Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) eta garraio-sarearen garapenak, beste faktore batzuen artean, gizartea geroz eta sedentarioagoa bihurtu dute. Jende askok kirolean topatu du alternatiba. Onura fisiko, psikologiko eta sozialak dakartza kirola egiteak. Osasuntsu mantentzeaz gain, estresak eragin dezakeen antsietatea eta depresioa murriztu, autokonfiantza handitu eta gizarte-trebezia garatzen laguntzen du. Sarri, baina, gure mugak aintzat hartu ez eta helburu handiegiak markatzen ditugu. Mesede egin beharko ligukeenak kalte egiten digu orduan. Balantzaren bi aldeak ezagutuko ditugu, Gemma Sanginés eta Aritz Olagoi kirol psikologoek eta Ainhoa Murua triatloilari olinpikoak kontatu dizkigutenak ardatz hartuta.