12 minute read
ANDONI EGAÑA
from Bertsolari 120
by elkarmedia
5
Advertisement
Trinidade kalean jaio eta bizi izan zen Andoni Egaña 11 urteak egin zituen arte. Bertsolaritzari lotutako kalea da: Zaldubi bertsolaria bertan jaio eta bizi izan zen. Haren iloba Jose Antonio Gesalagak ere lotura estua izan du bertsoarekin. Basarrik orduak ematen zituen egunero kale horretako Galeperra soziedadean.
Gaupasa hanka hautsita
Muruak kontatua Izan genuen garai bat urtean behin Antzuolan futbol partida bat jokatzen genuena, eta, ondoren, afaria egiten genuen soziedade batean.
Behin, Andonik hanka hautsi zuen partida horietako bat jokatzen ari ginela. Argazkiak ere badira Andoni hanka igeltsutan duela. Ez dakit, gainera, ez ote zen Telleria tartean, Millan sekulakoa baitzen defentsan: baloirik igual ez zuen joko, baina pasatzen ez zuen utziko. Beharbada, Mendarora eramango zuten igeltsua jartzera, ez dakit. Etorri zen handik bueltan bere hanka hori igeltsutan zuela eta esan nion: “Beti etxera erretiratu ezinik ibiltzen haiz eta gaur garaiz joan beharko duk”. Hanka horrela zuela norbaitek etxera eraman beharko zuela pentsatzen bainuen, baina ez zen halakorik gertatu. Nik nire orduan alde egin nuen eta Andoni han gelditu zen. Ez dakit ez zituen tibia eta peronea biak hautsita, eta hurrengo egunean enteratu nintzen izugarri berandu etxeratu zela. Berak ezin zuela autoa gidatu izan zen aipatu zidan aitzakia, norbaitek eraman zain igaro zuela gaua. Nik ezagutu dudan tiporik gogorrena da, hezurrak hautsita ere gaupasa bat egiteko gai den pertsona. Sufritzeko duen gaitasuna ez sinestekoa da. Behin baino gehiagotan entzun izan diot erdi gaixo saio batera joan eta oholtzara igotzen denean hango kontzentrazioarekin sendatu egiten dela.•
Ez zigun pasadarik eman
Sorozabalek kontatua
Getariako Meagan sanisidrotan egin genuela go-
goratzen naiz berarekin lehen aldiz saioa. Auzo hartan bazen Jauregi izeneko aitona bat, aspaldi hil zena, Herriarteko Txapelketan Otamendi eta Egañarekin batean ateratakoa. Herriartekoan ibili berriak ziren eta egun osoko egitarau bat osatu zuten. Egaña eta Jauregi hori eta Anatx eta ni ginen kantuan. 86an Lizasok txapela irabazi berritan izan zen. Egaña finalean kantatu berria zen eta izena hartzen hasita zegoen ordurako, eta gogoan dut etxera bueltan elkarri komentatzen geniola ez zigula halako egurrik eman. Guk ez genuen bertsoaren lanketarik egiten, lardaskatu egiten genuen eta azkar kantatu. Baina bertsotan, ordurako, poliki moldatzen ginen, gai librean asko jarduten genuelako beharbada, Hernani aldeko afari guztietara apuntatzen baikinen. Eta gazteak bentaja izaten du, publikoa gaztearen alde jartzen delako. Seguru nago Egañak guk baino hamar aldiz hobeto egingo zuela bertsotan, baina auzo horretako publikoarentzat ikusten genuen guk ere arrakasta pixka bat lortu genuela eta etxera bidean esaten genion elkarri Egaña sekulakoa izango zela, baina ez zigula alegia pasadarik eman. Egañak ordurako bertsoa asko landu zuela uste genuen, baina geroztik bera izan da gehien ikasi duena. Orduan falta zitzaizkion osagarriak berehala hartu zituen. Guk ez genuen askoz gehiago ikasi, eta bera orduan hasi zen ikasten eta ez da gelditu.•
Kontroleko eztabaida
Lizasok kontatua
Seguran ginen bertso afari batean Andoni eta
biok Ermaoso baserrian. Soziedade moduko bat zuten eta Lazkao Txikirekin eta Agirrerekin izanda nengoen han. Olaberri parean alkoholemia kontrola zegoen etxera bueltan. Purua errez gentozen biok. 0,8an zegoen muga eta nik horixe eman nuen, 0,8, eta hortik gora zela positibo esaten nien ertzainei eta, eztabaidan ari ginela, ertzain horietako batek ea sinpatiagatik pasatzen uztea nahi nuen galdetu zidan eta ezetz erantzun nion, ez zuela niri sinpatiarik zertan edukirik ere.
