Euskal Autonomia Erkidegoak ezarritako Haur Hezkuntzarako Curriculum Dekretuak barne hartzen dituen hiru esperientzia eremuen helburu zein edukiak azaltzera joko dugu. Lehenik eta behin, esan beharra dago atal bakoitzak helburu orokorrak zehazten dituela eta edukiei dagokienez berriz, ziklo eta bloke ezberdinetan banatzen direla. Jarraian, esperientzi bakoitzeko informazio apur bat emango dugu orokorrean. Lehen esperientzia eremua norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala da. Atal honek haurrak bere gorputza ezagutzea eta kontrolatzea du helburutzat. Edukiei dagokionez, nortasun pertsonala sortzeko eta egunerokotasunean ongizate pertsonala lortzeko zenbait jarduera eta jolas planteatzen ditu. Bigarren esperientzia eremua ingurunearen ezaguera da. Hemen haurrek ingurune fisikoa eta soziala naturarekin bat eginez nola ezagutu behar duten planteatzen du. Horretarako zenbait eduki erabil daitezke; hala nola, natura ezagutzea eta harremanetan jartzea, bizitza ingurukoekin elkarbanatzea eta ingurune fisikoko elementuak aztertzea. Hirugarren eta azken esperientzia eremua hizkuntzak: komunikazioa eta adierazpena da. Eremu honen helburuak musika, gorputza, plastika, ikus-entzunezko materiala, etab. erabiliz komunikazioa lantzea eta esan nahi dena egoki adieraztea izan daitezke. Edukiei erreferentzia eginez, atal honetan hitzezko komunikazioa, teknologiaren erabilpena, arte hizkuntza eta gorputz hizkuntza sartuko lirateke. Haur Hezkuntzako iraupena bi ziklotan banatzen da, 0-3 eta 3-6 urte bitarteetan, hain zuzen ere. Irakasleek egiten duten ebaluazioari dagokionez, behatuz ebaluatzea da egokiena eguneroko jarraipen iraunkor bat eginez. Horrez gain, ebaluazioa banakakoa eta pertsonalizatua izatea da komenigarria, haur bakoitzari dagokion garrantzia eta denbora eskainiz.