5 minute read
MIKEL JUARISTI
LIDERGO BERRIAK ETA IKASTETXEEN AHALDUNTZEA
Advertisement
Egun zenbait ikastetxe publikotan dugun errealitatea kontuan izanda, izenburuan bertan agertzen zaigu lehen gakoa. Lidergo berriak edota berritzaileak ahalbidetzeko ezinbestekoa baiteritzot egungo ikastetxe publikoak ahalduntzea; hau da, ikastetxeak eskumenak izatea lidergo berri edo eraldatzaileak ahalbidetu eta sustatzeko. Eskumenak, etorkizunaren arduradun nagusi izateko, nor diren eta nor izan nahi duten definitu eta euren bidea egin ahal izateko.
Izan ere, gaur egun ikastetxeetako zuzendaritza postuetan gaudenok eskoletako liderrak gara? Nik uste gai honi hasieratik eutsi ahal izateko lanpostu horietara zelan iristen garen aztertu behar dela. Horretarako nahita ez prozesuaren hasierara begira jarri behar gara; Euskal Eskola publikoetako zuzendariak aukeratzeko prozesua 2009tik dator, momentu horretan ikastetxeen %30ean zuzendariek lau urteetarako proiektua aurkeztu eta euren taldeak osatu zituzten eskoletako gidaritza hartzeko asmoz; ikastetxeen %70ean ikuskariek klaustrokide bat aukeratu beharrean aurkitzen ziren eskoletako zuzendari lanetan aritzeko. Egoera goitik behera aldatu dela esan genezake; izan ere ikastetxeon %70etik gora gara zuzendaritza proiektudun ikastetxeak, baina zuzendaritza proiektu horren atzean gauden zuzendariak zer nolako baldintzak bete behar izan ditugu proiektu hori aurkeztu eta ikastetxe baten gidaritzan lau urtez aritzeko?
Hiru dira maisu maistra batek zuzendaritza proiektua aurkeztu ahal izateko bete beharreko baldintzak: karrerako funtzionario gisa 5 urteko antzinatasuna izatea, aurreko ikasturtean ikastetxean ikasgairen bat ematea eta zuzendaritza proiektua aurkeztea hain zuzen ere. Honezkero konturatuko zinen moduan, baldintza hauek ez dute inolako loturarik lider izateko konpetentziekin beraz, prozesuak ez du bermatzen inola ere zuzendaritzetan gaitasun horien jabe diren pertsonak egotea, ordura arte eskolak ematen diharduen maisu maistrak prestutasun handiaz eskolen gidaritzaren ardura hartzea baizik. Badirudi hezkuntza saila hau aldatuko duen dekretu berri bat jorratzen ari dela, ikastetxeetako liderrek izan beharreko konpetentzietan oinarritutako dekretua, hain zuzen ere. Beraz, dekretu berria martxan jartzea lortzean, eskoletako zuzendaritza taldeez hitz egiterako eskolako liderraz aritu ahal izango gara.
Bitartean, maisu-maistra izatetik zuzendaritza postuetara egun batetik bestera pasatzen jarraituko dugu; irakaskide izatetik, taldeko lider edota gidari izatera, alegia. Horrek norberarentzat suposatzen duen “handicap”ari, ondoko irakaskideengan suposatzen mesfidantza gehitu behar zaio. Gainera, gidaritzaren eta eskolaren ardurak asumitu arren, eskumen askorik ez du, eta hori klaustrokideek jakin badakite beraz, ez da erronka makala.
1/1993 Legeak, otsailaren 19koak, Euskal eskola publikoari buruzkoak, langileriaren gerente gisa definitzen du zuzendaria, baina aldi berean, ez dio inolako aukerarik esleitzen eskola horretako plantillak erabakitzeko, ez dio plantillaren gaineko eskumenik esleitzen… Ezagutzen al du norbaitek bere plantilla aukeratu ezin duen beste lantokiren bateko gerenterik?
MIKEL JUARISTI IZAGUIRRE
GURUTZETA HLHIKO ZUZENDARIA
ERANTZUNKIZUNAK ESKATZEN OHITUAK GAUDE, GOITIK BEHERA NORMALEAN, IRAKASLEAK IKASLEARI, DEPARTAMENTUTIK IKASTETXEKO ARDURADUNOI, FAMILIENGANDIK IRAKASLEEI…
Erronkari ekiteko, azken urteotan gero eta formazio gehiago eskaintzen zaigu Hezkuntza Sailetik eta eskertzekoa bada ere, ezinbestekoa deritzot maisu maistron formazioak eraldatzea. Nahiz eta urte asko eraman hezkuntza munduan lanean, ikasgeletako maisu maistrok rol horri utzi eta eskolaren gidaritzara pasatzeko ikasi egin behar dugu, hausnartu egin behar dugu, denbora eskaini behar diogu izango garen profesional moduan hasteko. Haratago joanda, maisu maistren hasierako formaziotik hasi behar dira liderrak formatzen, hau da, irakasle eskoletan, ikasleak irakasle izatea amesten ari diren une horretan lidergoa eta kudeaketa gaiek presente egon behar dute. Zergatik ezin du maisu maistra izan nahi duen ikasle batek ikastetxe bat zuzentzea amestu? Zer du horrek txarra? Irakasleon artean eta orokorrean gure gizartean badirudi ezkorra dela zuzendari izan nahi izatea eta ez gara ausartzen esaten zuzendari izan nahi dugula, zergatik ikasleen gidari izatea positibotzat jotzen dugu baina lankideon gidaritzan aritu nahi izatea berriz txartzat?