“Baina guri goitik agintzen zigutek”, esan zuen orduan, eta Andonik, kotxeko leihoa ireki eta gora
begira jarri eta, bota zuen: “Hemen goian denak lo daudela ematen dik”. Sekulako barreak egin zituzten ertzain horiek.•
Andoniren 14 Orduak
Telleriak kontatua Andoni izango da guk ezagutuko dugun ber-
tsolaririk onena, seguru asko. Baina bertsotan onena izateaz aparte baditu beste dohain batzuk inori ikusi ez dizkiodanak. Antzuolan futbol partidak antolatzen genituenean beti destakatzen zuen berak, artista da futbolean ere, eta bizikletarekin ere berdin. Baina beste adibide bat aipatu nahi nuke. Tolosako 14 Orduak egiten hasi zirenean, parte hartu behar genuela erabaki genuen behin eta prestatzen hasi ginen edo prestatzen hasi behar genuela esan genuen. Sebastian, Murua, Egaña eta ni ginen. Larunbat goizetan Zarautzera joaten hasi ginen ibilalditxoak egiteko. Egiten genuena gutxi ibili eta hamaiketako onak egitea izaten zen. Eta ikusi nuen horrela ibilita ez nituela 14 orduak bukatuko, eta hasi nintzen neure kabuz ibilaldiak egiten. Sebastian apenas ibiltzen zen, Murua ere asko ez eta Andoni seguru nengoen ibiltzen zela. Iritsi zen azken astea eta, asteartean, bilera bat egin genuen Azpeitian, udaberriko zizak janez, 14 Orduetako protokoloa prestatzeko. Afaria egin genuen eta, nik goizeko seietan lanera joan behar nuenez, ahalegina egin nuen garaiz etxera etortzeko. Baina ez genituela puntu guztiak erabaki eta ostegunean berriro Azpeitira itzuli behar izan genuen afaltzera, gure ibilaldiren gorabeherak antolatzeko.
“Eta hik, Andoni, nola etorri behar duk Tolosara?”, galdetu nion. “Bezperan San Isidro duk, Astigarragan nauk kantatzen eta ez zekiat zer egin”, erantzun zidan, eta nahi bazuen Astigarragakoa bukatzen zuenean gure etxera etortzeko esan nion, eta han lo egin eta elkarrekin joango ginela Tolosara.
Ostiralean, Bizkaian ziren kantuan Sebastian eta biak. Bezperan, Astigarragan, egun osoko lana zuten eta gaua pasatu nuen, pixka bat zelata antzean, etorriko zen esperantzan. Bestela ere lo arinekoa naiz, baina gau hori etorriko zela pentsatzen eman nuen. Eguna Astigarragan eman eta gaua juergan pasatu zuen. Ni jaiki, gosaldu, baselina eman eta abiatu nintzen Tolosara, Andoniz kezkatuta… eta hor ikusten dut Benta Haundin kotxea bazterrean utzi eta galtzak aldatzen.
—Zer egiten duk? —galdetu nion. —Oraintxe etorri nauk Astigarragatik. —Eta? —Aldatu eta eraman nazak kafe bat hartu eta Rosli bat pizteko lekura, eta aterako nauk, —esan zidan.
Bere kotxea utzi, nire kotxean hartu, Tolosan 67 tabernara sartu eta hartu zuen bere kafe hori, piztu zuen Roslia eta jantzi zuen bisera, baina bere bisajea ere ikustekoa zen. Iñakiri esaten nion:
—Hau, gaur, eroriko zaiguk bidean.
