Otsailaren 26an hasi eta martxoaren 12ra arte, Bertsolamintza IV Inertziak erantzi, garena jantzi jardunaldiak antolatu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Egunerokotasunari herdoila kentzen arituko dira hamar hizlari, hainbat alorretan (umoreaz, sortze prozesuaz, gai-jartzailetzaz...). Txapelketako inertziez eta honek bertsolaritzaren sisteman duen eraginaz jardungo dira hauetako hiru, eta Larrunen elkartu ditugu. Bertsolaritzari buruzko beste ikuspegi bat duzu bertan, dena baita nondik begiratzen den. Erantzuteko aukera duzu bai argia.com webgunean, edo Bertsolamintzako hitzaldietan parte hartuz.