BERRIKUNTZA / INNOVACIĂ“N
Ordenagailuak baino askoz gehiago EKI, proiektu berritzailea teknologia berrietan, eta planteamendu didaktiko eta pedagogikoetan
San Fermin Ikastola lehen ikastola da Nafarroan EKI proiektua aurrera eramaten duena, eta jada DBHko 1. mailako ikasleek ez dute zertan eraman behar liburuez betetako motxila astun horiek. EKI proiektu didaktiko berritzailea da, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritua. Ikastolen esparru teoriko eta pedagogikoaren barrenean sortu da eta Europar Komunitatean ezartzen diren konpetentzien eskuratzea erreferentzia dauka. Papera bezalako euskarri tradizionaletan diseinatuta egoteaz landara, proiektuak jauzi kualitatiboa egiten du teknologia berrietan, ez bakarrik ikuspegi tekniko batetik, baizik eta ikuspuntu integral batetik ere, eta horrek aukera handiak ematen dizkio konpetentziak lantzeko. Ikasturte honetan, lehen aldiz, martxan jarri da proiektu hau San Fermin Ikastolan DBHko 1. mailan, soilik formatu digitalean. Ikastolak eman duen urratsa ez da formatu kontu hutsa, curriculumaren metodologia kontzeptua baita. Izan ere, badaude beste metodo eta material asko argitalpen merkatuan teknologia berrietan inspiratuta, baina maiz dira ikuspegi klasiko edo tradizionaletik ikaskuntza ulertzen dutenak. EKI planteamendu integrala da, liburu digitalaren bidezko lanaz haratago doana. Lan proiektua da irakasgaiak sarean lantzeko kontzeptuan oinarritua, web 2.0 kontzeptuan berean ezagutza ulertzen den moduan.
Ezagutza digitala eta ikaslearen irteera profila Ikaslea ordenagailuarekin eta haren bidez lanean dabil, baina horrez gain, sakondu egiten du sareko beste lan mota batzuetan, eta informazioa eta ikaskuntza bera egituratzeko beste modu batzuetan. Ikastolako ikasle batek haren CROME BOOK zabaltzen duenean EKIn sartzeko, ezagutza digitalaren unibertsoak gaur egun eskaintzen dizkion lehio guztiak zabaltzen ari da aldi berean. Eta ez bakarrik modu praktiko batez, internetera konektatze hutsarengatik, baizik eta materialak berak esteka eta aukera asko eskaintzen dituelako. EKI proiektuak ekartzen duen beste berrikuntza bat da ikaslearen irteera profila. Badakigu nora iritsi nahi dugun, eta badakizkigu zer nolako estrategiak, beharrak, ezagutzak eta gaitasunak behar dituen ikasleak derrigorrezko ikasketak abandonatzen dituenan. Irteera profil hori aurrez jakiteak asko errazten die bidea ikasleak haren ikaskuntzan bizi duen bizi-prozesu horretan parte diren hezkuntza eragileei. Horrela, gai gara ibilbide osoa diseinatu eta sortzeko, hasieratik bukaeraraino.
sanferminikastola.com orria
13