Abiatu ginen poliki-poliki. Lekunberrira arte gogorra izaten da, jendea ere pilatuta joaten delako hasieran. Sebastianek, Lekunberrin, gosaltzeko lekua hartuta zuen, eta han egin genuen pulamentuzko abituallamentua. Andonik ere gosaldu zuen, beste
pururen bat piztu zuen eta sinesten al duzue handik San Migelera igo eta nire aurretik bukatu zuela egun hartako 14 Orduko ibilaldia, eta Amezketatik Tolosara korrika txikian etorri zela.•
Andoni, beti garaiz
Lizasok kontatua
Iñaki Murua inpuntuala den bezala, Andonirekin sekula ez dut itxaron beharrik izaten. Hainbeste saio egin ditugu elkarrekin eta ez dut uste sekula bost minuturen tarterik elkarri itxarongo genionik. Behin, Iparraldera joan behar genuen Maialenek eta hirurok bertsotara, eta Zarauzko Surtidorean elkartu ohi gara hamarretatik bederatzitan; eta Bizkai aldera joatekoak garenean, Elgoibarren, Usatorreko horretan. Surtidorera iritsi nintzen eta falta. Tabernakoari galdetu nion ea Andoni etorri al zen eta ezetz erantzun zidan, eta orduan pentsatu nuen hitzordua Behobian egina izango genuela, eta ez nituen bost minutu galdu zain. Tabernakoari esan nion etortzen bazen esateko Behobiara joan nintzela, eta han zegoen Andoni Maialenekin. Uste dut egun horretan Urepelera joan ginela hirurok.•
Bat-bateko gertaera
Loidisaletxek kontatua
Saioa Hernaniko Galarretan genuen, jende askorekin. Gaia jarri zieten Egañari eta Unai Agirreri. “Zuek gaua ilargian pasatu behar duzue. Ilargira joan zarete eta zu, Egaña, denbora aurrera doan heinean, gero eta beldurtiago zaude, eta zu, berriz, Unai, lasai”. Ez dakit zenbatgarren bertsoan izango zen, baina oker ez banago Egaña bigarren puntua kantatzen ari zela, komunera joan eta bueltan zetorren emakume bat, harmailetan behera eskaileretan es-
tropezu egin eta, buruz aurrera erori zen eta beheko sarearen kontra geratu zen. Egañari denbora eman zion gertaera hori kantatzen ari zen bertsoan sartzeko, aurretik etorriko zela baleki bezalaxe. Gutxi gorabehera esan zuen mamu bat ikusi zuela tximista bezala bere aurretik igarotzen eta bera etxera zihoala. Saioren ondoren komentatu zioten ondo jakin zuela baliatzen emakumearen erorketa, eta horrelako gertaerak berez etortzen ez badira sorrarazi egin beharko genituzkeela erantzun zuen Egañak.•
Eskua
Sarasuak kontatua Orain gogoratzen hasita esango nuke Lizardi bana geneukala saihetsen artean Andonik eta biok, bere fordfiesta gorrian saioetara bidean
bertsolaritzaren norabideaz jarduten genuen
sasoian. Poesiaren formaz bezala ‘euzkel egunkaria’ egiteko proiektuaren aurrekontuaz arduratzen zen idazle gerente harena moduko hartxo bat, nork bere erara. Bata mutiko bizargabea zen kanpo-itxuraz, eta bestea gizon ezkonberria, baina konexioa gero eta voltaje handiagokoa.
Denborarekin, elkarri gauza handirik frogatu beharrik ez genuen, baina, tarteka, gustatuko zitzaigun bestea apur bat liluratzea. Arrisku desaxolaren plazera zen partekatzen genuen jolasetako bat, eta, adibidez, gidabaimenik gabe urteak egin zituen Andonik; ez dut gogoan galdua edo iraungia zuen. Gauerdi batez, Iruñean saioa eginda, etxeratzeko, sartu gara haren kotxean. Hark gidabaimenik ez, noski. Eta gaueko ordu txikitan, zarauztarrak norabide debekatua hartu Iruñeko alde zaharrean. Parean tokatu behar, eta gelditu gaitu udaltzainak.
—El permiso de conducir, por favor.
Andonik, segundo hamarren batzuetan, eskua sakelara eraman du, gidabaimena ateratzera balihoa bezala, eta bitartean bestelako gauzekin okupatu ditu udaltzainaren neuronak:
—Somosbertsolarisyhemostenidounaactuaciónenelayuntamiento,senoshahechomuytardeynoconocemospamplonayjodéestamosbastanteperdidos,¿puedesdecirnoscuáleslaformadesalirdelaparteantiguahaciasansebastian?
Udaltzainak, galderari helduta, azalpen guztiak eman dizkigu besoa luzatuta. Adeitsu eskertu du Andonik. Barkatu dio kontrako norabidearena eta, batez ere, ahaztu zaio gidabaimena eskatu ziola.
