9 minute read
JON SARASUA
from Bertsolari 120
by elkarmedia
JON SARA SUA
45
Advertisement
Apozaga auzoan dagoen San Migel anaien taberna. Auzo honetara igotzen zituzten Almen bertso eskolako ikasle kutunak ostiral arratsaldeetan pilotan egin, taberna honetan afaldu, sagardo pixka bat edan eta bertsotan egitera.
Nortasun agiria
Egañak kontatua
Laurogeita hamabost-hamaseia. Elizondon genuen jaialdia larunbat iluntzez, eta igande eguerdian, Senperen, Herri Urratsen baitan. Oso gutxitan egin izan dugun plana egin genuen Xebastian, Murua, Sarasua eta laurok. Elizondoko jaialdia egin, bertan afaldu, Amaiurko lagun batzuen etxean lotan geratu eta, biharamunerako, bertan geneukan Senpere. Egin genuen jaialdia eta bagindoazen afaltzeko lekurantz. Eta non ikusten dugun Jon paretan jaialdia iragartzeko zegoen txartel bat hormatik kendu, tolestatu eta sakelan sartzen. Zertan ari zen galdetu genionean irribarrez erantzun zigun:
—Ikusi diat txarteletan gure argazki bana datorrela izen eta guzti. Eta konturatu nauk ez karnet ez pasaporte, inolako agiririk gabe etorri naizela. Eta orduan pentsatu diat… Bihar mugan edozein polizia motari erakusteko ere badela hau dokumentu bat. Elkarrekin joango gaituk, noski. Zuek badauzkazue agiriak. Eta nik, berriz, txartela erakutsi eta esango zieat, “este Lizaso”, “este Murua”, “este Egaña… y este yo!!!”. Ikusten da ni naizela ezta?•
Sarasuaren despisteak
Peñak kontatua
San Pedro eguna zen eta, oker ez banago, Sestaoko auzo batean genuen saioa hango bertso eskolakoekin Sarasuak eta biok. Ez dakit zergatik, ez ginen joan kotxe berean. Iritsi nintzen
kantatu behar genuen lekura, oholtza aurkitu nuen, gazte batzuk ziren antolatzaile zebiltzanak eta Sarasuari itxaroten jarri ginen. Beste askotan bezala, berandu etorriko zela esaten nien gazte horiei, baina agertuko zela, Jonek berandu ibiltzeko ohitura zuelako. Ordua iritsi zen eta Sarasuaren arrastorik ez zegoen han, eta bertso eskolakoak eta ni oholtzan ginela egin genuen saioa. San Pedro buelta horretan egunero izaten genituen saioak eta aurkitu nuen batean esan nion:
—Hi, Txikito —Txikito deitzeko ohitura bainuen— , lehengoan zer? Sestaora ez hintzen azaldu. —Ikaragarria egin nian —erantzun zidan. —Zer ba? —Egun eta ordu berean hiru lekutan hitza emana nian kantatzeko. —Zer esaten duk? Eta zer egin huen? —Gertukoen nuen saiora joan ninduan, Eskoriatzara.•
Txomin Garmendiaren epaia
Telleriak kontatua
Lizartzako jai batzuetan goizeko saiora deituta geunden, bazkaria genuen ondoren eta gaueko saiora arte bertan egotekotan joan ginen, eta Jon Sarasua ez zen agertu goizeko saiora. Kaxianorekin harreman handia genuen urte haietan, hark bazekien ordurako Txomin Garmendia herrian zela eta haren bila joan ziren antolatzaileak, eta goizeko saioa Txominek eta biok egin genuen. Sarasua
bazkari garairako etorri zen. Goizeko saioan izan zenez, Txomini ere bazkaritara gelditzeko esan zioten. Jonek, beti bezala, txukun egin zuen otordua: ardorik ez, bazkalondoan kaferik ez eta koparik gutxiago, eta, halako batean, Txomin Garmendiak esan zion:
—Jaunak. Oraingo bertsolariak: saiora etortzeko esan eta ahaztu; bazkaltzen hasi eta ardorik ez, kaferik ez eta koparik ez, eta, hala ere, bertsolari izan nahi.•
