Bizi dugun krisi ekonomikoak zerbaiterako balio izan badu, izan da dugun eredu ekonomikoa birplanteatzeko –edo behintzat ezbaian jartzeko–. Kapitalismo basatian oinarritua, kontsumoa da gizartearen motorra, kateari lotura ematen diona, produktibismoa sustengatzen duena. Eta lezioa ondo ikasia daukagu, erritmo frenetikoan kontsumitzen baitugu. Baina noiz arte mantendu ahal izango dugu eredu hau, jakinik baliabide naturalak akitzen ari garela, planeta mugatua dela eta dugun ereduaren produkzio/kontsumo gosea amaiezina? Ertzearen edo deshazkundearen aldekoek alarmak piztu dituzte, eta daramagun kontsumo maila gelditu behar dela ohartarazi dute. Baina lehenago edo geroago eztanda egingo duela dirudien ereduari nola eman buelta? Eta gu, kontsumitzaile izaera hain barneratua dugunok, zein neurritan gaude prest?