1 minute read
01GZUBI ZAHAR IKASTOLA
from Bertsolari 127
by elkarmedia
GURE LEHENDABIZIKO GELTOKIA, ZUBI ZAHAR HERRI IKASTOLA IZANGO DA. ZUBI ZAHAR IKASTOLA, KAMIÑAZPI AUZOAN DAGO, ARTIBAI ERREKAREN ONDOAN. HERRI EKIMENETIK ETA AUZOLANEAN SORTUTAKO IKASTOLA DA.
1983an, Joxemari Urteagak aterrizatu zuen Zubi Zahar ikastolan: Lazkaon jaioa, Goierritik Bizkaiko kostalderaino Aralarko haizea ekartzera. Gipuzkoan jada urte horretan hasita zegoen bertsolaritza proiektu bat, ikastoletatik bertsolaritza bultzatu, formatu edo eta zabaltzeko asmoarekin.
Advertisement
Bizkaiko Ikastolen Federazioak, Gipuzkoako proiektuari jarraipena eman nahi zion Bizkaiko ikastoletan. Zubi Zahar ikastolan, Joxemarik hartu zuen lan eta ardura hori. Horrela, ikastoletako arduradunak hilean behin edo, kurtso hasieretan sarriago, Gernikan batzen hasi ziren Jon Lopategirekin. Honek ematen zizkien zantzuak: zer egin, nola egin… etab. Horrekin batera etorri zen Jon Lopategi bera ikastoletara maisu bezala joateko aukera. Zubi Zahar ikastolak, noski, baietza eman zuen.
Hori dena kokatuta, ni agertzen naiz. Hamaika urterekin, 1989an Zubi Zahar ikastolan 6. mailan. Ez gara sartuko ikasle bezala nolakoa nintzen. Despistatu xamarrean utziko dugu. Bat-batean, euskarako irakaslea sartzen da gelara. Gizon periladun bat, esku batean bere karpetatxoa eta bestean gitarra batekin. Nire arreta guztia bereganatu zuen, baina deskolokatuta geratu nintzen. “Euskarako klasea eta gitarra? Ze jolas da hau?”. Euskarako irakasle hori Joxemari Urteaga zen. Orriak banatzen hasi eta nigana heldu zenean, irrikaz beterik hartu nuen nirea. Irakurtzen hasi eta hara:
“Ama begira zazu leihotik plazara ni bezalakorikan plazan ba ote da?”
Joxemarik gitarra jo eta orduan kantatu nituen nire lehen koplak. Mundu berri bat deskubritu nuen. Txundituta eta kantari joan nintzen etxera, nire amari papera begiratzeko esatera, zer gertatu zen esatera.
Bertsozale gehienok gogoratuko duzuenez, 1989an Jon Lopategik irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela. Imajinatu dezakezue hamaika urteko nerabe bat, bere bertsolaritza irakaslea txapeldun, “munduko txapelduna”. Bertsolaritzako “Pele” nuen irakasle. Eta gainera, txapela ekarri zigun erakusteko. Momentu eta garai haiek gogoratzean, beti sartzen zait halako zirrara bat gorputzean, oilo-ipurdiarekin batera. Nostalgia goxoa.
Sekula ez da izan niretzat
Ikastea erosoa baina Zubi Zahar herri ikastolan ze tratamendu gozoa guk bagenuen irakasle bat
“Akerman” gisan jasoa bere gitarraz klasean sartu pixka bat zen kuriosoa baina jolasten eman genuen ikasketen lehen pausoa
Joxemari gaur, zuregatik dut hainbeste maite bertsoa (bis)
Istorio hau hasi zitzaigun astillerun oholetan ta lehen esan duten bezala indarra familietan ahal zutela sinistu zuten aurrera egitekotan euskal nortasun euskal eskola egonkortzeko asmotan eta Txirritak esan bezala esango dut plaza hontan zure izena ea entzuten den beste laurogei urtetan (bis)