Kafeari su ematen
Egañak kontatua 1986 ingurua izango zen. Gasteizen eguerdiko saio bat geneukan eta garaiz joan ginen Jon Sarasua eta biok. Behelainoa bidean eta hotz hirira
iristean. Saioa hasi aurretik Plaza Berriko taberna batera sartu ginen. Eskatu nituen eskatzekoak: infusio bat Jonentzat eta karajilo bat nik. Komunera joan nintzen segidan eta bueltakoan Jonek harriduraz bota zidan:
—Hi, hi…! Hire kafeari su ematen ari zaiok tipo hori!•
Sarasuaren grupieak
Loidisaletxek kontatua Oñatin bertso jaialdi bat genuen, eta, saioa bukaerara ailegatzen ari zela, ondoren non elkartuko ginen komentatzen aritu ginen gure artean, eta taberna batean biltzekotan geratu
ginen. Baina oholtzatik behera jaisten ari ginela ohartu ginen Jon Sarasua bazihoala bere bidetik, guri ezer esan gabe. Eta gero enteratu ginen neska gazte mordo bat zerabilela bere atzetik eta haiei ihes egiteko alde egin behar izaten zuela saio batzuetatik. Horrela da mundua: batzuek gehiegi eta besteok bat ere ez.•
Sarasua gasolinarik gabe
Lizasok kontatua Zikinean Andonik zuen fama, baina kotxean gasolinarik gabe ibiltzen Jon Sarasua zen espezialista. Sarasua izango da, seguru asko, bertsolarien artean egun berean gasolinarik gabe bitan gelditutako bakarra. Goizetik Pasaian genuen
bertso saioa. Joan ginen eta Sarasua falta. Halako batean azaldu zen, eta kotxea Donostiako Mirakruz gainera zihoala gasolinarik gabe gelditu zitzaiola kontatu zigun. Eta pentsatu omen zuen Sebastian ere handik pasatuko zela eta ikusiko nuela bazterrean geldituta. Saioa egin genuen, gasolina hartu genuen surtidorean, inbuturik ez zuen eta egunkari orrialdeak kiribilduta sartu genion gasolina kotxeari. Eta esan nion hurrena ikusten zuen surtidorean gasolina sartzeko, eta horrela banandu ginen, bakoitzak leku ezberdinetan saioak genituelako. Hurrengo egunean deitu nion, ea ondo iritsi al zen galdetzeko, eta gasolina sartzea ahaztu egin zitzaiola
eta berriro gabe gelditu zela esan zidan; egun berean, alegia, bi aldiz gelditu zela gasolinarik gabe.•
Muruak kontatua 86ko finaleko kontu batekin gogoratzen naiz.
Arratsaldeko saiora zihoan Sarasua, besteokin batean, eta atezainak gelditzeko esan zion: —Oye tú, chaval, tú no puedes entrar por esta puerta —eta Sebastianek esplikatu behar izan zion gurekin batean kantatzen zuela.•
Beti guri galdezka
Peñak kontatua Sarasua pentsalari, filosofo, idazle eta bertsolari oso ona zen, baina bere estereotipoan sar-
tzen da despistatu izatea ere. Sebastianek eta nik, esate baterako, ondo ikasita daukagu urteko santorala. Berak ez. Beti guri galdezka ibiltzen zen. Egun batean, bertso saioa egin genuen eta, trago bat edo beste hartzen ari ginela, beste herri bateko antolatzaileak joan zitzaizkion. Ez dakit seguru, baina ekainaren bukaera aldeko egun baterako saioa eskaini zioten. Bera ez zen gogoratzen egun hori libre zuen edo ez eta guregana etorri zen. —Ni ez nauk gogoratzen eta zuek jakingo duzue, ba, nik egun hori libre daukadan edo ez —galdetu zigun. Eta baietz esan genion, emateko baietza, libre
zuela-eta. Herri askotan kantatzen genuen elkarrekin Andonik, Sebastianek, Sarasuak eta laurok, eta, gutxi gorabehera, jakiten genuen elkarren berri.•