Bagoaz. Jokaldiaren xehetasunak azaldu dizkit, batzuetan bertso saioko uneekin egin ohi duen moduan. Badaki gaur kantatu dituen bertsoak baino gehiago baloratu dudala gertatu berri dena. Udaltzaina mareatzen saiatzea beste batzuek ere egingo genuen, baina xehetasun batek agertzen du zarauztarraren abantaila bertsogintzako konpromiso konplikatuetan: eskua sakelara eraman du.•
Andonik ere hanka sartzen du
Muruak kontatua Behin, Abaltzisketan, saioa egin genuen eguraldi petral samarrarekin eta, jendea urruti samar geratu zelako edo beste arrazoiren batengatik, ez zen behar bezalako girorik sortu, eta Andoni ez zen oso konforme jaitsi oholtzatik. Emakume batek galdetu zion ea zer moduz Saioa, eta Andoni hasi zitzaion kontatzen hotz samarra atera zela, eguraldiak ere izan zuela errua eta horrelako aitzakiak ematen. Eta emakumeak adierazi zion Elisa bere emaztearen laguna zela eta alaba Saioagatik galdetu ziola. Andoni hanka sartze bat egiten ikusi dudan aldi bakarra izan dela uste dut.•
Andoniren lehen aldiak
Euzkitzek kontatua
Egaña baino bost urte gazteagoa izan arren, hilabete batzuk lehenago plazaratu nintzen. Aldizkari honetarako bizipen zaharrak berritzen ari naizen honetan, konturatu naiz Andoniren lehen aldi askoren lekuko izan naizela, ohore eta zori on hori egokitu zaidala: oholtzakide ginen Lizardi sariko lehen saioan, Txapelketa Nagusiko estreinaldian, baita lehen txapela irabazi zuenean ere.
Zarauzko Euskal Jai batean Andoniren kuadrillakoekin ibili nintzen eta Ezkertokira bildu gintuzten afaltzera. Ostatuak lehengo lekuan jarraitzen du, baina izena eta giroa ez dira lehengoak. Gu ere ez.
Bertsotan beste inon esan ez genitzakeenak esan genituen. 1999ko inauteetan Eratsunen izan ginen biok. Lepoko zainak lehertu beharrean kantatzen dituzte Ardoaren bentajak izeneko bertsoak. Guk neurrian edan genuen, errepiderako abantailarik ez izaki. Goizaldean begiratu du norbaitek leihotik eta, “hi, dena zurittue zeok!”. Ederki ezarrita zegoen elurra. Denek esan ziguten Doneztebetik barna etxeratu beharko genuela. Baietz esan genien, baina kasurik egin ez. Kotxe berri samarra nuen, lau gurpilek lan egiten ziotena, eta elurretarako zirrikak jarriak. “Gaur probatu behar diagu!”, esan nion Andoniri. Bai probatu
ere. Basakabitik barna egin genuen itzulera. Leitzara heltzean telefono dei bat jaso nuen. Ez ziren deitzeko ordu normalak, baina ezta nire egoera emozionala ere. Orduan erakutsi zidan Andonik esaten eta entzuten ez ezik egoten ere badakiela.•
Andoni lanera joan ez zen eguna
Peñak kontatua Behin, Bizkaiko herri batean sekulako parranda egin genuen Andoni Egañak eta biok.
Igandea zen, eta, biharamunean, lanera joan behar. Andoni Gasteizko Udaletxean zebilen orduan.
—Nola ote dago gure Andoni? Zer koraje ote du? –galdetzen nion neure buruari eta deitzea erabaki nuen. Deitu nuen udaletxera, galdetu nuen Andonigatik, pasatu zuten denbora pixka bat eta bere lankideren bati pasatu zioten telefonoa, eta ez zela etorri esan zidan. —Hoy no ha venido. Está indispuesto –izan zen eman zidan esplikazioa.
Hurrena ikusi nuenean galdetu nion zer moduz pasatu zuen biharamunean eta goizean larri ibili zela, baina egunak aurrera egin ahala moldatzen joan zela erantzun zidan.
Ni isilik egon nintzen tarte batez. Baina, ondoren, egun horretan piper egin zuela esan nion, galdetu nuela Udaletxean eta ez zela lanera joan esan zidatela.
