Irakurle, datozen urteetan, hemen irakurtzen dituzunak zure inguruan nolabait islatuak ikusten ez badituzu, gaizki ibiliko garen seinale. Hedabideetan jardun beharko da bizikidetzaz, plazan, eskolan, tabernan, etxeko otorduetan… Euskal herritarrok elkarbizitzarako gutxieneko batzuetan ados jarri garela, berradiskidetzea abian dela, ez dela berriz hilko autodeterminazioagatik, ez dela berriz torturatuko informazio bila edo izua barreiatzeagatik. Biktima eta sufrimendu guztiak, enpatia, memoria kritikoa, begirada prebentiboa… Horiek guztiak eta askoz gehiago entzun, jaso eta barneratu beharko ditugu egun bizi dugun bake prozesuak bide egiten badu. Larrun honetan ez dira ikuspegi guztiak, baina bai elkarbizitza berriaren gako nagusiak.