lagungarriak dira, ez bakarrik arduran dauden pertsonentzat, baita erakundeentzat ere.
EGUNERO HARTU BEHAR DITUGUN HAINBAT ERABAKIETAN, TXIKI ETA HANDI, ARINAK EDO SAKONAK, BEGIRADA FEMINISTA ERABILI BEHARKO GENUKE, HAU DA, PAREKIDETASUN EZA ANTZEMATEKO ETA ZUZENTZEKO BEGIRADA
BATERATZEN ETA GEHITZEN DUTEN BEGIRADAK:
Aurreko begiradak hirugarren honetara ekartzen nau: besteekin elkarlanean jarduteko prestutasuna behar dugu.
Lankidetzaren inguruan hausnartzerakoan, argitasunez ondorioztatu dut asmo eta ahalegin sendo moduan hartzen dugula, hau da, gure egunerokoan oso presente daukagula lankidetzaren beharra. Zuzendaritza taldeek elkarlana eta erantzukidetasunari eusteko ahalegin handiak egiten ditugu. Hori esanda ere, uste dut ikastetxeetan antzematen ditugun hainbat egoera eta esperientziek adierazten dutela oraindik bidean gaudela. Bide honetan urrats sendoak eman ditugu, dudarik gabe, baina oraindik ere lankidetza zintzoa, egonkorra eta ikastetxeen kulturan errotuta dagoen hori ez dut uste lortu dugunik.
Ikastetxeetako hezkuntza elkarte osoaren begiradak jaso, gehitu eta uztartu behar ditugu. Gure proiektuen hobetze prozesuetan ikasle, familia, hezitzaile guztien (ez bakarrik irakasleak) ahotsak entzun behar ditugu. Horretarako, beharrezkoak dira elkarren arteko lankidetzarako, hausnarketarako, ezagutzak konpartitzeko eta proiektuak eraikitzeko foroak aprobetxatzea, kreatibitatea erabiliz espazio barriak sortzea eta modu sistematikoan erabiltzea: elkarbizitza foroak eta behatokiak; guraso elkarteekin topagune eta batzarrak; ziklo eta departamentu batzarrak; ikasleen ordezkariekin topaketa sistematikoak… Aukera asko izan ditzakegu elkarrekin “berba egiteko”, baina topaketa bera ziurtatzea baino gehiago, gakoa antolaketa eraginkorra dela uste dut. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeen ardurapean jausten da kezkak konpartitu eta ezagutzak eraikitzeko balioa duten espazio hauek sistematizatzea, denbora horiei etekina atera ahal izateko antolaketa egokia bermatzea. Beti ere, hausnarketetara eta adostasunetara bideratutako entzute-kultura eraikitzeko beharra ardatz hartuta.
Aurretik adierazi dudan ideia baten ekosistema hitza aipatu dut. Biologia arloan erabiltzen den ekosistemaren definizioa nire helburuetara egokituz, esango nuke Euskal Hezkuntza-sistema ere horrela ulertu behar dugula. Ekosistema naturaren zati txiki bat den bezala, hezkuntza-sistema ere oso anitza eta zabalagoa den errealitate baten zatia da. Ekosistema ingurune jakin bateko osagai fisiko eta bizidunek eta elkarren arteko harremanek osatzen badute, hezkuntza-sistema ere osagai desberdinek eta beraien arteko harremana osatzen dute. Beste ezaugarri bat gehituz, ekosistema, hau da, hezkuntza-sistema, irekia da.
Ekosistema batek baldintza zehatzak sortzen ditu, eta beraietara egokitzen diren bizidunen eta bizigabeen artean mota desberdinetako beharrizanak sortzen dira. Hezkuntza-sisteman ere, existitzen eta harremantzen diren eragile eta sistema guztien artean beharrizanen bat sortzen da. Elkarren arteko ezagutzak eta bizikidetzak bidera ditzake beharrizan horrek hartuko dituen bide eta forma desberdinak.
