6 minute read
Gaia: Ugatza
Eder izeneko ugatza Aralarrera iritsi zen azkena da eta Muel-ekin osatu du bikotea. ··· Javier Vazquez
Ugatzaren populazioa, pixkanaka goruntz
Advertisement
Une honetan Aralarren bikote bat bizi da, nahiz eta ez duen lortu oraindik kumatzea
Mikel Olano, basozaina
Hegazti handia da ugatza. Hegal luzeak ditu. Hego puntatik puntara 3 metrotako luzera izan dezake. Isatsa ere luzea eta ‘kuña’ formakoa du. Sarraski jalea da eta horien artean hezurrak jaten dituen bakarra da. Airean sortzen diren korronte termikoak erabiltzen ditu hegan egiterakoan.
Lumajeari dagokionez, kolore ezberdinetako etapak pasatzen ditu heldutasunera iritsi arte. Hau gertatzen da zazpi urte inguru dituenean.
Banaketa
Munduan zehar kontinente ezberdinetan bizi da. Besteak beste Eurasia eta Afrikako mendi lerroetan. Populaziorik garrantzitsuenak Afrikako ekialdean eta mendebaldean kokatzen dira. Baita ere Asia erdialdean eta Himalaian.
Ugatzetan gutxienez bi subespezie desberdintzen dira: G.b. barbatus (Eurasian eta Afrika iparrean) eta G.b. meridionalis (Afrika ekialdean eta hegoaldean).
Europan, berriz, nahiko ugaria zen garai batean baina XIX. mendean ia leku guztietatik desagertu zen pozoia eta ehiza zela medio.
Pirinioak gordeleku
Lehen aipatu bezala, XIX. mendean ugatza ia desagertu zen gure inguruetatik. Pirinioak hartu zituen gordeleku bezala eta bertan iraun izan du urte askotan zehar. Horrela, aurreneko zentsu moduko batean, 1979an, Rafael Herediak 19 lurralde aipatzen ditu. 1988 urtean 25 lurralde zenbatzen dira eta 2018 aldiz 122ra igotzen da lurraldeen kopurua. Hori dena Pirinioetan.
Baina denbora horretan Pirinioetatik kanpo ere beste nukleo batzuk sortzen hasi ziren. Horrela 2006ean Andaluzian, Cazorlan, hasitako proiektuak bere emaitzak ematen hasten da eta 2018 urtean iada hiru lurralde zituzten. Gauza berbera gertatzen da Asturiasko Picos de Europako proiektuarekin. Hau 2010. urtean hasi zen eta gaur egun gutxienez lurralde bat badute.
Bi proiektu hauek reintrodukzio bidez eman dira aurrera. Hegaztiak askatzen joan dira ‘hacking’ metodoa erabiliaz. Hau da, hegaztiek ez dituzte bere kabuz kolonizatu lurralde berri hauek. Antzeko proiektu bat burutzen ari da Castellongo eta Teruelgo Maestrazgo inguruan (2018).
Baina modu naturalean ere kolonizatu dituzte bi lurralde berri. Bata Moncayo inguruan (sistema iberiarrean) eta beste bat ‘montes vascos’ bezala ezagutzen den mendikate batean: Aralar. Bi lurralde hauetan ez dute umatzerik lortu baina etzan dira.
IREC eta CSIC erakundeak egin duten lan berri baten arabera (Margalida eta al.) Hegoaldeko Pirinioetan 1.000 ugatz inguru bizi dira. Hauetatik %36 umegileak dira, ‘reproduktoreak’, eta , lurralde baten jabe direnak. Gainontzeko aleak ‘poblacion flotante’ bezala kontsideratzen dira. Lurraldearen jabe den ugatzen bat desagertzen bada berehala sartzen da leku horretara ‘flotanteak’ direnetako bat. Hau da, reposizioak berehala egiten dira.
Gurera etorriz eta, zehazki, Aralar kontuan hartuz, esan 2016an bertan bikote bat osatzen dela. 2017an beste ugatz bat azaltzen da eta hirukotea osatzen dute. Hauetariko bi markatuak daude: Kiriku (arra) eta Muel (emea). Hirugarrenari Eder izena jarri genion. Hau ere arra. Urte honetan, dakigula aurreneko aldiz habia egiten dute baina ez dira etzaten. 2018an habia berritzen dute baina ez dira etzaten. 2019an aurreneko aldiz etzaten dira baina ez da umerik jaiotzen. 2020an etzan eta umea jaiotzen da baina berehala galtzen da.
Azken urte horretan, denboraldiaren bukaera aldera, Kiriku desagertu egin zen eta ez dugu ge hiago ikusi. 2021. urtean berriro etzan dira baino inkubazio garaian porrot egin dute. Gaur egun bikoteak jarraitzen du.
Bestalde aipatu Aitzkorrin ugatz heldu bat finkaturik egon dela hainbat hilabeteetan 2021. urtean .
Baita ere aipatzekoa da, 2002an Andia-Urbasan, bikote bat osatu zela eta habia egin ondoren etzan egin zirela. Ez zuten umerik atera; frakasatu eta berehala lurraldetik desagertu ziren.
Bikote edo hirukote bat lurralde bakoitzean
Ugatzak lurraldeka banatzen dira, bakoitzean bikote bat edo hirukote bat (trio poliandrikoa) egonez. Hauen kasuan gehienetan bi ar eta eme bat izaten dira, baina bi eme eta ar bat ere izan daitezke.
Lurraldeez hitz egiten dugunean ezagutzen diren lurraldeei buruz ari gara, lurralde kontrolatuak deitzen zaienak. Horrek ez du esan nahi oraindik ezagutzen ez diren beste lurraldeak ez daudenik.
