Ongarri nahiz bestelako gehigarri kimikorik gabeko laborantza ez da azken hamarkadotako asmakizuna, ez hippyen garaian edo 1968ko maiatz aldean sortua. Ehun urtez goiti dabiltza munduko nekazari argienak biologiko, ekologiko, organiko, natural edo iraunkor kontzeptuekin lanean. Lur langitza hau landarea baino haren oinarriko lurzorua artatu eta elikatzen saiatzea denez, azken urteotan aurrerapauso handitzat jotzen dute askok BRF Bois Raméal Fragmenté teknika: zuhaitzen adaxka birrinduak nahastea soroetako lurrazalari basoko lurra birsortzeko. Konpost klasikotik askoz haratago. BRFaren hariari tiraka heldu ginen Yvan Besson-engana, aurten Excideuil herrian (Perigord, Frantzia) gaiaz hitzaldia emana zuelako.