Hona Amikuze, edo Amiküze bertako askok dioten moduan: Nafarroa Behereak Biarnorekin muga egiten duen ipar muturrean, 32 herri, 9.000 biztanle denen artean, hiriburu Donapaleu –Dnaplü– 1.850ekin, lautada zabalez eta muino apalez osatutako paisaia, hazitarako artoa denetan, Europan izena duen Lur Berri nekazari kooperatiba industrialaren sortze eremua, zenbait enpresa ttiki… eta euskararen ezagutza %50 inguruan. Benetan? Benetan, nahiz eta kanpotik hurbildutako euskaldunari kostatuko zaion euskarazko solasik entzutea inon, ez bada ostiral eguartean Donapaleuko ferian eta ostatuetan, 75 urtetik gorako laborari txapeldunen ahotan: amikuztarren erdiak badaki.