2 minute read
Tolosatik Izaskunera
Ibilbide ia zirkularra egingo dugu, Tolosatik Izaskunera joateko dauden antzinako bideetatik. Zumardi Txikitik hasiko dugu bidea eta Santa Klara konbentuaren ezkerretara igotzen den errepidetik abiatuko gara. Bidean gora igoko gara errepide ertzetik, autobidearen zubiraino iritsi arte. Azpitik igaroko gara eta bestaldean, eskubitara igotzen den zementuzko bidea jarraituko dugu.
Autobidearen ondotik goruntz igotzen da bidea, eta ordu laurden inguruan lehenengo etxeetara iritsiko gara: Etxe Alai, Etxeberritxo eta Buena Vista. Goruntz jarraituko dugu zementuzko bidetik, eta bost minutuan Lugorre baserriaren ondotik igaroko gara. Aldapa pixka bat leunagoa da ondorengo metroetan, eta laster, Izaskunera igotzen den errepidera aterako gara.
Advertisement
Iraupena: 1 o. 10 m.
Zailtasuna: ertaina
Desnibela: 211 m.
Distantzia: 2,8 km.
Irteera: Zumardi Txikia
Eskuinerantz igoko gara. Nahi badugu errepidetik igo gaitezke, aldapa leunagoa da, eta bestela, bide zaharretik jarraituko dugu. Horretarako, bihurgunea pasa eta segituan eskubira ateratzen den mendi-bidetik igoko gara. Bertatik, etxe eta baserrien artetik, bost minutu inguruan iritsiko gara Izaskunera, eta segituan, ermitara ailegatuko gara. Jaitsiera bide beretik egin dezakegu, edo nahiago badugu, antzinako eskilaretatik jaitsi gaitezke. Horretarako, bihurguneraino jaitsiko gara eta bertan, zementuzko bidetik jaitsi beharrean errepidetik jaitsiko gara metro batzuk. Segituan, ezkerretara ikusiko dugu eskilaren bide zaharra. Egoera nahiko onean dago, baina euria egin badu kontuz jaitsi behar da lokaztuta egon ohi delako. Ordu laurden inguruan autobidearen ondoko bidera iritsiko gara. Hortik, segituan jaitsiko gara berriro irteera puntura.
Zumardi Txikia
Zumardi Txikia Nafarroara zihoan bidearen ondoan eraiki zen duela bi mende inguru, herriak alde zaharretatik atera eta kanporantz zabaltzen hasi zirenean. Ia hiri guztiek zituzten beren zumardiak, baina Tolosa da bi dituen bakarra, Zumardi Handia ere eraiki baitzuen urte batzuk lehenago Elduarain ibaiaren ondoan. Lorategi antzeko ibiltokiak ziren, zuhaitzak ilaratan landatuta dituztenak espazio lau eta mugatu batean. Duela urte batzuk Zumardi Handia eraberritu zen bere izaera historikoa galduz, eta Zumardi Txikia da egun zumardiaren izaera historikoa mantentzen duen bakarra.
Izaskungo ermita
Tolosan dauden hiru ermitatako bat da Izaskungoa. Andre Mariaren irudia XIII. mendetik da ezaguna eta Uzturre mendiaren maldan eraiki zen ermitan gorde zen. Ordutik, hainbat aldiz erre zen baseliza, XIX. mendean berreraiki zen azken aldiz. Jatorrizkoa egungoaren parean, Izaskun baserriaren lekuan zegoen. Izaskungo ama 1939an Tolosako zaindari izendatu zen. Historiaren arabera, ermitak erre ziren garai nahasietan Lizaratzu baserri ondoko koba batean egon zen gordeta. Gaur egun bertan dagoen irudia kopia bat da. Maiatzean, goizero meza ematen da.
Antzinako bidea
Izaskun auzora Tolosatik igotzen den jatorrizko bidea, errepidea egin aurretik, Santa Clara konbentutik gora igo eta Galardienea etxearen ondotik hasten zen. 1917an sortu zen eta bidean zehar bost misterio daude, azkena ermitaren aurrean. Egun igoerako misterio guztiak hau-tsita edo desagertzeko zorian daude. 1979an autobidearen eraikuntzak bidea moztu zuen eta bi hamarkada guztiz utzita geratu zen. 1996an herritar talde baten sustapenarekin berriro garbitu eta ireki zen.
Basoko marrubiak
Uzturre mendiaren magaletik gora igotzen den antzinako bidean hainbat lore eta fruitu aurkitu ditzakegu. Udaberriarekin batera, pixkanaka denak loratzen hasi dira eta laster emango dute fruitua. Horietako bat da basamarrubia. Marrubiaren jatorrizko landarea da, zurtoin batean ateratzen diren lore txuri eta fruitu gorri txikiak ematen ditu uda partean.
Gai hau luzea eta zabala dela uste dut. Ziur nago gizakiok betidanik izango genituela animaliak edo abereak inguruan. Ongi dakigunez, animalia erreinuan milaka edo milioika espezie edo mota daude: abereak, hegaztiak, arrainak eta mila motako intsektu edo xomorro. Ezin ahaztu ikusten ez diren birusak, bakteriak eta era guztietako mikrobioak, batzuk oso kaltegarriak, baina gehienak gizakion mesedegileak.
Oro har, animaliak modu askotara baliatzen ditugu; gehienetan elikagai iturri moduan, baina bestelako erabilerak ere aipatzekoak dira: lanerako, jolaserako, kiroletarako, sendaketarako eta abar luze bat. Baserri munduan eman izan da, batez ere, animalien edo abereen baliakuntza era askotako onurak lortuz; horregatik zen aberatsa abere asko zituena.
Animalien tratu txarrak ere emango ziren, ezin ukatu, baina ez oinazea ematearen alde, beharrak eraginda baizik. Ziur nago gehienetan alderantzizkoa izan dela; onginahia eta estimua asko eman zaie animaliei, hegaztiak barne, janaria edo elikagaia bermatzen zutelako eta lanerako laguntza ezin hobea. Zenbait ganadu uztarrian soro lanetarako eta garraiorako. Jolas lagun eta entretenigarri ere izan dira askotan. Txakurrak eta katuak ere izan dute bai beren eginkizuna: txakurrak atezain eta ehizerako, katuak arratoi eta xaguak harrapatzeko aproposak, eta biak umeen jolaserako eta di-