Euskaltegietako ikasle kopurua eta irakas-orduak behera doaz. Euskaltegietara jende gehiago ez hurbiltzearen arrazoiketa konplexua da eta lau mahaikideek faktore horiek astindu dituzte. EAEn helduen euskalduntze alfabetatzearen arauketa zaharkituta dagoela diote, eta era berean, gizartea asko aldatu dela, eta beraz, herritarren nahiak eta beharrak ere bai. Astean ordu gutxi ditu eskaintzeko euskara ikasleak, dirua urri ere badauka eta matrikula ordaintzeko arazoak ditu. Ikaslea bai, baina hizkuntza politika izan dute batik bat mihian mahaikideek. Euskararen beharrik ez sortzea, motibaziorik ez eragitea, herritarrengandik urrun egotea eta sarri hizkuntza politika euskaltegiek egin beharra azpimarratu dute.