1 minute read
ONDARROAKO TALDEA
from Bertsolari 127
by elkarmedia
GURE BIGARREN GELTOKIA, ONDARROAKO BERTSOZALE TALDEA IZANGO DUGU. ONDARROA, NIRE USTETAN, BERTSOZALEA GEHIAGO IZAN DA, ETA DA, BERTSOLARIA BAINO. HORREK EZ DU ESAN NAHI EZ DELA BERTSOLARIRIK SORTU. Agian aurpegi eta izen ezagunena Leire Bilbao izan dugu. Baina Ondarroako kaleetan eta elkarteetan ibili dira herriko bertsolariak kantari. Herri kantaria dugu Ondarroa.
2003ko uztailaren 4an, lagun talde bat elkartu eta Ondarroako Bertsozale Taldea sortu zuten.
Advertisement
Lagun talde hura:
Jose Maria Aranbarri Etxaburu
Francisco Maria Etxaburu Urbieta
Jose Artetxe Arrizabalaga
Liborio Urrutia Atxurra
Jon Arrizabalaga Basterretxea
Talde eta elkarte honen helburua honako hau zen: euskararen erabilera eta euskal kulturaren zabalkundea buruan, euskal bertsolaritza eremuan jardutea. Kuriositate gisan, elkarte honen egoitza Ondarroako herrian ezarri zuten. Herritik herrira sortutako talde bat izan nahi zutelako. Egoitzaren kokapen zehatza, Unanue enparantza z/g (Udaletxe zaharra) da.
Lagun talde honek aurretik ere bertsoarekin loturiko ekintzak egiten zituen, baina taldea sortu beharrean aurkitu zen ofizialtasun bat emateko. Gerora egiten ziren ekintzak justifikatu ahal izateko.
Talde honek urte askotan eraman du bertsoaren ardura Ondarroan, bizitzaren legea izan ohi da belaunaldien arteko erreleboa ematea. 2013an Ondarroako Udalak, bertsoa sustatzeko ahaleginetan, bertso ikastaro bat atera zuen. Ikastaro horretara, lehengo taldeko Jon arrizabalaga Arri eta Jose Maria Aranbarri Botx , hauetaz gainera beste sei lagun animatu ginen:
Gotzon Iparragirre
Ander Badiola
Eñaut Lertxundi
Bikain Urkiri
Alexander Idoeta
Iñaki Lersundi
Talde honen gidaritzapean, Eneko Abasolo Abarkas egon zen lehen urtean. Gero, Oihana Enbeita, Eneko Arrate eta Onintza Enbeita etorri ziren. Izenak izen, babes ederra jaso genuen guztiengandik. Ekimen honen xedea ongi pasatzea izan da beti, baina denbora aurrera joan ahala, gure lotsak, beldurrak eta ezinegonak aireratzen eta kontrolatzen ikasi genuen. Horrela bakoitzak bere garapen pertsonaletik amets txikiak ipini eta gauzatzera arte. Abididez, taldeko bik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartu dugu. Eta Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan ere parte hartu genuen. Pandemia madarikatuak, gure ibilbidea bat-batean moztu zigun, baina berriro taldetxoa batzeko gogoz eta ilusioz gabiltza.