3 minute read

Euskaraz: Garelako Berpiztuz

Garelako berpiztuz

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Advertisement

Errobi Euskaltegiko B2 klasea

Garelako, Garesko euskara eragile berria, 2019ko euskara kultur zikloan aurkeztu genuen. Ordurako lehenengo pauso batzuk emanak genituen, izan ere, Korrikak ekarri zigun indarra aprobetxatuz, hainbat pertsonek, euskararen aldeko lan iraunkorra egiteko beharra ikusi genuen eta elkartzen hasi ginen. Garesen eta garestarrentzat izango zen eragile bat sortu nahi genuen, herrian eta herritarrentzat euskararen alde lan egingo zuena.

Berehala hasi ginen martxan eta Garelako talderen kide ohiekin hitz egin eta gero, izen bera hartzea erabaki genuen. Izan ere, lehengo elkartea sona handikoa izan zen zonaldean eta lan polita egin zuenez hori berpiztea izan zen erabakia. Hala ere, argi dago lehengo elkartea sortu zeneko errealitatea bestelakoa zela eta hortaz, oraingo Garelako gaur egungo errealitatera egokitzen saiatu gara. Horregatik, aisialdiaz haratago lan egingo duen taldea gara, eta barne funtzionamendua euskara hutsean izango dela izan zen hartu genuen lehenengo erabakia.

Aurreko ideiarekin jarraiki, gure jarduera gehienak (bilerak, hitzaldiak...) euskararaz izango dira, gure helburuetako bat euskarazko eskaintza kulturala osatzea eta handitzea baita. Horretaz gain, euskara normalizatu eta bere erabilera sustatu nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da aisialdian eta egunerokotasunean euskaraz gauzatutako ekintzak aukeratu ahal izatea. Hala ere, beste helburuetako bat euskararen aldeko jarrerak indartu edota sortzea den heinean, erdaldunentzako eskaintzak ere egitea posiblea da. Jarreretatik ekintzetara pasatzea oso garrantzitsua da eta gure inguruko euskaltzale ez euskaldunak ere horretara animatu behar ditugu.

Gure gainontzeko helburuak, hizkuntza eskubideak bermatu eta erasoak salatzea, arnasguneak sortzea eta inguruko herriekin elkarlanean aritzea dira. Nafarroan orokorrean eta gure zonaldean konkretuki, euskararen egoera ez da batere ona eta ezinbestekotzat jotzen dugu euskalgintza bateratua egotea eta erasoei guztiok elkarrekin aurre egitea.

Aipatutako helburu horiek lortzeko plangintza polita osatzen ari gara momentu honetan eta antolatutako gauzen berri ematen joango gara. Beraz, adi egon, gogotsu gaude eta!

Momentu honetan 10 bat pertsona gaude taldean, baina irekita dago euskararen alde lan egin nahi duen edozein pertsonari, kontuan hartuta barne funtzionamendua euskaraz izango dela.

Informazioa jaso nahi baduzu edo taldearen parte izan idatzi honako helbidera: garelakoelkartea@ gmail.com.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots agertokira igo dira berriro azken asteotan. Kasu honetan, zoritxarrez, haien ikuskizun pare bat bertan behera utzi izanagatik. Eta Errobi Euskaltegira ere, noski, iritsi zaigu berri hori.

Bada, guk, ikasleak eta irakaslea garen heinean, zer esan badugula uste dugu, eta argudio politikoak alde batera utziz (“son los payasos de cabecera de la izquierda abertzale” motakoak), beste argudio batzuk aurkeztu nahi dizkizuegu:

-Guk euskara ikasi eta gure seme-alabek euskara ikastea nahi dugunez, euskaraz den guztia ongi datorkigu. Gure hizkuntza ikasteko eta bizitzeko baditugu modu ezberdinak, irakurtzea edo irratia entzutea bezalakoak. Baina ikuskizun hauek ere mesedegarriak dira. Baina umeentzat, txikitatik euskaraz entzutea garrantzitsuena da, eta are gehiago abestiekin, batez ere kantatzen dutenak pailazoak badira. Haiek direlako, gainera, gure hizkuntzaren etorkizuna.

-Gainera, nola nahi dugu euskara? Batzuetan euskara bakarrik eskolan edo euskaltegian erabiltzen dugu. Latina bezala, klaseko hizkuntza bihurtzeko arriskuan dago. Eskaintza kulturala beharrezkoa da euskara eremu hauetatik kanpo entzuteko, hitz egiteko eta, azkenean, euskaraz bizitzeko. Euskararako lekuak eraiki behar ditugu. -Beste aldetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunena oso aukera aproposa da familia osoak elkarrekin plan bat egiteko, eta ez modu dibertigarri batean soilik, baizik eta hezigarria, hauetan lantzen dituzten gaiengatik: lurrarekiko errespetua, ekoizpen ekologikoa, kultura-aniztasuna...

-Aurrekoari lotuta, gainera, batzuetan euskarazko ikuskizunak ez direla inklusiboak eta gaztelaniazko proposamenak barneratzaileagoak direla entzuten dugu. Baina hizkuntzak kultura dira eta argi dago zenbat eta hizkuntza gehiago gizartean egon, orduan eta jendea jasanberagoa dela.

Arrazoi gehiago atera genituen klasean egun hartan, baina atala txikia geratuko litzaiguke, eta ez da gure asmoa mila aldeko argudio aurkeztea, baizik eta egon badaudela ikusaraztea. Beraz, zu ere animatzen zaitugu argudioen bila aritzera, egon badaudelako, bai, baina egoten jarraituko dutelako ere bai.

This article is from: