Kristiane Etxaluz (Domintxine, Zuberoa, 1941) Afrikan eta Europan bizi da erdi eta erdi: bere senar Alfontso Etxegaraik mende laurden darama Sao Tomeko ugarte-errepublika txikian deportaturik, eta harekin pasatzen du emazteak urte erdia. Medikuntza eta biologia ikasketak eginez irakasle aritu zen gazterik Hazparneko lanbide eskolan. 1965ean ETAren garraiolari lanak egiteaz akusatuta espetxeratu zuten Iruñean. Ateratakoan, 1967ko hauteskundeetan zerrendaburu eraman zuen Enbata mugimenduak. Antzerkiaz eta kulturaz gain militantzia politikoak egin zuen ezagun Euskal Herri osoan; Hegoaldean, Herri Batasunaren ekitaldietan hartu zuen parte.