1 minute read

04GGUZUR ETXEA

GUZUR ETXEA, GURE HERRIKO ERAIKIN ESANGURATSUENETARIKO BAT IZAN ZEN. GAUR EGUN SORMENGUNEA DUGUNA, ANTZINA BESTE JARDUERA BATZUETARAKO ERABILTZEN ZUTEN.

Guzur Etxearen albo batean, Itziarrek erabiltzen zuen soroa zegoen. Beste alderdian, Zelaianeko arraina gazitzeko fabrika izan zena lehenik eta gerora Bide Onera zinema bihurtu zena zegoen. Arta-Bide kalean dago.

Advertisement

Guzur Etxean sareak konpontzen ziren. Beheko solairuan aterpe handi bat zeukan, frontoi txiki batekin. Arrantzaleak hantxe batzen ziren bertatik portuko sarrera ikusten zelako. Egonaldiak luzeak izaten ziren aterpe hartan, berbaldi amaigabeak egiten zirela esaten da eta berbaldi horietan gezurrak ere kontatzen zirela: “Guk 500 kilo hegaluze arrapatu ditugu”. “Guk 450 kilo”. Bakoitzak berea ezkutatu nahian gezurrak esaten zituztela esaten da. Hortik datorkio Guzur Etxea izena. Gezurrak esatea ere sortzea dela esango nuke. Egonaldi horiek errazago eramateko, aterpeko atzealdean ate bat zegoen eskailera batzuekin. Eskailerak igota, Pepeneko sagardotegia zegoen. Sagardotegian Ramon Artolaren bertso hauek sarritan kantaten ziren.

Lenengo sartu tabernan eta ateratzen naiz azkena, egun guztian zurrutian da etzait betetzen barrena; hau da edari maitagarri bat, erraz piztuten nauena, Joxepa Karmen biotzekoa bete amabigarrena.”

Kentzen du egarriya, alaitzen du oso, jartzen daki kantari dantzan ta garboso, urrezko edariya edaten da gozo, bañan ukalondorik ez geiegi jaso.

Laurogeiko hamarkadan Ondarroako Udalak, herrian kultur etxe baten premia zegoela eta, Guzur Etxea kultur etxe bihurtu zuen. 1983. urtean, seiehun mila pezetatik gora gastatu zituen Udalak liburu berritan, Udal Liburutegia ere bertan baitzegoen.

Orain hamar bat urte herriko sortzaile, artista eta boluntarioek, Kultur etxea azpierabilita zegoela eta, Guzur Etxi Sormenguni proiektua ipini zuten martxan. Herriko sortzaileentzako lanerako eta sormenerako gune autokudeatu bat izateko asmoarekin. Batez ere auzolanean eta Ondarroako Udalaren laguntzarekin martxan jarri zen proiektu hau.

Ondarroako Bertsozale Taldearen oinarrizko kanpamendua izan dugu Guzur Etxea ordutik.

This article is from: