Ibarretxe lehendakariak 2007ko urrian egin zion akordio politikorako eskaintza Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, Ibarretxeren bide orria deitutako ekimena. Proposamena zenbait urratsek mugarrituta dago. Lehenbizikoa, Eusko Legebiltzarreko osoko bileran zehaztuko da datorren ekainaren 27an. Bi mandatariak bederatzi bider bildu dira dagoeneko Moncloan, maiatzaren 20an azkenekoz. Zapaterok ezezko biribila eman dio Ibarretxeri beste behin ere, Estatuaren marko juridiko-politikoak Konstituzioa sabaia duela esanez. Ibarretxek, berriz, EAEko herritarren erabakitzeko eskubidea mugatu ezina dela erantzun dio. Ibarretxe-Zapatero azken bilera izan aurretik, ARGIAk lau analista politiko bildu zituen Eusko Jaurlaritzaren proposamena nahiz Zapatero presidentearen jarrera aztertzeko. Solasaldiak benetako ordua heldu dela iradoki digu, baita EAEn hauteskundeak laster burutu daitezkeela ere.