Alvaro Rabelli NAGORE LEGARRETA
hizkuntzalaria, Miranda Ebroko hizkuntza eskolako irakaslea
Bide bat aurkitu nahian gure gizartean gertatzen diren gertaerek zer nolako ondorioak ekarriko dizkioten euskarari datozen urteetan, ez behintzat, gertatzen diren abiadura zoro honetan. Dakiguna da, horrelakoxea delako, bizi ditugun sasoi ezinago aldakor hauek dagoeneko sakoneko aldaketak ekartzen ari direla euskararen ingurura, baita erronka berriak ekarri ere. Baiki, sasoi latzak bizi ditugu, arlo ekonomikoan batez ere. Ez dakit noizbait sasoi hobeak bizi izan genituen, baiezkoan daude batzuk, baina oraingo krisialdiak gure herria bete-betean harrapatu du, inoiz baino gogorrago astintzen ari zaigu, eta oraingoz, tamalez, ez da irtenbidea ikusten.
E
Z DA ERRAZA AURREIKUSTEA
Gauzak zer diren, gure ekonomia amildegiaren ertzean dagoen honetan, politika arloa argituz doa. ETAren iazko su-etenak bidea erraztu zion aurtengo Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan sentsibilitate politiko guztiak legebiltzarrean berriro egon daitezen. Bozkak EAJk irabazi ditu, eta EHBildu bigarren indarra da. Nafarroan ere aldaketak aurki ikusiko ditugu. Nolanahi ere, Erkidegoan indar abertzaleak garaile suertatu dira eta horrek berehalako aldaketa ekarri du. Patxi Lopezen agintaldia amaitu da. Bagenekien jakin Lopezen gobernua ez zena euskaltzalea izango, baina, Euskararen Kontseiluan izan den Jon Juaristiren partehartze “exotikoa” alde batera utzita, beste arlo askotan bezala, nahiko apatikoa izan da Lopezen agintaldia. “Gutxiengo teknikoak” bete dituela esan genezake. Teknologia berrien aldeko apustua eta euskararen promozioa atzerrian izan dira Lopezen hizkuntza politikaren zutabe nagusiak. Agintaldi honetan Etxepare Institutua abian jarri izanak horixe erakusten du. Baina benetako promozioa etxean egin behar da, euskarak XXI. mendean iraungo badu. Oraindik ez dakigu Urkulluren agintaldiak zer ekarriko dion euskarari, lorratz gutxi eman baitu haustekunde kanpainan. Ibarretxe lehendakariaren agintaldia euskararen
gaineko kontsentsu handi samarrarekin amaitu zen, Patxi Baztarrikaren gidaritzapean. Erkidegoko Euskararen Legeak hogeita hamar urte bete berri ditu eta oraindik zeregin franko dago. Ekingo dio Urkulluk euskara gizarte osora eramango duen hizkuntza politika iraunkor, sendo eta ausartari? Ikusiko Nafarroan eta Iparraldean ere zer egiteko gai garen. Alabaina, euskararen biziraupena ez dago politikarien esku, lagun dezaketen arren. Jon Sarasuak askotan aipatzen duen bezala, Euskal Herria independientea balitz ere, hizkuntza beti hiztunen esku legoke, beraien eginahal eta borondatearen baitan. Oraindik euskarak bere hiztunen lan eskergaren beharra dauka eta horretan gauzak, goian aipatzen genuen krisialdia dela-eta, ez doazkigu ondo. Matrikulazioak behera egin du euskaltegietan, hezkuntzan murrizketak, euskarazko komunikabide asko ekonomikoki itota daude, euskara elkarteak ez daude hobeto eta kultura kontsumoa jota dago. Eta okerrena, gizartean hizkuntza “lehiakorrago” baten aldeko apustua berriro zabaltzen ari da, emigratu behar badugu. Lauaxeta fusilatu zuten hirurogeita hamabosgarren urteurren honetan euskararako bide berriak urratzeko sasoia da, denbora gehiagorik galdu gabe, bihotz eta buru aukeran, gure pailazo euskaltzaleek aldarrikatzen duten bezalaxe. KONTSEILUA
Abenduaren 1eko manifestazioa, Kontseiluak deitua.
euskara
euskara