Beti buruari bueltak ematen
Sorozabalek kontatua
Sarasua eta Euzkitze ni baino urtebete zaharra-
goak dira. Sarasua eta Euzkitzez gainera, Anatx ere kintoa zen Bernardo Azpillaga, Joxe Mari Izeta eta Isazelaiarekin batean. Eta urte bat gazteagoak ginen Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi, Felix Iñurrategi eta ni. Bertso eskoletako belaunaldiko liderrak Jon Sarasua eta Euzkitze ziren. Baina Jon Sarasua ez zen liderra bertsotan bakarrik. Nik ezagutu nuenetik sentipena izan dut intelektualki ere koska bat gorago zebilela. Bertsolari Gazteen Eguna antolatzen zuten, eta gu han joaten ginen, eta bi eskuak poltsikoetan sartu eta kantatu egiten genuen. Eta Jon beti ibiltzen zen buruari bueltak ematen, zer egin behar zen horrelako egunekin, zer mezu komeni zen plazaratzea; beti gu baino pauso bat aurrerago zebilen. Bertsolari Egunak antolatzen hasi zirenean ere saio erdi prestatuak izaten ziren asko —Goierritarrek egiten zutena, esate baterako—, eta grabatua daukat behin gortinen atzean nola ikusi nuen kezkatuta zerbait berria edo gogorxeagoa esatea pentsatuta zuelako. Guk ez genion buruari lanik ematen. Jarritako gaiari kantatu eta bazkaltzera joaten ginen. Jon beti zebilen beste zerbait buruan zuela.•
Sarasuaren hitzaldia
Muruak kontatua Sarasuak ideia izugarriak ditu eta adierazten ere ona da, baina ez da teknologia berrien oso
zalea. Behin, Arabar Errioxako herri txiki batean egin genuen batzarra eta erabaki genuen hizlariek powerpointa erabiliko zutela, gauzak argiago adierazi ahal izateko. Jon Sarasua uste dut Transmisio arloko arduradun zegoela eta han agertu zen bertsotara bezala: ez ordenagailu eta ez power point. Esan genion besteek bezala, berak ere pantailan zerbait lagungarria erabili behar zuela, eta, halaxe, orrialde zuri bat hartu zuen, han lau lerro idatzi zituen eta haiek pantailan zirela eman zuen hitzaldia.•
Sarasuaren 500 pezetak
Peñak kontatua Sarasua, Lizaso, Murua eta laurok Bilboko Arenalean saioa egin eta, etxera bidean, Zornotzan bazkaltzen gelditzea erabaki genuen, jatetxe dotore samar batean. Karta atera ziguten. Lizasok, Muruak eta nik aukeratu genuen menua, eta Sarasuak denbora asko hartu zuen bere menua aukeratzeko. Lizaso sartu zen berarekin:
—Zeostiamekauendios, aukeratu hezak behingoz —hasi zitzaion. —500 pezeta bakarrik zeuzkat —erantzun zion Jon Sarasuak, pixka bat lotsatuta. Bi edo hiru mila pezeta kostatuko baitzen, igual, jatetxe hartako menua, eta ez zion koadratzen. Sarasuak 19 urte
izango zituen. Beste hiruron artean Sarasuari falta zitzaiona osatzea erabaki genuen. Geroztik, norabait bazkaltzera joan behar genuenean, ea 500 pezeta ba al zituen galdetzen genion.•
Ordaintzeko diruz urri
Lizasok kontatua Beste batean, Jonek eta Aitorrek familia gon-
bidatu omen zuten bazkaritara. Eguna jarri eta joan omen zen familia osoa jatetxe batera. Eta, mahaian eseri zirenean, anaia batek besteari galdetu omen zion:
—Dirurik ekarri al duk? —Nik oso gutxi, eta hik? —erantzun omen zion, honek ere oso gutxi ekarri zuelako. Eta hasi omen ziren bien artean zenbat osatzen zuten kontatzen, eta bi aukera zituztela erabaki omen zuten: jatetxeko jabeari zer pasatu zitzaien agertu edo, bestela, karta hartu eta zeukaten diruaren arabera eskatzen hasi. Eta bigarren aukeraren alde egin omen zuten. Eta zeukaten diruarekin ailegatzen ziren arteko bazkaria egin omen zuten. Izugarri despistatua da Jon, eta Aitorrek ere halakoa izan behar zuen.•