Ekosistema honetan, beraz, garrantzitsua da aniztasunaren aberastasuna onartzen duten begiradak indartzea. Euskal hezkuntzak badauka bere eredu propioa, bere ezaugarri, nortasun eta historiarekin, Euskal gizartea bezain aberatsa eta anitza. Hezkuntza-sistema aberatsa eraikitzen jarraitzeko begiradak behar ditugu, inor kanpoan utzi gabe, eskuartean daukagun erronka elkarlan zintzoa baita.
Hari honetatik tiratuz, zuzendaritza taldeetan be begirada anitzak behar ditugu, talentu eta konpetentzia anitzak behar ditugu. Hori bai, lidergo pedagogikoen beharra lehenetsiz.
MUNDURA ZABALIK DAGOEN BEGIRADA:
Munduan modu kontzientean eragin nahi duen hezkuntza beharrezkoa daukagu, hau da, hiritartasun globala kontutan daukan begirada eskaini behar diogu hezkuntzari. Hurbileko mundua edo testuingurua kontutan hartzeaz gain, urruneko mundua ere aintzat hartzen duen hezkuntza eredu baten beharra daukagu. Gure hurbileko munduan kohesioa eta bakea garrantzitsua den bezala, mundu globalean dauden errealitate bidegabeek ere gure begirada analitikoa eta kontzientzia kritikoa sustatzeko beharra eskatzen dute. Hori onartuz gero, gure eguneroko dinamika, proiektu eta hezkuntza-edukietan egoera eta gogoeta horien presentzia esanguratsua ziurtatu eta bermatu behar dugu. Helburu hori bere gain hartzen duen lidergo talde bat beharrezkoa da ikastetxeetako zuzendaritzetan eta koordinazioetan, beraz.
Urruneko mundua aipatzean, hau da, mundu globalari buruz hitz egitean, argi daukagu ez dagoela gure errealitatetik hain urrun. Hedabideek egunero begi-bistan jartzen dizkiguten gatazkak, minak, zauriak., gorrotoak ikasketarako aukera paregabeak izateaz gain, munduan eragiteko beharra ere erakutsi behar digute. Gobernuz kanpoko erakundeak eta erakunde publikoak aliatu moduan ikusteko beharra daukagu, mundu globalari begiratzeko moduetan beraiek baitira benetako adituak.
Honen harira, testuinguru lokalean, ikastetxeek beraien eragin-esparruetan dauzkaten giza eta hezkuntza-eragileekin elkarlanerako sortuta dauden espazioak aprobetxatu behar dituzte, beharrezkoa balitz (gehienetan horrela suertatzen da) elkarrekintzarako espazio eta aukera berriak sortuz eta sare eraginkorrak eta hezitzaileak sustatuz: elkarri aberasteko eta elkarrengandik ikasteko. Momentuko erronkei eta kezkei aurre egiteko, tokiko erakunde eta elkarteen artean bidelagun desberdinak identifikatu behar ditugu, geu be gure bidelaguntza eskainiz eta sareen eraikuntzan proaktibidadea erakutsiz.
Etorkizun hurbileko erronka zehatzagoak izendatu beharko banitu arlo honetan, bihar bertan bultzatu beharrekoak, argi daukat hurrengo hau izendatu behar dudala: Zuzendaria eta zuzendaritza taldeko kideek, tokiko erakundeetan eta hezkuntza-foroetan presentzia aktiboa, konprometitua eta eraikitzailea izan behar dute (udal eskola kontseiluetan, udal liburutegietan, euskal kulturarekin lotutako ekimenetan, batik bat). Guzti horietara heltzeko, espazioak eta denbora zehatzak agertu behar dira gure agendetan eta aliantza eta kanpo-komunikazio plan bat diseinatu beharko zen.
