Kirola da gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza gehien nabarmentzen den esparruetako bat. Pitzadura hori hamaika faktorek elikatzen dute: jaiotzen garen unetik bertatik neska eta mutikoak berdin ez gizarteratzea –sozializazio modelo diferenteak–, kirolak itsatsirik dituen baloreen aurrean maskulino-femenino estereotipoak gailentzea, komunikabideetan urri agertzea eta emakumezkoen kirolean profesionaltasunik apenas egotea, besteren artean. Hainbat autorek dioen bezala, “berdintasunaren ameskerian” bizi gara. Maiz horren kontzientziarik ez izan arren, desberdintasunek indarrean jarraitzen dute, emakume kirolariek gainditu beharreko trabak medio. Agian ez dira hain ageriko oztopoak, zeharkakoak baizik, baina neskak kirolera atxikitzeko orduan berebiziko garrantzia dute.