Unibertsitatean zuzendari izatera iristeko amesten jardun beharko luketen ikasleak ezagutzeko asko falta zaigunez, ezinbestekoa deritzot egun ikastetxeetan lanean ari garen profesionalok ere gai honen inguruko formazio espezializatua jasotzea. Gune eta uneak eskaintzea gaiari irakasleek hausnar dezaten, eginaz soilik ez baita ikasten, egindakoaren inguruan hausnartuz baizik. Ikastetxe guztietan daude egitean zentratuta dabiltzan liderrak, ardura ezberdinetan zentratuta baina taldeez tira eginez gidaritzan dabiltzanak, baina ikerketek dioten moduan ikasleen garapenean eragina duen 2. aldagaia baldin bagara, heldu diezaiogun seriotasunez gaiari eta profesionaliza dezagun gure “ogibide” hau.
Behin lanpostu hauek profesionalizatuta, berriro ere hasierako gakora itzultzen gara. Gizartean eraldaketa hain nabaria den garari honetan, ikastetxeek hezkuntza prozesuen eraldaketa sustatu eta egungo errealitate aldakorretara egokitu beharrean aurkitzen gara. Horretarako nahiz eta zuzendari profesionalak izan, hauek ikastetxearen gidaritza erreala bideratzeko eskumenik izan ezean ezer gutxi dute egiteko. Horrexegatik eman diot hasiera testu honi ikastetxeen ahalduntzea eta liderren eskumenekin jolastuz, ikastetxeek euren errealitate partikularrari erantzuten dioten hezkuntza eskaintza egin behar diote lekuko gizarteari eta horretarako ondoko ikastetxetik ezberdintzeko autonomia izan behar du nahi eta nahi ez. Bakoitzak bere egoerari ahalik eta modu egokienean erantzun ahal izateko bitartekoak izan behar dituzte zuzendaritzetan.
Bitarteko horiek erabili beharko ditu zuzendaritza proiektuan adierazi duen norabidean eskola gidatu ahal izateko. Eskola baten gidaritza hartu nahi duen profesional horrek, argi izan behar du nora eraman nahi duen eskola, estrategia izan behar du eta autonomia estrategia hori garatzeko.
Argi gelditzen da gure eskoletako edozein maisu-maistra ezin dela egun batetik bestera irakasle izatetik zuzendari izatera pasa. Izan ere, horretarako formatu ostean, eskola nora eraman nahi duen hausnartu eta proiektua diseinatu ahal izateko denbora beharko du. Proiektu hori behar bezala diseinatzeko, ezinbestekoa da horretan zentratzea ahalegin guztiak. Hau da, ezinezkoa deritzot ikasgelako gidaritza eta horrelako proiektu baten diseinuan aldi berean aritzea. zentratua dagoen maisu-maistra bat horrelako diseinu lanarekin. Horrez gain, irakasle horrek proiektua diseinatu ostean, hezkuntza komunitatea limurtzen hasi beharko du, bera gidaritzarekin bat egin eta indar guztiak norabide berean jarri ahal izateko.
Une horiek eskaintzen ez badizkiegu maisu maistrei, orain arte bezala, proiektu burokratiko batekin aurkitzeko arriskua dugu, aurrez aipaturiko hiru baldintzetako bat betetzeko eginbeharreko pausu baten bilakaeran hain zuzen ere. Nik neuk horrela egin nuen… eskola zuzentzen neramatzan 3 urte eta proiektu bat idatzi behar nuen eskola beste lau urtez zuzentzen jarraitzeko… baina zuzentzen jarraitzen nuen eskolan gelditzeko unerik gabe, egunerokotasunak jaten ninduen bitartean… eta gainera jakinda proiektua entregatu eta 2 zuzendari, ikukariak eta nire hezkuntza komunitateko bi kidek ebaluatuko zutela proiektua, ni “apto” edo “no APTO” izateko… Nahiz eta horietako askok jakin aurreko hiru ikasturteetan zer nolako lana egiten ari ginen ikastetxean, baina hori ez zen kontuan hartzen, horrek ez zuen baldintzekin zerikusirik eta…
Baina egoera hain gordina izanda ere, eta aurretik aipatu dudan moduan, Euskal Eskola Publikoko ikastetxeen %70ean egun zuzendaritza proiektuak aurkeztu ditugun zuzendari boluntarioak gara. Eta hori INPLIKAZIO eta BOKAZIOrik gabe ez da lortzen.
Horrelako indarguneak izanda beraz, zaintzea besterik ez zaigu gelditzen, ditugun profesionalak aitortuz, prestigiatuz. Erantzunkizunak eskatuz nola ez, baina ondo egindakoak goraipatuz eta horietatik eta elkarrengandik ikasiz. Ordua da gaizki egiten dugunari begiratu beharrean ondo egiten dugun horri begiratzeko eta partekatzeko, badugu zer eskainia eta.
Erantzunkizunak eskatzen ohituak gaude, goitik behera normalean, irakasleak ikasleari, departamentutik ikastetxeko arduradunoi, familiengandik irakasleei… eta nik uste dut erantzukizun eskaeratik erantzunkidetasunera jauzia egiteko unera iritsi garela. Ikasleen garapenaren ardura partekatzeko unean gaude, guztiok itsasontzi berean goaz eta norabide berean arraun egitea tokatzen zaigu. ERALDAKETA unea da beraz.