3 minute read
JOKIN SOROZABAL
from Bertsolari 120
by elkarmedia
JOKIN SOROZ ABAL
145
Advertisement
Sorozabalekin Xoxokan
Euzkitzek kontatua
Eskolarteko txapelketen garai uros hartan — txapelketak ez ziren hain urosak, baina garaia bai—, Joxe Mari Mujika Anatx urnietarrarekin dezente ibiltzen nintzen, bertsotan eta bestela.
Hark osaba du Otaño bertsolari urnietarra. Behin abisu bat bidali zigun, ilobaren bitartez: halako egunetan Xoxoka auzoan afari bat egin behar genuela, bera ontzen ari zen bi bertsolari gazte ezezagunek eta bostok. Oiartzabal eta Sorozabal ziren bi gazteak. Otañok gu haiekin probatu nahi. Afalostean saio luzea egin genuen. Oiartzabal oso txukun, Sorozabal harrigarri. Bigarren punturako eman nion tankera: honek badik aparteko zerbait…•
Erabakiak hartzen ona
Telleriak kontatua
Jokin Sorozabalekin badut pasadizo bat frogatzen duena zein denbora gutxi behar duen
erabaki ona hartzeko. Urte askoan ibili ginen elkarrekin Gipuzkoako Elkarteko zuzendaritzan. Aretxabaletan ginen biok bertsotan eta bueltan kotxean gentozen, Jokin gidari eta ni ondoan. Jexux Murua eta Mikel Mendizabal ziren atzean, saioa entzutera joanak. Elgetatik barrena gindoazela Peñak eta biok izan genuen basurde festa bat, eta istorio hura kontatzen nentorrela, hor ikusi genuen errepide bazterrean, pretilaren zulotik aterata, basurde bat, eta esan nion Jokini:
—Emaiok, emaiok!
Joan zen basurdea zegoen lekuraino eta iskin egin zion.
—Zergatik ez diok jo? —galdetu nion. —Aitaren kotxea delako —erantzun zidan.
Jokin oso da pertsona fina eta erabakiak ondo eta azkar hartzen dakiena. Gipuzkoako Elkartean elkarrekin asko ibiliak garelako esan dezaket hori. Nik jarraitu egin diot bertsotari, Ordizian asteroko entrenamendua eginez, baina berak uztea erabaki zuen. Orexan bizi da bere bost emakumeekin, emaztearen ama barne sartuta.•
Sorozabalen kotxea
Egañak kontatua Jokin Sorozabal inor gutxi bezalakoa da ber-
tsotan. Eta izaeraz ere badu punttu bat inork ez bezalakoa. Joxe Agirreren ondoren bera izan dela mozketaren maisu, esango nuke. Zarauzko Iñurritzako surtidoreko tabernan egin genuen zita, mendebalderantz gindoazen orotan egin ohi genuen gisan. Kafea hartu, eta irteerako unean zein kotxetan joan erabaki ezinik ari ginen. —Nirean joan gaitezkek, nahi baduk… —Nirean ere bai. Depositua bete zioat… —Niri berdin-berdin zaidak… —Niri ere bai…
Oharkabean, nire autoaren ondoan geunden ordurako. Begiratu bat bota zion kanpotik barrurantz.
Kuxidade hura ikusita lau hitz aski izan zituen epaia emateko.
—Hor etziok joateik!•
Hanka sartzeak ere bai
Loidisaletxek kontatua Sorozabal eta biok Oiartzungo bertso bazkari batera joan ginen behin, inor ezagutzen ez genuen auzo batera. Eta bazkaltzen ari ginela, bertan zeudenen inguruko informazioa bildu behar izaten denez, bazkaltzen ari zen batek mahai buruan zegoen gizonezkoa mutilzaharra zela eta haren ibilerei buruzko informazioa eman zigun. Hasi ginen bertsotan, mutilzahar horren aipamenak egin genituen eta, saioa bukatu genuenean, etorri zitzaigun haserre, eta bazekiela, esan zigun, zein putasemek eman zigun informazio hura. Zer esan ez genekiela geratu ginen. Arratsaldean zehar beste pare bat saio egin behar genituen, eta bertsotan jarraitzeko gorputzaldi ederrarekin gelditu ginen. Erabiliak izan ginen sentipena izan genuen.•
Sorozabalen erantzuna
Mendizabalek kontatua
Jokin Sorozabali bertso saio baterako abisua eman nion behin: Izazpi mendira gindoazela
goiz pasa. Eta ustekabeko erantzuna eman zidan nire harridurarako:
—Aspaldi honetan ez nauk bertsotan aritu eta gorputzak ez zidak eskatu ere egiten.
Erantzun horrek ez ninduen hainbeste harritu, baina ondoren bota zidanak pausoa geldiarazi eta azalpen baten zain utzi ninduen, zuzenean berari begira. Eta honela argitu zidan bere azalpena:
—Orain, joanda ere ez nikek lehengo freskurarekin egingo bertsotan, eta lehen baino okerrago egitekotan ez nauk joango.
—Ez huen hori benetan esango —jarraitu nion nik. Eta benetan ari zela errepikatu zidan. Eta goiz pasa horretan, 1993ko Euskal Herriko finalean Donostiako Belodromoan puntuari erantzunez berak kantatu zuena gogoratu genuen elkarrekin:
“Gerrikoa estutu entzuten da sarri” jarri zioten puntua, eta Sorozabalen erantzuna: erantzun behar zaio jende klase horri/ guretzako arauak noiznahitan ekarri/ ta beraiek nahi duten neurrikoa jarri.•
San Mames atarian
Egañak kontatua Bilboko jaietan ginen Santiago plazan. Ez dakit nondik sortu zitzaidan burutazioa, ez bainaiz horrelakoak egin zalea, baina bi sarrera eskuratu nituen
Estanis Argoteren omenaldi partidarako. Saioa egin eta bapo bazkaldu ostean joan ginen biok San Mames aldera. Ez dut uste Jokin oso futbolzalea denik. Uste dut lehen aldia zuela horrelako stadium batera sartzen zena. Egingo nuke ez dela berriz itzuli. San Mamesera heldu ginelarik, bere iritzia azaldu zuen.
—Hau al da?
Hiru hitz aski. Esaten errazagoak interpretatzen baino. Sujerenteak oso…•