LAU HAMARKADA, HAMAIKA BORROKA San Martin Agirre Herri Eskolaren historia
1. Hastapenak 44 urteko atzerako jauzia egin beharko genuke denboran Eskola Publikoaren jatorriarekin topo egiteko. 1970. urtean Ikastetxe Nazionalak eta Udal Patronatuak osatzen zuten Bergarako hezkuntza eskaintza publikoa; hurrenez hurren, estatua eta udala ziren horien diru iturriak. Baina urteak ez dira alferrik pasatu, lau hamarkadaren ostean ezagutzen dugun eskola publikoak ez du zerikusirik garai hartakoarekin. Mutilek eta neskek ez zuten elkarrekin ikasten, auzoetan izan ezik. Ikastetxe bateratu baten hutsunearen eraginez, mutilak hirigunean zeuden gelatan banatuta zeuden; neskak, berriz, Ense単anza Ikastetxean biltzen ziren. Ikasleen masifikazioa, baliabide didaktikoen eta zerbitzu osagarrien gabezia, edota irakasleriaren lanbaldintza kaskarrak ziren 70. hamarkada hasierako eskola publikoaren ezaugarri nagusiak. Sortu berri zen eskola publikoaren erronka nagusia 14 urte arteko gazteen eskolaratzea sustatzea bazen ere, ez zen hezkuntza sistema publikoaren aldeko langileen borroka bakarra. Kutur Ekintzak (?) jangela ireki eta eskola garraioa martxan jarri zuen. Horrez gain, indarrak bateratze aldera, 1972. urtean Guraso Elkartea sortu zuten. Euskalduntzea bultzatzeaz gain, zuzendaritza desberdinekin elkarlanean, hobekuntza ugari burutu zituzten. Urtebete beranduago, 1973-74 ikasturtearen baitan, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO/EGB) eraikin berria jarri zen martxan. Bi ikastetxe publiko bateratu ziren bertan: beheko solairuan Martinez de Irala Ikastetxea (OHOeko maila guztietako neskak) eta lehenengo solairuan San Martin Agirre Ikastetxea (OHOeko 6., 7., eta 8. mailako mutilak, baita 1. eta 5. maila arteko ikasle batzuk ere). Aurrerapausoak aurrerapauso, ikasle zein irakasleen sexu bereizketak bere horretan zirauen. Testuinguru horretan kokatzen dira irakasleek hezkuntza bateratuaren alde egindako ekimen ugari, indarrean zegoen legearen aurkakoak asko. 2. Euskararekiko konpromisoa Sasoi hartan eskola publikoa osatzen zuten irakasle zein ikasle gehienek ez zekiten euskaraz. Hala ere, aipatzekoa da 1976ko apirileko Hezkuntza Elebidunerako Herri Planari emandako erantzuna. Erantzun horri esker, 1977-78ko ikasturtean hezkuntza elebidunari hasiera eman zitzaion eskola aurrean (?). Hamarkada horren amaiera aldera, eskola euskalduntzeko pauso bat gehiago eman zen: Maria Pilar Lonarbide irakasleak Ikusi-Makusi argitaratu zuen, lau eta bost urte bitarteko haurrei euskaraz irakasteko metodoa, alegia. Esfortzu horrek eman zituen fruituak, 1982-83 ikasturtean Martinez de Iralak eta San Martin Agirrek administratiboki bat egin zuten. Bateratze hori ez zen bat-batekoa izan, zenbait urte behar izan ziren hura burutzeko. Hutsik geratu ziren eraikinei erabilera emate aldera, Aranzadi Ikastolari Martinez de Iralaren lagapena egin zitzaion, etorkizunean, eskola publikoak beharrik izango balu, hura berreskuratzeko baldintzapean. Poliki-poliki euskara OHOeko maila guztietara iritsi zen; astean ordu batzuetako presentziatik euskal hezkuntza integralerako saltoa egin zen. Irakasleriak hartu zuen bere gain lan hori; izan ere, zenbait irakasle liberatu zituzten Guraso Elkartearen babesarekin, baina Hezkuntza Ordezkaritzaren ezagutzarik gabe.
3. Eskola publikoaren aldeko borroka nekaezina Garai latz haietan hasi zen gaur eguneraino iraun duen borroka konplexu bezain beharrezkoa. 1980-90eko hamarkadan eskolako matrikulazioa herrian jaiotakoen %8 eta %10 bitartean kokatzen zen. Urteek aurrera egin ahala kopuru hori hazten joan zen, 1998-99 ikasturtean jauzi kuantitatibo bat eman eta matrikulazioa %38ra igo zen arte. Harrez gero, eskolako agente guztiek eginiko lanari esker, portzentaje hori mantentzea erdietsi dugu. Urteetan zehar burututako esfortzuaren emaitzak zoragarriak baziren ere, ikasle kopuruaren igoerak zenbait oztopori egin behar izan zien aurre. Izan ere, eskola nagusian, Boni Laskurainekoan, ez zegoen ikasle horiek guztiak kokatzeko adina espazio. Hori horrela, garai hartako zuzendaritza taldea Martinez de Irala eraikuntza berreskuratzeko aldarrikapenekin hasi zen. Sasoi gogorrak izan ziren, ez baikenuen gure ikasleei baldintza duinak eskaintzeko aukerarik. Baina gure proiektuan sinesten genuen eta ez genuen amore eman eraikuntza berreskuratu eta espazio arazoa konpondu genuen arte. Hala, Martinez de Iralako eraikinaren egokitzeko prozesua hasi zen. 2013-14 ikasturte bukaerarako obrak amaitu ziren eta aurtengo ikasturtean Haur Hezkuntzako maila guztiak han kokatu dira. Urteetan zehar burututako borrokak helburu bakar bat jarraitu izan du: eskola publikoko ikasleei hezkuntza euskaldun, duin eta kalitatezkoa eskaintzea. Gaur egungo hezkuntza proiektua gauzatzeko espazioa eskolako komunitatea osatzen dute kide guztien laguntzaz eraiki dugu. Amets bezala hasi zen proiektua denon artean errealitate egin dugu. Hortaz, guztion borondate eta parte-hartzea eskertzeko asmoz, Haur Hezkuntzako eraikinaren inaugurazioa zuok guztiokin bizi nahi dugu. Lehen Hezkuntzako eraikuntza nagusia Boni Laskurainen kokatua dago, Haur Hezkuntzakoa, aldiz, Martinez de Iralan. Hiru auzotan eskolako eraikinak izan ditugun arren, egun Osintxukoa bakarrik mantentzen da. 2004-05 ikasturtean Martokuako eraikina itxi zen ikasle kopurua txikia zelako. Arazo berdinak zirela medio, hiru ikasturte beranduago, 2007-08koan, Zabalotegikoa itxi behar izan zen.