2017-2018 Eskolako ortua

Page 1

ESKOLAKO ORTUA SAN MARTIN AGIRRE 2017-18 ikasturtea JUSTIFIKAZIOA Gaur egungo jendarte industrialetan ahazten ari gara naturarekiko izan beharko genukeen berezko lotura estua. Sarritan, fikziozko oparotasunean bizi gara, ez bakarrik jabetza materialaren ikuspuntutik, baita elikaduraren ikuspuntutik ere. Azken urteotan elikatzeko ohituren aldaketa bizi izan dugu Euskal Herrian. Nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan inposatu den eredu produktibista dela eta, laborantzak bere helburu nagusia galdu du: pertsonen elikadura. Gaur egun, janaria ekoiztea negozio handia da. Nekazal eta elikadura enpresa handiek inposaturiko ekoizpen sistema industrialak naturaren zikloetatik kanpo daude. Lurreko biztanle guztiok jan dezakegunaren ia bikoitza ekoizten da. Hala ere, F.A.O-ren arabera, munduan, egunero, 1020 milioi pertsonek jasaten dute gosetea (2009). Euskal Herrian zorionekoak gara. Era batean edo bestean, elikagaien hornidura bermatuta daukagu. Baina egoera hau fikziozkoa da: gure baserritar eta arrantzale txikiak egoera latza pairatzen ari dira, gure itsaso, lur eta ibaiak agortzen ari dira; gero eta lur gutxiago dago elikagaiak ekoizteko, hiri eta azpiegitura handien hazkundearen mesede. Beraz, saltoki handietan ditugun elikagaiak urrutitik datozkigu. Betidanik etxetik gertu ekoitzi izan diren produktuak, urrunetik ekartzen ditugu orain. Baina gure kontsumo-ohitura horrek badu eragin kaltegarririk etxetik urrun: txirotasuna, gosea, zarrastelkeria, oihan eta basoen suntsipena eta abar. Hori dela eta, herrialde aberastuek herrialde txirotuekiko zor ekologikoa eta soziala bereganatu dituzte. Gure inguruan, berriz, bestelako ondorioak ditu: nekazaritza familiarra eta abeltzaintzaren desagerpena; ohitura eta jakintza askoren galera; ekosistemen suntsiketa; bioaniztasunaren murrizketa... Hau da, gure landa-inguruarekin, sustraiekin eta lurrarekin lotuta dauden bizimoduen desagerpena dakar. Gaur egungo bizimoduarekin askotan ahaztu egiten dugu janaria nondik datorren, nork eta nola ekoizten den. Maiz, badirudi elikagaiak lortzeko era bakarra saltoki handiek eskaintzen digutena erostea dela. Eskola-baratzea baliabide bikaina da ikasleek euren natur eta giza inguruneari buruzko esperientzia anitz bizi ditzaten: ingurunearekin ditugun menpekotasun eta harremanak ulertzeko; ingurugiroa zaintzeko; eta ingurugiroaz arduratzeko jarrerak eta ohiturak praktikan jartzeko. Janaria lortzeko prozesuan, ortua tresna paregabea da gure natur baliabideek duten garrantzia bertatik bertara ikusteko. Ortuaz baliatuz bi xede lortu nahi ditugu:alde batetik, ikasleek ingurumena errespetatzen ikasiko dute (ura, lurra, haziak‌). Eta, bestetik, gosetea ekiditze aldera, baliabide horiek munduko herri guztien eskura egotea beharrezkoa dela ulertuko dute. Fao ren esanetan eskoletako ortuak ikasleen heziketa eta nutrizioa hobetzeko tresna ezinhobeak dira, aldi berean sustatzen dutelako ingurugiroaren iraupena eta eskola komunitateko ongi izate fisiko eta mentala.

1


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.