Nolako eskolak ematen ditu nota onenak? Espainiako Hezkuntza sistemaren porrotei hautsak astindu eta begiratua luzatu du mundura, puntakoak diren eskoletara: “Hartu funtzionatzen duten ereduak eta kopiatu, ez dago beste formularik”. Bere hitzetan, informazioaren gizarteari dagokion ikaskuntza “dialogikoa” da, alegia, komunitate osoaren (irakasle-ikasle-familia-boluntario-elkarte-enpresa...) elkarrizketatik eta elkarrekintzatik ikasten duena. Ikaskuntza dialogikoaren oinarriak azaldu ahala, hezkuntzaren egungo korapilo nagusiak agertu ditu. Erronka bat nabarmentzen da Ramón Flecharengan: nola lortu ikasle denak maila gorenera iristea, bat bera ere atzean ez geratzea? Aukera bakarra dago: eskola, gizarteko mailak erreproduzitzeko makina izan ordez, komunitatea eta gizartea eraldatzeko tresna bihurtuta. Proiektu eraldatzaile horiek dira “ikas komunitate” erara egituratutako eskolak. Hauei buruzko apunteak garbira pasa dizkizugu.