Beste hari batetik tiratu nahian, ikastetxeko hormetatik kanpo dagoen errealitatearen gainean gure arreta jartzean, hezkuntza formala eta ez-formalaren arteko zubiak eraikitzeko beharra sentituko dugu. Hezkuntza ez-formalean aukera paregabeak sortu ditzakegu hiritar global kritikoak, erantzuleak eta konprometituak hezitzeko, bai indibidualki zein kolektiboki. Eskolaz kanpoko ekintzetan, adibidez, boluntariotzaren baloreak sustatzeak eta aitortzeak garrantzia handia dauka. Hiritar konprometituen gaitasunen inguruko hezkuntzarako, balio handiko ikasketak ikasgeletatik kanpo ere lantzen dira. Hezkuntza elkarte osoa eta hiritarrak horretaz jabetu behar ditugu.
INGURUMENAREN ZAINTZAREN BEGIRADA:
Jakina da krisi ekosozialak bizitzen ari garela. Egoera honen aurrean ikasleak, hezitzaileak, eta familiak ere, trantsizio ekosozialaren garrantziaz jabetu behar ditugu. Askotan errepikatzen den ideia bada ere, hezkuntzaren bitartez, egungo ikasleak, etorkizuneko hiritarrak izango direnak, lagundu behar ditugu krisi klimatikoa, ekologikoa eta sozialaren gainean begirada kontziente eta kritikoa jarri dezatela. Begirada horrek lagunduko die aktibismoa eta konpromezuaren bidean lehen urratsak ematen.
Ingurumenaren zaintza honen barruan, eta krisi ekosozialen testuingurua bere osotasunean ulertuz, gehituko nuke migrazioak merezi duen hezkuntza erantzun egokiaren beharra. Herritartasun inklusiboa, partaidetza eta bizikidetzaren erronkei heltzeko, ikastetxeek badaukagu eskuhartzerako ezinbesteko eremua. Etorkinen hezkuntza-premiei erantzun “barneratzailea” emateko beharra daukagu, haientzat eta gizarte kohesionatuago batentzat aukerak sortuz. Bestalde, eskolan gizarte ezberdinek eskaintzen duten aberastasuna sartu behar dugu (hezkuntza-edukiak eta bizi-esperientziak gehituz, batik bat), familiekiko lana barne, noski.
IKASLE ETA FAMILIA ZAURGARRIEN ARRETA ETA ZAINTZA GURE ARDURA ETA KEZKEN ARTAN LEHENETSI BEHAR DUGU
PERTSONEN ZAINTZAREN BEGIRADA:
Aurreko puntuan adierazitako krisi ekosozialek erronka argi bat jartzen dute gure eskuetan: pertsonen zaintzaren gainean jarri behar dugun begirada fina, zuzena. Inklusioaren markoa barneratuta daukagula adierazi beharko nuke, baina oraindik ere gizarte-aniztasunak dituen erpin eta ertz guztietara heltzea falta zaigu. Ez daukat argi hezkuntza-inklusioak eskatzen duen konpromezua eta bermea guztiz errotuta dagoen hezkuntza-sistema osatzen dugun hezkuntza-elkarte, entitate, lantalde guztietan. Hezkuntza Sailak “Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari erantzuna” atalean adierazitakoak argitzen du azken begirada honetan adierazi nahi dudana: “ez da aski hezkuntza-eremuan inklusioa martxan jartzea, beharrezkoa baita denentzako gizarte-sare erkideak eraikitzea ere, denak elkarrekin bizi daitezen, denek ikas dezaten elkarrekin, denei baliagarri gerta dakien; denei, bai, baina batez ere ikasle zaurgarrienei”. (https://www.euskadi. eus/hezkuntza-inklusiboa-aniztasunaren-trataera/ web01-a3hinklu/eu/)
Ikasle eta familia zaurgarrien arreta eta zaintza gure ardura eta kezken artan lehenetsi behar dugu. Zuzendaritza taldeek adingabe eta zaurgarriak babesteko eta zaintzeko konpromiso sendoa adierazi behar dugu, bai eta abusuen biktimei eta haien senideei arreta berezia emateko ere. Ikas-
tetxeak hezkuntza elkarteko kide guztientzat
ingurune seguruak direla ziurtatzeko neurriak hartu eta sistematizatu behar ditugu. Horretarako, ez da nahikoa protokoloak betetzen direla bermatzea, haratago joan behar dugu. Zentzumen guztiak aktibatu behar ditugu, babesaren eta zaintzaren kultura zabaltzeak premia handia dauka eta. Kultura horretara bideratutako jarduerak plan egoki baten jasota agertu beharko lirateke: sentsibilizazioa saioak, prestakuntza plana, entzuteko edo elkarrizketarako espazioen antolaketa.