Europan, esaterako, 126 lurralde kontrolatuta ditugu Iberiar penintsulan; Alpeetan 50, urte luzeetan egindako reintroduzio baten ondorioz; Frantzian 46 lurralde, Kretan bost eta Andorran bakarra.
Beste gauza bat dira lurraldeen estimak. Hauek kalkulu batzuen arabera ateratzen dira eta leku batean zenbat lurralde egon daitezken adierazten da. Estimatuak beti ere kontrolatuak baino lurralde gehiago ateratzen dira, baino, lehen aipatu bezala, gure datuak beti lurralde kontrolatu modura aipatuko dira, hau da, ezagutzen direnak.
Penintsula iberiarrean esan dugu 126 lurralde ditugula, 2018an egindako zentsu nazionalaren arabera. Hauetatik 39 hirukotez osatuak. Honela banatzen dira: Pirinioen hegoaldean 122 lurralde. Andaluziako Cazorlan 3 eta Asturiasko Picos de Europan bat.
Hego pirineoan aldiz, horrela banatzen dira: Aragoik 74 lurralde ditu. Kataluniak 40 eta Nafarroak 8. Guztira 122 lurralde.
Populazioaren zabaltzea
Faktore asko batzen dira territorioen zabalkuntza eman ahal izateko. Bata, eta segur aski nagusiena, pozoiaren desagertzea edo gutxitzea; bestea, ehiza ilegala gutxitzea edo desagertzea. Baita elektrokuzioak ekiditea, tendidu elektriko asko konponduaz, nahiz eta oraindik lan handia dagoen linea ezberdinak konpontzen. Adibide modura, ‘Flumen’ izeneko ugatz heldua hilda agertu zen Arabako lurraldean 2021. urtean zehar argi indar kableekin talka egin ondoren.
Badira beste faktore batzuk ere asko lagundu dutenak zabalkuntza honetan, esaterako, artifizialki jana eman izateak. Lurralde ezberdinetan P.A.Sak sortzen dira (puntos de alimentacion suplementaria). Hau da, jan lekuak sortzen dira eta bertan elikatzen dira ugatz asko eta asko. Beste neurri garrantzitsu bat Komunitate Autonomo ezberdinetan Errekuperazio planak martxan jartzea izan da. Hala nola Aragoin, Katalunian eta Nafarroan. Ez ahaztu hegazti hau ‘galzorian’ bezala sailkatuta dagoela eta horrek errekuperazio planak burutzea eskatzen duela.
Tresna hau erabiliaz gauza asko egin dira eta egiten dira orain ere. Adibidez habian kontrolak, zentsu simultaneoak komunitate ezberdinen artean, eta abar. Aldi berean lan talde bat sortzen da ekintza hauek denak koordinatzeko. Zalantzarik gabe aipatutako neurri hauek denak funtsezkoak izan dira ugatzaren errekuperazioan.
Zer esanik ez reintrodukzioak izan duen garrantzia. Ekintza horri esker sortu dira Andaluziako eta Asturiasko nukleoak. Bide beretik doa Maestrazgoan hasi berria den proiektua. Ez ahaztu Alpetan gaur egun bizi den populazioa reintrodukzio batetik datorrela.
Mehatxuak
Mehatxuen artean lehen aipaturikoak hor jarraitzen dute, hau da, pozoia, tiroak, tendidu elektrikoak, eta abar, eta gaur egun beste berri batzuk azaltzen hasi dira. Hauek gure aisialdiarekin zerikusia dute: eskalada, parapentea, helikopteroak paisaiak grabatzen, dronen erabilera, argazkilariak, eta abar.
Hau da, mendian garai batean baino zarata eta jende gehiago dabil, eta hegazti hauek bakea eta lasaitasuna behar dituzte. Batik bat umatzeko garaian. Zalantzarik gabe sektore hauetariko jendearekin hitz egin eta gauzak adostu beharko dira ugatzaren presentzia bermatu ahal izateko.
Bada beste faktore bat adituak asko kezkatzen dituena: gaizki umatzen dute. Produktibitatea 0,33 ume/lurraldeko izan zen 2018an Iberiar penintsulan. Oso parametro eskasa da.
Gaur egun bikote edo hirukote dezente gehiago dago baino ez dituzte umeak proportzioan ateratzen. Azken 18 urtetan gutxi gora behera ume kopuru bera aireratu da, 40 ume inguru. Adituen ustez horrek populazioaren zahartzea ekarriko du hemendik denbora batera.
Zergatik umatzen dute hain gaizki azken aldian? Teoria ezberdinak daude. Batzuk diote, adibidez, Pirinioetan lurralde saturazio handia dagoela, hau da, lehenago lurralde bat zegoen tokian agian orain bi edo hiru bikote edo lurralde daudela. Horrek berarekin interakzio asko ekartzen ditu hegaztien artean, lurraldearen defentsan, eta abar.
Beste batzuk diote jan leku handiak beraren inguruetan kontzentrazio handiak egotea dakartela. Hobea dela jan leku txikiagoak izatea eta toki gehiagotan. Jan leku txiki hauek garrantzitsuak izango lirateke baita ere kolonizatu beharreko lurralde berrietan.
Kontutan hartu behar da baita ere berez, ugatza kolonizatzaile txarra dela, oso ‘filopatrikoa’ delako, hau da, jaio diren lurraldeetan bizitzera eta kumatzera itzultzeko ohitura dute.
Ikusten den bezala ugatzaren populazioak goraka egin du baino oraindik asko zabaldu beharra dauka garai bateko mendietara itzuli nahi badu... Badago zer egina.