Sarasua Maritxalar familia
Euzkitzek kontatua Nire bertsolari izana ezin izango nuke ulertu Joxemari Aranalderen figurarik gabe. Harekin batera, familia bat izan da niretzat gako, beste inoren eta ezeren gainetik: Sarasua Maritxalar familia. Eskolarteko I. Txapelketara aurkeztu nintzenean —lehen aldi hartan ez nintzen bat-batean kantatzera ausartu— Iraurgitik joandako gaztetxo bakanok ez genuen elkarrekin ikastolako euskara klaseetan ikasiaz eta norberak etxetik jasoaz bestelako oinarririk. Bertsolarien harrobirik oparoenean bizi ginen, baina ez geneukan geure ingururik. Almen eskolakoen egiturak, talde-espirituak eta giroak erabat maitemindu ninduten. Bigarren edizioan txapela irabazi izanak eurengana gerturatzeko parada eman zidan, eta ez nuen alferrik galdu. Neu hurbildu nintzaien, bilatu egin nituen. Talde bi-
kaina zen: Izarzelaia, Goikolea, Loidi, Uribetxeberria, Iñurrategi, Urkia, Sarasua anaiak… Batzuetan pentsatzen dut hein batean abordatu ere egin nituela. Sarasua Maritxalartarrekin harreman berezia lortu nuen. Ezin hobeto hartu ninduten. Ez Iñakik, Jonek eta Aitorrek bakarrik, baita Xabierrek, Josuk eta Oierrek ere. Eta Joxemarik eta Mertxek, aitona-amonek, lehengusu-lehengusinek… Batzuetan Aretxabaletara, besteetan Oriora, askotan joan izan nintzen haiengana. Bizikletan, trenez edo stopean. Eta egonaldi ugari egin nituen eurekin.
Liburu bat idatziko nuke haiekin bizi izandakoekin, mila xehetasun gogoratzen ditut. Txango zirraragarriak ere bai. Xalbadorrekiko miresmenak Urepelera eraman gintuen Jon, Aitor eta hirurok. Donostiatik Elizondora autobusez gindoazela, Aitorrek gizon bat seinalatu zuen, lotsagabe. “Hori ez al da Ramon Saizarbitoria?” Baduk, ez duk... Aitor bera zen ausartena, eta xalo-xalo galdegin zion. Ramoni berebiziko ilusioa egin zion hiru gaztetxok ezagutu izanak. Elizondoko eliza ondotik abiatu eta, Beartzun auzotik pasaturik —honuzkeo hemen behar’tzun!—, lepo bati heldu behar genion. Galdu egin ginen bidean, nire erruz. Ilunabarrean iritsi, herriko sarreran dagoen zelai baten jabeari baimena eskatu eta bertan jarri genuen kanpina. Urepelen gaunden! Hurrengo urtean berriz itzuli ginen, baina ordurako 18 urte eginak genituen eta gure aitaren kotxean egin genuen bidaia. Luzaidetik Arnegira pasatzean jendarmeek gelditu eta miatu gintuzten. Nik atzeko arpilaren gainean nuen ohol famatu hura: “hizkuntza bat ez da galtzen...” Joni eta niri errespetu galanta sartzen zigun poliziak, Aitorri ez. Ez zen, gainera, Aitorrekin mugan arazoak izan genituen lehen aldia. Irribarre eta xalotasunez lortzen zuen mugako hesiak, eta beste hainbat, gainditzea. Mauleko elizan sartu ginenean, emakume bat etorri zitzaigun. Itxura penagarria ikusi izango zigun, inolaz ere. “Ez gaizkirik egin” esan eta 10 libera eman zizkigun. Bateratsu hasi eta bateratsu isildu ginen Jon eta biok. Bakoitzak bere zidorra segitu du, baita bertsotan ere, baina beti jakin dugu eupada bat aski zela elkarren bidera irteteko.•