Aukeratu ditudan “begirada” guztietan, gure hezkuntzak etorkizun hurbilean dituen erronka nagusiak izendatzeko asmoa izan dut. Gai honen inguruko hausnarketak elkarbanatzea eta eztabaidatzea merezi du, dudarik gabe, nahiz eta eztabaidaren, errepikapenaren edo ohiko utopien zulo beltzetan jausi gaitezkeen. Hezkuntzaren, kulturaren eta gizartearen, orohar, sakoneko kezkei heldu behar diegu, nahitaez, beti ere begirada eta ahots anitzen ekarpenei zabalik egonez. Hasieran esan dudan moduan, nekatuezineko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu, gure hezkuntza-sistemak, bere osotasun eta aniztasunean, aitortu beharreko esperientzia arrakastatsu asko izan baititu bere historian zehar.
Nazioarteko hezkuntza erreferente baten hitzekin amaitu nahi dut idatzizko gogoeta hau: Paulo Freire pentsalari, filosofo, irakasle eta pedagogo brasildarrak 1966an argitaratutako Pedagogía de la autonomía: saberes necesarios para la práctica educativa liburutik hartutako indizea baino ez da. Inspirazio edo pizgarri moduan hartu ditzakeguzan ideia hauetan beste era bateko erronka batzuk adierazten dira, oraindik ere gaurkotasun handikoak direnak.
Hezkuntzaren inguruan literatura asko daukagu, ahots asko. Aniztasun horrek aberastu baino ez du egiten, nire ustez. Hala ere, besteen artean edo gainetik ahots bat aukeratzen dugunean, helburu batekin egiten dugu. Kasu honetan, nire gogoetaren amaieran gehitu nahi izan ditut Freiren hitzetatik aukeratutako erronkak, nire beltxargaren kanta.
NO HAY DOCENCIA SIN DESCENCIA: ENSEÑAR NO ES TRANSFERIR CONOCIMIENTO: ENSEÑAR ES UNA ESPECIFICIDAD HUMANA:
1. Enseñar exige rigor metódico.
2. Enseñar exige investigación.
3. Enseñar exige respeto a los saberes de los educandos.
4. Enseñar exige crítica.
5. Enseñar exige estética y ética.
6. Enseñar exige la corporificación de las palabras por el ejemplo.
7. Enseñar exige riesgo, asunción de lo nuevo y rechazo de cualquier forma de discriminación.
8. Enseñar exige reflexión critica sobre la práctica.
9. Enseñar exige el reconocimiento y la asunción de la identidad cultural. 1. Enseñar exige conciencia del inacabamiento.
2. Enseñar exige el reconocimiento de ser condicionado.
3. Enseñar exige respeto a la autonomía del ser del educando.
4. Enseñar exige buen juicio.
5. Enseñar exige humildad, tolerancia y lucha en defensa de los derechos de los educadores.
6. Enseñar exige la aprehensión de la realidad.
7. Enseñar exige alegría y esperanza.
8. Enseñar exige la convicción de que el cambio es posible.
9. Enseñar exige curiosidad. 1. Enseñar exige seguridad, competencia profesional y generosidad.
2. Enseñar exige compromiso.
3. Enseñar exige comprender que la educación es una forma de intervención en el mundo.
4. Enseñar exige libertad y autoridad.
5. Enseñar exige una toma consciente de decisiones.
6. Enseñar exige saber escuchar.
7. Enseñar exige reconocer que la educación es ideológica.
8. Enseñar exige disponibilidad para el diálogo.
9. Enseñar exige querer bien a los educandos.