NOBEDADEAK X hil da, Alaine Agirre: Hainbat arrazoi izan ditzake maitearen galerak: haren heriotza, ihesa, asperdura, traizioa‌ bakoitza desberdina baina denak izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat. Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exorzizatuz, obsesio baten bulkada eutsiezinaz. Idazle iaio baten sena erakusten du Alaine Agirrek bere bigarren eleberri honetan, kontakizunaren erritmoa eta hizkuntzaren edertasuna trebezia handiz uztartzen baititu gai beraren inguruko bariazio hauek lantzean.
Koldar hutsa zara, Aritz Gorrotxategi: Peruk ez du artaldearen barruan bizi nahi. Ez du indarrean dauden ideia eta lege zaharren jarraitzaile izan nahi, ez da ezeren apostolu izateko jaio. Gauzak kolokan jartzea atsegin du. Krapulan elkartzen da bere belaunaldiko kide batzuekin. Harrikaden, manifen eta lazo urdinen garaia da, eskuinkume faxistena eta pantxoatapeiotarrena. Nirekin edo nire aurka. Peruk, ordea, bere bidea aurkitu nahi du ortodoxiatik, mito zaharkituetatik eta ergelkeriatik kanpo. Idazle izan nahi du. Nietzsche du bidelagun, baina arrunkeriatik ateratzea eta bide propioa egitea ez da inoiz erraza izan. Bitxiki, Peruren aitonak naziengandik ihes egin zuen judutar bati lagundu zion. Batzuetan, oso mehea da heroiaren eta koldarraren artean dagoen marra.