—Hi haiz txitxi-burruntzi alua –esaten zidan.•
Etxera joatea ahaztu
Lizasok kontatua Andoni puntuala da bertsotara doanean, baina
beste gauza batzuetarako ez. Behin, abuztuan, Zubietan kantatu eta Andoniri ahaztu egin zitzaion biharamunean familiakoekin eta lagun batzuekin oporretara joan behar zuela. Ama Birjin bigarrena edo hirugarrena zen. Kuadrilla batekin gelditu ginen afaltzen, eta etxera etortzea ahaztu zitzaigun. Etxera iritsi omen zen eta andrea, umeak, lagunak, gurasoak eta ertzainak, denak zituen zain, istripuren bat izana izango zuela pentsatzen baitzuten. Orain, urteekin, etxerako gogoa sartzen zaigu askotan, baina lehen ahaztu egiten zitzaigun etxera etortzea.•
Errepide bazterreko loak
Telleriak kontatua Ni beti lo faltan ibiltzen nintzen garai hartan, goizeko seietarako lanera joan behar izaten nuelako. Amaiurren izan ginen gaueko bertso afari batean Sebastian, Egaña, Murua eta ni. Amaiurtik abiatu ginen ezordutan eta Sebastian eta Murua han gelditu ziren, biharamunean Senperen kantatu behar zutelako, eta Andoni eta biok etorri egin ginen, guk ere hemen bertso saio bat genuelako. Behobia aldera arte elkarri galderak eginez etorri ginen, erdi esna, eta handik banatu ginelarik, bakoitzak ahal zuen moduan ibili ginen. Ni Villabonako Martin Musika Etxearen atzean gelditu nintzen, lo kuluxka bat egiteko, eta udaltzain batek es-
natu ninduen kristalean kolpeak joz. Ezagutu egin ninduen eta esan zidan:
—Zer egiten dek hemen? —Jota nengoan eta lotan gelditu nauk.
Eta hurrengo egunean bertsotara joateko elkartu ginenean Andonik galdetu zidan: —Millan, etxera noiz iritsi haiz?
—Zer ba, zergatik galdetzen didak hori? —Neronek ere ez zekiat non ibili naizen. Gelditu ninduan lo kuluxka bat egiteko eta goizeko hamarretan iritsi nauk etxera. —Ba, nik ere antzekoa egin nian ba. —Zer egin dek? Zer egin dek?
Horrela eta horrela, Musika Etxearen atzean kuluxka bat egiteko gelditu nintzela eta zer gertatu zitzaidan kontatu nion.
Andonik esaten zuen egunez noiznahi egiten zuela lo. Horrek beharbada, egunez lo egiteko aukerak, erraztasun gehiago emango zion martxa hori aguantatzeko, baina egiten genituen ibilerak ez ziren parte onekoak izaten.•
Lizasok kontatua
Herri Urrats batean, Beratik gora Lizuniagako gainean, kontrola jarri zuten guardia zibilek. Andoni gelditu zuten.
—Abra usted el maletero! —agindu zioten. Maleteroan, goizean plaierotan jokatu eta bustitako arropak omen zituen. Eta Andonik berak jakinaren gainean jarri omen zuen guardia zibila, oso zikina zuelako maleteroa, eta itxi zuenean esan omen zion: —Tenía usted razón, esto parece un estercolero.
Horrela bukatu omen zuen kontrola. Baina, ondoren, kotxea arrankatu ezin. Sekulako kotxe erreskadak sortu omen ziren, eta guardia zibilak atzetik
bultzaka zituela igo omen zuten kotxea Lizuniagako kaskoraino. Eta goitik behera arrankatu zuen.•
Sehaska hutsari kontuak esaten
Muruak kontatua Bertsolari gehienoi saiotik bueltan etxera etorri eta lo hartzea izugarri kostatzen zaigu eta, nik behintzat, etxera iristean telebista pizteko ohitura nuen, nahiz eta goizeko lau-
rak izan. Igual Baztango herrixka batean kantatzen zenuen, iristen zinen etxera eta burua apaltzeko modu bat izaten zen hori. Askotan, ez zenion telebistako programari arreta handirik jarriko, baina lasaitzen laguntzen zuen. Gogoan dut, behin, Argia-rako artikulu bat atera nuela telebistari horrela goiz aldera begira nengoela, ez zela alegia beti alferrikakoa izaten. Kontua da telebistari begira lasaitu, joaten ginela ohera eta, hiru bat ordu lo egin orduko, hasten zirela umeak ate zirriztutik begira, ea noiz esnatzen nintzen, eta, umeak txikiak ziren garai horretan, gainera salto egiteko ohitura zutela eta minik gehien hartzen zenuen leku haietantxe zapaltzen zizutela hankekin.
Nik ez dakit Egañak telebista ikusteko ohiturarik bazuen edo ez, baina berak kontatuta dakit behin iritsi zela etxera, gerturatu zela sehaskara eta ari zitzaiola umeari kontuak egiten eta Elisak deitu ziola ez izateko baboa, umea ohean berarekin zeukalako.•